«Denek baldin bazekiten, zergatik iraun zuten hainbeste abusuek?»

Ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuen testigantzak harilkatuta ondu du Iratxe Perez Barandalla zuzendari lizarratarrak 'Todos lo sabían' (Denek zekiten) dokumentala. Biktima ugarik parte hartu dute aurkezpenean.

Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko kideak, gaur, 'Todos lo sabían' dokumentalaren aurkezpenean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko martxoaren 13a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Behin baino gehiagotan aditu daiteke esaldia filmean, biktimen ahotan: «Hemen, denek zekiten hori». Lizarran, adibidez (Nafarroa), denek zekiten El Puy ikastetxeko haurrek tratu txarrak jasan zituztela 1940ko eta 1980ko hamarkaden artean. Denek zekiten ikasgelan jipoitzen zituztela, berandu iristeagatik, hitz egiteagatik, pareta ukitzeagatik edo eskuak patriketan sartuta eramateagatik. Are: eskola hartan, denek zekiten Jose San Julian Luna apaizak ohitura zuela mutikoak bere bulegora deitzeko, eta han, ateak itxita, hatzak sartzen zizkiela uniformeko prakamotzen azpitik. Denek zekiten, baina inork ez zuen ezer esan. Lotsak, erruak eta beldurrak isilpean gorde zuten sekretua urte luzez.

Ulergaitza dirudien horren kausak eta ondorioak aletzeko xedez, dokumental bat ondu du Iratxe Perez Barandalla zuzendariak: Todos lo sabían (Denek zekiten). Bihar estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta gaur egin dute aurkezpena, Iruñeko Golem Baiona aretoetan. Zuzendariaz gain, han izan dira, besteak beste, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria; Eduardo Santos Justizia kontseilari ohia; eta eskola erlijiosoetan sexu abusuak pairatutako biktimetako batzuk.

«Lizarrak 14.000 biztanle ditu, eta mila inguruk jasan zituzten sexu abusuak; nire gurasoen belaunaldi osoari eragin zion kontuak»

IRATXE PEREZ BARANDALLAZuzendaria

Orain arte azaleratutako kasuak «izozmendiaren tontorra» baizik ez direla aipatzen da filmean, eta Nafarroakoak soilik aintzat hartuta milaka biktima izan daitezkeela azaldu du Perez Barandallak: «Lizarrak 14.000 biztanle ditu, eta horietatik mila inguruk jasan zituzten sexu abusuak eskolan. Horrek esan nahi du belaunaldi oso bati eragin ziola kontuak. Nire gurasoen eta osaba-izeben belaunaldiari, hain zuzen». Dokumentala filmatzen hasita konturatu zen auziaren benetako tamainaz: «Esan zidaten lehen gauza izan zen: 'Bai, hemen denek zekiten hori gertatzen zela'. Baina, denek baldin bazekiten, zergatik iraun zuten hainbeste abusuek? Nola azaldu urte hauetako isiltasuna?». Hori izan zen proiektuaren abiapuntua.

Iratxe Perez Barandalla

Iratxe Perez Barandalla, 'Todos lo sabian' filmaren zuzendaria. AITOR KARASATORRE / FOKU

Animazioa erabili du Perez Barandallak abusuak pantailan irudikatzeko, eta biktimen testigantzekin josi ditu irudiok. Haren irudiko, ezinbestekoa izan da aditzea protagonistek zer zuten esateko. «Azpimarra egin nahi izan dugu abusuen ondorioetan: txikitan jasandakoak zer eragin izan duen helduaroan. Biktimen ikuspuntua aintzat hartu dugu une oro. Entzuten jakitea da gakoa. Pertsona horiek barrenak askatu dituzte guretzat eskuzabaltasun osoz, eta gutxienez gaia errespetuz jorratzea zor diegu, morboan labaindu gabe».

Elizak esaten zigun abusatzaileak hiruzpalau sagar ustel zirela; guk erantzuten genien ezetz, horiek ez zirela bekatutxoak, delituak baizik» 

JESUS ZUDAIREIkastetxe Erlijiosoetako Biktimen Elkarteko lehendakaria

«Sagar ustelak» baino gehiago

Jesus Zudaire da dokumentalean azaltzen diren biktimetako bat. Lizarrako El Puy ikastetxean estudiatu zuen, eta sexu abusuak pairatu zituen 1970eko hamarkadan. Uste du filmak «ongi» islatzen duela abusuen errealitatea, hala garai hartan gertatutakoa nola gaur egungo borroka instituzionala. Izan ere, sei urte igaro dira Nafarroan lehen testigantzak azaleratu zirenetik, eta, Zudaireren ustez, dezente aldatu dira gauzak ordutik: «Hasieran, Elizak apaiz abusatzaileei buruz esateko zuen bakarra zera zen, hiruzpalau sagar ustel besterik ez zirela. Hori, eta abusu deitzen geniela 'laztan hutsak' besterik ez zirenei. Guk esaten genien ezetz: horiek ez zirela bekatutxoak edo gaizki-ulertuak, horiek delituak zirela».

Zudairek eta beste zenbait ikaskidek Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkartea sortu zuten 2019an, eta haien borrokari esker hasia da aldatzen Elizaren jokabidea. Bide luze horren isla da dokumentala: Lizarrako eta Garesko lehen testigantzetatik hasita, Estrasburgon eta Bruselan eginiko agerraldietaraino. «Pixkanaka, konturatu ginen fenomeno honek ez ziola eragiten soilik ikastetxe bati, eskualde bati edo herrialde bati», azaldu du Zudairek: «Abusuena arazo globala da, eta Eliza katolikoak du erantzukizun osoa, ez zituelako biktimak babestu; kontrara, abusatzaileen aldera lerratu zen: lekuz aldatu zituzten apaiz horiek, eta aukera eman zieten zitalkeria horiek beste nonbait egiteko».

«Elizako sexu abusuena tabua da berez, baina emakumeoi dagokigunez, are gehiago: hedabide askotan ez dute gaiaz hitz egin nahi» 

MARIVI MARTINIKORENAIkastetxe Erlijiosoetako Biktimen Elkarteko kidea

Antzeko iritzia du Marivi Martinikorenak ere. 1960. urtean, 11 urte zituela, Iruñeko Ursulinetako barnetegiko moja batek sexu abusuak egin zizkion, eta orduan zabaldu zioten bizi osoan itxi ez zaion zauri bat: «Bizitza izorratu zidaten: arazo fisikoak eta psikikoak ekarri zizkidaten abusuek». Gauero, beste ikaskide guztiak lotan zirela, bere ohean sartzen zen moja hura, eta «goitik behera» ukitzen zion gorputz osoa. Gelatik irten baino lehen, eskapularioak uzten zizkion burko azpian. «Esaten zidan gurutze eta domina horiei esker gogoratuko nintzela berarekin, eta presente izanen nuela zenbat maite ninduen».

Martinikorenaren irudiko, 55 urte bete arte ez zuen ulertu Ursulinetan bizitakoa, eta orduan ere, kosta egin zitzaion abusuez argi eta garbi hitz egitea. «Ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuena tabua da berez, baina emakumeoi dagokigunez, are gehiago; gaur egun ere, hedabide askotan ez dute gaiaz hitz egin nahi».

Azken urteetan, sexu abusuen biktimei aitortza emateko bidea hasi du Nafarroako Artzapezpikutzak, eta kalte ordainak pagatzeko prest azaldu da berriki. Urrats horiek «positiboak» direla uste dute biktimek, baina «ikuspegi orokor eta integral baten falta» nabari dute. «Badirudi orain Nafarroan dugun gotzainak sentiberatasun handiagoa duela eta prest dagoela urratsak egiteko, eta txalotzekoa iruditzen zaigu, baina Espainiako Gotzainen Konferentzian, berriz, egoera oso bestelakoa da. Edozein zirrikitu baliatzen dute ezer ez egiteko», laburbildu du Zudairek. «Neurri lotesleak» galdegin dituzte hark eta Martinikorenak, «diskurtsoez harago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.