Azarotik 500 salaketa inguru jaso ditu sexu erasoen berri emateko Instagramen zabaldutako kontuak. Ez da gutxi. Testigantza batzuk antzina erabilitako bortxari loturik daude; beste batzuk, ostera, berriak ditugu. Ekimena tresna egokia da isilean pairatutakoa jendaurrean plazaratzeko. Kontu batek eman dit arreta, ordea: emakume euskaldunek ez dute sexu erasorik jasaten? Bai, noski. Hainbat lagunek idatzi dute kontuan, askok euskaraz. Eskerrak. Hala ere, deigarria da erasoak jasandako andrazkoak beren kasua kontatzera bultzatzeko egin duten hizkuntza hautua.
Izan ere, txorakeria izan daiteke, eta baliteke jende askok horixe pentsatzea, baina zer esatea nahi duzue. Niri neuri @denuncias_euskalherria erabiltzailearen izenak, bere horretan, belarriko mina eragiten dit. Lehenengoz irakurri nuenean arrotz suertatu zitzaidan. Ez dakit bakarra izango ote naizen, baina hala gertatzen zait oraindik ere. Kontuak @denuncias_euskadi edo @denuncias_paísvasco izena izan balu, tira. Baina @denuncias_euskalherria, Euskal Herria euskararen herria (omen) denean…
Zergatik ez salaketak idatzi? Ulergarritasuna, antza. Nork konprenituko luke? Soilik euskaldun jendeak. Hitz hori aditzen ez dutenek ez dute erasoak salatzeko, beren ahotsa entzunarazteko eskubiderik? Bai, dudarik ez. Alta, denuncias hitza beste biderik ez zegoen? Inori ez zitzaion beste izen bat bururatu?
Kontua euskara hutsez zabalduz gero, salaketak hitza erabilita, zenbait emakumek ulertu ez eta bere kasuaren berri emango ez luketela esango dute. Edo, okerrago, izena euskaraz ikusteak atzera eginaraziko liekeela. Ordea, txanponak badu beste alde bat, kasu! denuncias irakurtzeak ez al dio norbaiti toki horretan idazteko gogoa kendu edo, besterik gabe, inertziaz, testigantza erdaraz ematera bideratu? Mezu ugari bildu dituzte euskaraz, bai, baina horrek ez dio kezkari oinarririk kentzen.
Halakoetan badakigu zer ateratzen den galtzaile: euskara. Erasoak salatzeko gunea ireki eta hara! Euskararen normalizazioari erasotzen diogu
Kontuari @salaketak_euskalherria izena ipintzea gehiegizkoa bada, bada beste modu bat, aise ulertzen dena. Ez da Peru Abarka izan behar denuntzia euskal hitza dela jakiteko. Orotariko Euskal Hiztegian ageri da: denuntzia. Denuncia. Denuntzia eman. Denunciar.«Salatu egin dute, denuntzia eman dute». Denuntzia sartu. Denunciar. Denunzia sartu dot Konzejura amengo ur zikiñen gaittik, he puesto denuncia al Ayuntamiento. Beraz, bazegoen euskal hitz bat aukeratzeko modurik. Ez da horrela izan, baina.
Praktikotasuna. Erraztasuna. Horiek izan bide dira denuncias-en aldeko arrazoiak. Gero ez gaitezen kexatu beste batzuek, euskararekin lotura edo atxikimendu handirik ez dutenek, erdaraz bizi direnek eta erdara maite eta bere dutenek, soilik erdaraz bataiatzen badute haien lana. Berdin dio Euskal Herria hitzari lekua ematen dioten edo ez. Ez dezagun protesta egin geure erakunde publikoek erdara hutsez idatzitako helbide elektroniko edo Instagrameko kontu bat zabaltzen badute herritarren zerbitzura.
Oso arin larrutzen dugu aurrekoa. Arinegi. Gutarrari, berriz, erraz barkatzen diogu. Errazegi. Edo beste aldera begiratzen dugu. Eskema zaharrekin funtzionatzen dugu oraindik. Zer esango genuke Eusko Jaurlaritzak antzeko ekimen bat abiarazi eta @denuncias_euskadi erabiltzaile izena asmatuko balu? Eta Nafarroako Gobernuak @denuncias_navarra kontua erabiliz gero? «Euskal Herrian euskaraz!». Denuncias horren bidez Euskal Herrian erdaraz ari gara hedatzen. Euskara gutxiesten. Betikoa, baina soilik besteek hala jokatzen dutenean konturatzen gara.
Hain zaila zen zorioneko elebitasunari heldu eta bi kontu irekitzea? Ez litzateke lehen aldia izango. @salaketak_euskalherria eta @denuncias_euskalherria, adibidez. Alferrik. Erdarazko komunikazioaren alde egiten dugu. Errazkeriaren alde. Eta halakoetan badakigu zer ateratzen den galtzaile: euskara. Erasoak salatzeko gunea ireki eta hara! euskararen normalizazioari erasotzen diogu. Euskara bortxatzen dugu, hori bai, modu garbi, aseptiko batez: praktikotasunaren kondoia jantziz.