«Denok dugu eskua nori eman»

Berbertan ekitaldian, Ariztondok esan du adiskidetzea dela herritar guztien erronka nagusia

Zupiria eta Ariztondo, atzo, Durangon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Durango
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bere bizitzari begiratu bat egin dio Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatu eta EAJren EBBko idazkari ohiak Durangon. Ordubete pasatxo aritu da Bingen Zupiria kazetariaren galderei jendaurrean erantzuten, Plateruena kafe antzokiak politikariekin antolatutako Berbertan elkarrizketa sortatik lehenengoan. Politikari buruz ez da luzaro aritu, baina ETAk indarkeria betiko amaitzeko erabakia hartu ondoren, aurrera begirako erronka nagusiak non ikusten dituen azaldu du. Denen lana beharko dela nabarmendu du; Euskal Herriko alderdi politiko guztiena eta herritar guztiena.

Adiskidetzea du Ariztondok «lehentasunen mapan» nagusietakotzat dituen bi erronketatik bat, Euskal Herriari dagokion egiteko nagusia. «Adiskidetzeko bidea egin beharko da, eta hori guzti-guztion artean egin beharko da. Gorroto handia pilatu da, kalte asko eragin da, biktimak daude, eta biktimak eragin dituztenak. Euskal Herrian denon artean ebatzi beharreko kontua izango da». «Adiskidetzeak adostasun osoa eskatzen du; denon beharra dago, denok dugulako norekin adiskidetu, eskua nori eman».

Aurrera egiteko beste bide bat «Madrilen» kokatu diputatuak: «estatuaren eta indarkeria utzi duen erakunde armatuaren artean lan egin beharko dute presoei buruz, gizarteratzeari buruz...».

Bozak, urtea amaitu aurretik

2013ko udaberrian egitea egokitzen diren hauteskundeei buruz, aurreratu egingo diren ustea plazaratu du. Ariztondoren hitzetan, egoera ekonomiko txarra du aurrean Eusko Jaurlaritzak, eta Patxi Lopezen taldea ez da egoerari aurre egiteko gai. Aurtengo aurrekontuak beteta ikusiko diren zalantza du EAJko politikariak, eta 2013koak «bi hilabeterako onartzeak» ez lukeela zentzurik izango dio. «Jaurlaritzak ez du hartu beharreko erabakiak hartzeko tentsiorik, eta uste dut aurreratu egingo dituela hauteskundeak; urtea amaitu aurretik izango direla».

Gainontzean, Zupiriak «emakume indartsu bizkaitar» gisa definitu duenak bere 63 urteko ibilbidean bizitakoak kontatu ditu; pasarte politiko zein pertsonalak. 2007ko udal hauteskundeetan ezker abertzalea debekatu ondoren Ondarroako kudeaketa batzordean parte hartu izanak ekarri dizkionak gogoratu ditu, esaterako: «Faktura pasa dit maila pertsonalean, eta nahi nuke ez izatea betiko. Politikoki ere pasatu zigun faktura; boto gutxiago ditugu orain Ondarroan».

Hurrengo asteazkenean Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak ezker abertzaleko Pernando Barrena elkarrizketatuko du (20:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.