Goiz-goizetik piketez bete ziren iazko azaroaren 30ean Euskal Herriko txokoak; ondoren, kontzentrazioak eta desobedientzia ariketak egin zituzten, eta, iluntzean, manifestazio jendetsuak. Denon Bizitzak Erdigunean plataformak zaintza eredu publiko eta komunitarioaren alde egindako aldarria ez zen oharkabean pasatu; eta hausnarketarako, elkarrizketarako eta negoziaziorako bidea ireki zuen. Ordea, aldaketa handirik ez dela izan ikusirik, urteurrenaren bezperan plataformak berriz ere interpelatu ditu Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, zaintzaren ardura hartzeko eskatuz: «Pilota zuen eskuetan dago, hartu ardura!». Hortaz, urte bat geroago, bihar ere zaintza sistema publiko eta komunitarioa eskatzeko dei egin dute.
Nafarroako Jauregiaren eta Lehendakaritzaren aitzinean egin dute ekintza: Maria Txibiteren eta Imanol Pradalesen irudi bana jarri dute bietan, zaintzaren pilota eskuetan dutela irudikatuta. Ohar bidez egin dituzte adierazpenak: «Urtebete pasatu da mahai instituzionala eskatu genienetik. Urtebete erantzunik gabe. Urtebete pilota zuen teilatuetan».
Katia Reimberg Bidez Bide elkarteko kidea da, zeina, aldi berean, Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren barnean dagoen. Urtebetean zaintzaren alorrean eman diren aurrerapausoez galdetuta, adierazi du egoera «etsigarria» dela, erakundeek egindako lanari erreferentzia eginez. «Negoziazioak geldirik daude; ez dute saiakerarik egin guregana hurbiltzeko, komunikazio bide bat eratzeko», erran du.
Are, salatu du erakundeek «paso egiten» dutela, ez dituztela aintzat hartzen plataformaren eskaerak , baina hasi direla plataformaren diskurtsoarekin lotutako «hitz polit batzuk» erabiltzen: «Zaintza ekosistemei buruz mintzatzen hasi dira, edo proiektu pilotuak egiten. Hau da, hitzetan diskurtso feminista bereganatu dute».
Halere, positibotzat jo du erakundeak interpelatuak sentitu izana, argi erakutsi dietelako «gaiaren gainean» daudela. Horrekin batera, hamabi hilabeteok barne lanketarako balio izan dutela dio: «Plataformaren barnean asko mugitu gara, taldeen artean loturak egin ditugu, eta elkarrizketarako espazioak ireki».
Iaz, emakume migratu eta arrazializatuen talde batzuek ez zuten bat egin grebarekin, erranez haiek ez zutela lanuztea egiteko eskubiderik, eta prozesutik kanporatuak sentitu zirela. Talde horien parte hartzeari buruz galdetuta, aitortu du ez dela gai erraza: «Helburu bera dugu denek, noski, baina zaila da lan horietan ari zarenean negoziazio lanetan hastea, edo prozesu honetan parte hartzea». Adierazi du talde bakoitzak «analisi politiko propioa» egiten duela gaiari buruz, eta plataforma irekita dagoela horiek guztiak barne hartzeko.
Pribatizazioa
Ildo horretatik, plataformak goizean zabaldutako oharrean adierazi du urtebete baino gehiago daramatela zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen, eta «zaintzarekin negozio egiten dutenak zuzenean interpelatzen». Izan ere, erran dutenez, Euskal Herriko «zaintza erregimena» ez zaie baliagarri, batez ere emakume migratu eta arrazializatuei: «Gobernuetan dauden alderdi neoliberal ultrakontserbadoreak, zaintza lanekin negozioa egin dute, eta negozioa egiten jarraitzen dute langileen zein erabiltzaileen bizkarrera».
Hego Euskal Herriko bi gobernuek zaintza zerbitzu publikoak «sistematikoki pribatizatu» dituztela salatu dute: «Enpresa lagunen eskuetan jartzeko, eta horietatik milioi askoko etekinak ateratzeko». Hori guztia «zaintzaren kalitate ezaren, eta langileen baldintzen kontura». Finean, bi gobernuek «zaintzaren erantzukizunari uko» egiten diotela uste dute. «Zaintza sistema publikoa eta komunitarioa aldarrikatzeko greba feminista egin genuenetik, arduradun politikoek ez dute zaintza eskubide kolektiboaren bueltan antolatutako mugimendu soziopolitikoa mintzaidetzat ere hartu», borobildu dute.
Neurri eraginkorrak
Halere, nabarmendu dute beraiek jarraituko dutela ardurak hartzeko exijitzen, neurri eraginkorrak eskatzen. «Bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoak eta urgentziazko egoerei berehalako eranzunak ematea behar dugu», aldarrikatu dute. Zehaztuta bizitzak erdigunean erraten dutenean, «guztien bizitzak sostengatzen dituzten jardueren kontrolaz eta demokratizazioaz» ari direla.
Are, sinetsita daude zaintza «erantzukizun kolektiboa» izan behar dela, eta, hortaz, gizonek ardura berezia dutela: «Ez zaintzeko pribilegiotik mugitu eta ardura kolektiboaren alde posizionatu. Pasibotasunak ez digu balio, eraldaketa emateko bidea orain eta hemen behar dugu».
Horregatik guztiagatik, bihar berriz ere kalera aterako direla iragarri dute: Euskal Herriko hainbat txokotan ekintza, manifestazio eta elkarretaratzeak antolatu baitituzte. Bilbon Zaintzaren Herria eginen dute, eta Gasteizen, kalejira bat. Iruñean, berriz, topaketa batzuk antolatuko dituzte, eta Donostian, elkarretaratze bat. Bertze eskualde batzuetan ere mobilizazioak eginen dituzte. «Zaintza sistema publikoaren alde, zaintza sektoreko langileen lan baldintza duinen alde, eta denon bizitza duinen alde», borobildu dute.