Irungo Alardea

Denis Itxasok harrera egin dio alarde parekideari

Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusi Denis Itxasok eman dio hiriko bandera alarde parekideari; Jose Antonio Santano alkateak (PSE-EE) ez du halakorik egin. Arratsaldean, alarde parekideak Ertzaintzak babestuta egin du Kale Nagusiko zatia.  ¡ Gora San Martzial! ¡ Gora Alarde PAREKIDEA! pic.twitter.com/5TRFTmoDy4 — Jaizkibel Konpainia (@Jaizkibel6) 2016(e)ko ekainak 30

arantxa iraola
2016ko ekainaren 30a
07:25
Entzun

Irungo PSE-EEk ez du aldatu jarrera, eta Jose Antonio Santano alkateak ez dio harrerarik egin goizean Irungo alarde parekideari. Denis Itxaso Kultura diputatu eta jarduneko ahaldun nagusiak (PSE-EE) bai. Hark eman dio alarde parekideari hiriko bandera, baina ez ditu gustura utzi herritar guztiak: "Zu ez zara Irungo alkatea. Non dago Santano?", entzun behar izan du. Nolanahi ere, emakumezko soldadu batek bandera jaso duenean, txalo zaparrada handia izan da. Arratsaldeko desfilea izaten da, hala ere, une gatazkatsuena alarde parekidearentzat.

Itxasok berak badaki gatazkatsua dela gaia, eta komunikabideen aurrean ez du adierazpenik egin; oharra kaleratuko duela jakinarazi du. "Ongi neurtu nahi ditut hitzak, uler ezazue", esan du. "Gakoa berdintasuna eta festa giroko elkarbizitza uztartzea da", esan du komunikabideetara igorritako audio batean. "Azpimarratzeko modukoak dira azken urteetan eman diren pausoak tolerantzia eta berdintasuna sustatze aldera, eta nahiko agerikoa da konfrontazioak, zorionez, behera egin duela". Nolanahi ere, egiteko asko dagoela gaineratu du.

Irungo udaletxeko balkoian izan dira Izaskun Landaida Emakundeko burua eta Manu Lezertua arartekoa ere.

Arratsaldean ere txaloak nagusi

Arratsaldeko desfilea, eguneko bigarrena, izan ohi da gatazkatsuena alarde parekidearentzat. Aurreko urteetan bezala, aurten ere jendez gainezka zegoen Kale Nagusia 19:00ak jotzerako. Bertan zen Ertzaintza ere, urtero moduan, istilurik gerta ez zedin. "Arazodun puntu bakarra izaten da Kale Nagusia", nabarmendu du Inma Larrea jeneralak.

Ez da, ordea, istilu larririk izan. Ertzain artean egin dute bidea alarde parekideko kideek. Txalo eta irrintziak nagusi direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.