Bairbre de Brun. Sinn Feineko eurodiputatua

«Denek eman beharko dituzte pausoak, egiazko aldaketa nahi badute»

Bairbre de Brunek, Sinn Feineko Europako legebiltzarkide eta Friendshipeko kideak, ez dauka dudarik balizko bake prozesu baten sekretua eragile guztien parte-hartzean dagoela

Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian izan da egun hauetan Bairbre de Brun, Sinn Feineko Europako legebiltzarkidea (1954, Ipar Irlanda). Alex Maskey alderdikide eta Ipar Irlandako legebiltzarkidearekin batera, hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialekin bildu dira, egungo egoera bertatik bertara ezagutzeko eta Ipar Irlandako gatazka konpontzen izan duten esperientzia partekatzeko. De Brunek argi utzi nahi izan du ez dela inori zer egin behar den esatera etorri, baizik eta «egoera berrian» itxaropena zabaltzen laguntzera.

Zer iruditzen zaizu ezker abertzaleak hartu duen bidea?

Oso baikor nago etorkizunari begira, eta gatazkako alde guztiei eskatu nahi nieke baikortasunez erantzuteko, bake prozesu baten aukera hor dagoelako.

Babesa eman baino gehiago egiten ahal du nazioarteak?

Nazioarteak mugimendua abiatzeko animoak eman behar ditu, eta gauzak erraztu. Baina hemengo jendeak erabaki behar du. Garai hau oso garrantzitsua da, eztabaidarako eta mobilizaziorako garaia izanen delako. Gizarteak argi esan behar du konponbidearen parte izan nahi duela, eta ez utzi dena politikarien esku. Eztabaidan parte hartu behar du, eta prozesu baten aldeko urratsak nahi dituela esan. Nazioarteak horri ezin dio erantzun.

Garai hori nola pasatu zen Ipar Irlandan? Jendeak parte hartu zuen?

Bai. Oso argi erakutsi zuen bake prozesu bat nahi zuela. Kalera atera zen, baina denbora berean bilera txikietan parte hartu zuen auzoetan, emakume, hizkuntza eta gazteriaren gaiak jorratuz. Bat egin zuen hausnartzeko zer aukera zeuden. Jakin nahi zuen gauzak aurrera ote zihoazen. Iritzia eman nahi zuen beste gizarte bat eraikitzeko lan horretan. Oso baliagarria izan zen.

Ipar Irlandan nola lagundu zuen nazioarteak?

Lagundu zuen animoak emanez eta baikortasunari lehentasuna emanez bake prozesuak aurrera egin zezan. Batez ere Hegoafrikako ANCk egin zituen ahalak alde guztiek bat egiteko, baina baita beste hainbat eragile politikok ere. Eskarmentua ekarri ziguten. Europako Batasunak programa berezi bat sortu zuen bakearen eta adiskidetzearen alde. AEBek tresna asko sortu zituzten eragile politikoak biltzeko. Hainbat aurpegi ezagunek negoziazio prozesuan berean parte hartu zuten, lagunduz alde baten edo bestearen oztopoen gainditzeko. Fase bakoitzari egokitzen jakin zuen.

Friendshipekin gatazka konpontzearen alde gehiago egiteko eskatu diozue Europako Parlamentuari. Zer espero duzue?

Oro har, Europako erakundeek gai izan beharko lukete hasiera batean gauzak nola doazen jarraitzeko, adierazpenei, aukerei eta egoera berriari alde guztiek nola erantzuten dieten jakiteko. Euskal herritarrentzat eta Espainiarentzat oso garai garrantzitsua da honako hau. Duela urte batzuk Europako Parlamentuaren ebazpenak izan zuen oihartzuna bezala, Europako erakundeek sinesgarritasuna eman dezakete. Hemen alde guztiek eman beharko dituzte pausoak benetako aldaketa nahi badute.

2006an Europako Parlamentuak negoziazio babestuz hartu zuen ebazpena posible litzateke egun?

Europako Parlamentuak bere garaian hartutako ebazpenak bere horretan jarraitzen du. Aldekoak eta kontrakoak daude. Hala ere, 2006tik badaude gauzak ikasi beharrekoak, baina ezin da garai hartatik gauza askorik espero. Gauzak eraiki egin behar dira, berrosatu eta oinarri bat sortu. Aukera oso interesgarri bat daukagu, baina gauzak sendotu behar dira eta adostu politikarien artean, baina baita eragile politikoen artean eta nazioartetik lagundu nahi duten jendeen artean ere. Orduan beste gauza batzuei buruz hitz egiten ahalko dugu. Gauzak ez dira automatikoki eginen. Denbora beharko da. Urratsak banan-banan egin behar dira, eta jende guztiak egin behar ditu eraginkorra izateko.

Egun zer giro dago gai horren inguruan Europako Parlamentuan?

Nahasketa bat da. Friendship hor dago. Diputatu batzuk itxaropentsu daude, eta lan egiteko prest. Beste batzuk, berriz, 2006ko esperientziak erre zituen, eta kezkati daude. Denbora beharko dute. Europako Parlamentua ez dago kolore bakar batez osatua. Baina Friendshipekoak oso itxaropentsu gaude azken hamabost hilabete hauetan urratsak egin direlako. Zuhurtasunez jokatu nahi dugu, baina benetan sinesten dugu aukera indartsu bat daukagula. Eta nire aldetik erran nezake benetako nahia sumatzen dudala. Jendeari esan behar zaio: «Ez iezaiozue aukerari ihes egiten utz! Ez utzi zuhurtasun gehiegigatik aukera galtzen!». Politikariek eta herritarrek prozesuaren alde egin behar dute.

Bruselako Adierazpenean nazioarteak ETAren su-etena berretsi ahal izateko modua eskatu zuten. Nazioarteak nola egin dezake?

Ez dut uste egunkari batean aipatu beharreko gai bat denik. Irlandan, hainbat neurri hartu ziren, eta horien emaitzak jakinarazi ziren. Baina zehaztasunak ez zituzten plazaratu.

Zein izan beharko litzateke hurrengo urratsa bake prozesu baten alde?

Izan ditudan solasaldiak kontuan hartuta, ez dut uste jendea urrats zehatz batzuen zain dagoenik eta pentsatzen duenik gauza bat gertatzen ez den bitartean beste hori ezin denik egin. Oinarrizkoa da egoeraren irakurketa bateratu batera iristea, nahiz eta gauza batzuk ezberdinak izan. Ezin gara kanpotik etorri zer egin behar den esatera. Baina beste kasu batzuetan emaitzak izan dituzten urratsak konta ditzakegu, baita gatazkak beste era batera konpontzearen eta arriskuak hartzearen onurak ere. Arazoak gainditu behar dira aitzakia gisa erabili ordez. Gobernu, eragile eta politikari bakoitzak bere buruari galdetu behar dio zer urrats egin dezakeen aukera sendotzeko.

Arnaldo Otegi askatzeak balizko bake prozesu bat lagunduko luke?

Argi dago guztiz konprometituta dagoela bake prozesu bat eraikitzeko. Itzal handiko pertsona da, eta Espainiako Gobernuak berak irabaziko luke hura kanpoan egonda hitz egin eta eztabaidatu ahal izateko.

Adierazi EH mugimenduarekin egon zara egun hauetan. Duela bi aste Espainiako Auzitegi Nazionalak haren manifestazioa debekatu zuen. Zer diozu jarrera horri buruz?

Egungo egoeran, zaila egin zait egoera ulertzea, kontuan hartuta eragile bakoitzak hausnartu behar duela zer egin dezakeen balizko bake prozesu baten alde. Niretzat, kalean eskubideak aldarrikatzea izan daiteke keinu horietariko bat. Bake prozesu bat nahi bada, ezinbestekoa da jendeak kalean bat egitea, baita eztabaidatzea ere. Gure kasuan, adibidez, gisa horretako manifestazioak lagungarriak izan ziren. Jendea egoeraren garrantziaz konturatzeko balio izan zuten.

Irlandan IRAk su-etena iragarri eta gero, nola jokatu zuen justiziak eta Erresuma Batuko Gobernuak?

Aitortu behar da akats asko egin zirela. IRAren su-etenari emandako lehen erantzuna ez zen izan izan behar zuena. Aurrera egin ahal izateko, behar baino urte gehiago behar izan ziren. Su-etena 1994ko abuztuaren 31n iragarri zuten, baina 1997ra arte ez zen negoziazio barneratzailerik izan. Hasierako jarrera baikorragoa izan balitz, bake prozesuak azkarrago eginen zuen aurrera.

Ipar Irlandaren kasuan, oposizioan ziren kontserbadoreek ez zuten inoiz gatazka erabili Laboristen aurka egiteko Erresuma Batuko Gobernuan. Espainiako alderdiek jarrera hori eredu hartu beharko lukete?

Dagoeneko jendaurrean esan dut. PPk 2006ko prozesuaren zailtasunak erabili zituen PSOEren aurka egiteko, eta ez dut uste lagungarria izan zenik. Baina argi utzi nahi dut. Ez nago hemen jendeari esateko zer gertatu beharko litzatekeen. Ez da hemengo alde bakar bat kritikatzeko edo zer egin behar duen esateko garaia, baizik eta animoak emateko norberak bere burua begiratzeko. Ezkorra izan arren, norberak bere buruari galdetu behar dio zer egin dezakeen prozesu hau behin betiko bihurtzeko. Eta hori egin behar du bere buruan, bere familian, bere ingurugiroan eta bere herrian erreparatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.