Duela bost urte Miarritzen (Lapurdi) itzulerarako hautua agertu ondotik adierazpen batekin, 150 bat iheslari eta deportatu bueltatu dira sorterrira, baina oraindik, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren datuen arabera, hamalau deportatu falta dira etortzeko, eta iheslariak 65-70 dira. Guztiak ere sorterrian nahi dituzte, eta badaude aukerak, Xabier Miguel Ezkerra iheslari ohiak (Usurbil, Gipuzkoa, 1954) dioenez: «Espainiako Estatuaren neurri batzuekin, %90 bueltatzeko moduan egongo lirateke».
Bost eskaera dauzkate: Auzitegi Nazionalak euskal iheslarien eta deportatuen egoera juridikoaren berri ematea abokatuei —auzitegitik esaten dietena da itzul daitezela eta ikusiko dela gero; «torturekin kutsatuta» daudenauziak bertan behera uztea; preskripzioaren kontaketa «mendekuaren eta errepresioaren» irizpideekin ez egitea; «oinarri juridikorik eta legalik» ez duten deportazioak amaitzea; eta adina eta osasuna aintzat hartzea. Jokin Aranalde iheslari izandakoak (Gaztelu, Gipuzkoa, 1946) dio nahikoa litzatekeela Madrilek «borondatea» edukitzea: «Espetxe politika aldatuko dutela esan du Pedro Sanchezek. Beraz, iheslariekin eta deportatuekin erealdatu egin beharko luke.Ez da akordiorik behar bost neurri horiek gauzatzeko».
Beste askoren moduan, Ezkerra eta Aranalde 2014an bueltatu ziren. Aurrenak 1975ean alde egin zuen Usurbildik. 1986an atzeman zuten, ETArekin lotuta, eta Lillen (Frantzia) eduki zuten asignazioan. «Erbestea kalamitate gisa hartzen bada, gogorra da. Horrela ez dela pentsatzeak arindu bakarrik egiten du. Nik Lillen ez nuen amore eman, eta oso esperientzia aberatsa izan zen». Baina, erabaki kolektibo baten bitartez, Ipar Euskal Herrira bueltatu zen 1995ean. EIPKren «oinarriak desagertuta» aurkitu zituztela dio, errefuxiatuak ez zeudela kalean, eta mugimendu hori «altxatzen» hasi ziren. Ezker abertzaleak estrategia aldatu ostean argitaratu zuen EIPK-k bere adierazpena, 2013an, aurreko bi urteetan, Ezkerrak nabarmentzen duenez, han eta hemen lan asko eginda, besteak beste iheslari ugariren arrastorik ez zutelako. 2014ko apirilean itzuli zen Usurbilera; gaur-gaurkoz, Ziburu (Lapurdi) eta bien artean ibiltzen da.
Aranalde ere duela hiru urte bueltatu zen sorterrira, baina bestela. 2002an atxilotu zuten, ETArekin zerikusia zuelakoan, baina baldintzapean aske utzi zuten. Uste zuen berriro atzetik zeuzkala poliziak, eta, «mentalki eta fisikoki gai» ez zuenez ikusten bere burua «torturak berriro» jasateko moduan, Ipar Euskal Herrira joan zen. Saiatu zen bizimodu normala egiten, «baina iheslariak beti du ezpata lepoan, eta ez dauka inolako egonkortasunik. Gainera, garai haietan Poliziak iheslari bat bahitu zuen Iparraldean, eta Jon Anza hilda azaldu zen». Euroagindu eskaera baten ondorioz, Frantziak Espainiaratu egin zuen 2014an. Soto del Real espetxean sartu zuten, baina baldintzapean kalean geratu zen azkar, eta etxera itzuli zen. Hilabete batzuetara artxibatu zuten haren auzia.
Lan isila
Iheslarien kolektiboak erabaki zuen itzuliko zirenak ustez seguru itzultzea, arrisku judizialik ez zutela iritzita. Ezkerra: «ETAk jarduera armatua bukatutzat emana bazuen ere, 2012an jada garbi ikusten zen Espainiako Estatuak ez zuela beteko Aieteko bide orria, eta prozesu osoa suntsitu nahi zuela. Guk kontrakoa nahi genuenez, itzultzea erabaki genuen, konponbiderako pauso modura, baina itzuli ginenok ez genuen judizialki ezer Espainian; ez genuen nahi estatuak kontrakoa elikatzea, atxiloketekin eta». Miarritzeko adierazpena 2013koa da, baina iheslariak ia urtebetera hasi ziren bueltatzen, nahiago izan zutelako aurretik EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak barne eztabaida bukatu eta adierazpena plazaratzea (2013-12-28). Isilean aritu ziren pasaportea ateratzen, Europan legelari batzuekin lan egiten eta beste, «modu eraginkorrean betiere».
Gehienak 2014an eta 2015ean bueltatu ziren, eta Ezkerrak eta Aranaldek esan dute prozesua ondo joan zela. Baina erantsi dute horrekin ez zutela guztia konpondua, askok «arazo latzak» izan ohi dituztelako itzultzean: jada familiarik ez izateagatik edota erretiroa kobratzeko eragozpenak izateagatik. «Horrek denak higatu egiten zaitu», dio Ezkerrak. «Miarritzeko ekarpeneko bigarren ardatzean gizartera eta erakundeetara begirako eskakizunak jarri genituen: laguntza sozialak, iheslariek eta deportatuek etxera itzultzean gutxieneko batzuk izateko».
Aranalderen esanetan, gatazka politiko bat dagoela aitortu, eta «trantsizioko egoera batean legedia modu positiboan erabili behar da». Adibidez, ohartarazi du deportatu batzuei orain 30 urteko zigorra ezarri nahi dietela. «Gogorra da hori, eta, gainera, ezin da ahaztu 30 urteotan deportatuak linbo batean bizi direla».
Bihar Orion (Gipuzkoa) iheslaririk eta deportaturik gabeko Euskal Herria aldarrikatuko dute, Kalera Kalera dinamikak Oriako jaitsiera antolatuta. Aranalde: «Agendan kokatzeko indar guztia egingo dugu». 12:00etan ekingo diote jaitsierari, Orio arraunelkartetik pare bat kilometrora. 13:00etan harrera izango da, portu ondoko zubian, eta 13:30ean ekitaldi politikoa, plazan. Gero, parrilla jana, hantxe bertan.
Gatazkaren ondorioak. Euskal iheslariak eta deportatuak
Denen bueltarako borondatea
Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria aldarrikatuko dute bihar Orion. Neurri batzuk eskatzen dizkiote Madrili, eta laguntza sozialetarako deia egin diote gizarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu