Marina Sagastizabal. Ikerlaria

«Denboraz pobreak dira emakumeak»

Genero batek eta bertzeak enplegua, zaintza lanak eta militantzia nola uztartzen dituen aztertu du Sagastizabalek liburu bilakatu duen tesian. Emakume militanteek epaia jaso ohi dute.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Intuizio batetik tiraka ekin zion Marina Sagastizabalek (Gasteiz, 1989) doktore tesia egiteari: zaintza betebeharrak daudenean, emakumeak «desagertu» egiten direla militantzia espazioetatik. «Ez bakarrik umeen zaintzagatik. Gure inguruko pertsona bat gaixotzen denean edo adinekoen zaintza gure gain hartu behar dugunean... bereziki emakumeak desagertzen gara». Presentzia hirukoitzaren kontzeptua sortu du hori azaltzeko. Alegia, ikusteko nola uztartzen dituzten genero batekoek eta bertzekoek enplegua, etxeko lanak eta parte hartze politikoa.

Denboraren banaketa datuez gain, hamalau gizon-emakumeri egindako elkarrizketak baliatu ditu tesia egiteko, eta, Micaela Portilla Vitoria saria eskuratuta, tesia liburu bilakatu du orain: La triple presencia. Estudio sobre el trabajo doméstico-familiar, el empleo y la participación socio-política (Presentzia hirukoitza. Etxeko lan eta familia lanei, enpleguari eta parte hartze soziopolitikoari buruzko ikerketa).

Enplegua eta zaintza lanak uztartzeaz maiz hitz egiten da, baina zuk militantzia ere sartu duzu ekuazio horretan. Zergatik?

Soziologo italiar batzuek planteatu zuten doppia presenza edo presentzia bikoitzaren kontzeptua. Ikusi zuten 1980ko hamarkadatik hona bereziki emakumeak gero eta gehiago sartu zirela lan merkatuan, baina horrek ez zuela esan nahi etxeko lanak eta zaintza lanak utzi zituztenik. Azken hamarkadetan presentzia bikoitz hori bizi izan dute emakumeek, eta, gainera, ez da bi lanen batuketa hutsa: aldiberekotasuna dakar. Eta hor sartzen da denboraren elementua. Italiarrek planteatzen zuten emakume langileek zailtasun handiak zituztela bi lan horiek kenduta beste ezer egiteko, eta hortik piztu zitzaidan interesa. Banekien pertsona batzuek presentzia hirukoitza dutela, eta nahi nuen jakin zer estrategia erabiltzen zuten, zer oztopo dituzten...

1993-2013 arteko denboraren banaketa aztertu duzu lehen zatian. Zer alde topatu dituzu gizonen eta emakumeen artean?

Lan ordainduak eta ez-ordainduak kontuan hartzen baditugu, egun batean batez beste emakumeek ia ordubete gehiago lan egiten dute gizonekin alderatuta. Aste osoa hartzen badugu, berriz, eta kontuan izanda etxeko lanetan ez dagoela ez astebururik ez oporrik, emakumeek ia lanaldi oso bat gehiago egiten dute gizonek baino. Presentzia bikoitza ikusten da: denboraz pobreak dira emakumeak. Askotan hitz egiten da pobreziaren feminizazioaz, eta materiala ere bada, baina denborarena ere bai.

Genero arrakala txikitzen ari da, halere, ezta?

Oro har gizon gehiago ari dira inplikatzen etxeko eremuan, baina, hala ere, arrakalaren murrizketa ez da horrenbeste lanak gehiago banatzen direlako, baizik eta bereziki emakumeek jada hainbat jarduera ez dituztelako egiten: utzi diote lehen egiten ziren hainbat lan egiteari. Bestalde, inkestek ez dute aukerarik ematen ikusteko ea esternalizaziorik dagoen, baina ziurrenik horren atzean badago joera bat pertsona bati ordaintzeko —normalean emakumea—, lan horiek guztiak egiteko.

Denbora kontua da bakarrik?

Ez. Ikusten da etxeko eremuan gehiago banatzen ari direla noizbehinkako lanak. Badaude ohiko etxeko lanak deitzen direnak —kozinatzea, harrikoa egitea—, egunero nahitaez egin behar direnak, eta noizbehinka egiten direnak —erosketak, konponketak—. Gizonen inplikazioa gehiago dator noizbehinkako horietatik. Eta umeen zaintzan ere, adibidez, lan ludikoagoak egiteko joera ikusten da gizonengan.

Presentzia hirukoitza azaltzeko eredu batzuk sortu dituzu elkarrizketetatik. Zein dira?

Figura bat da ama txarrarena; hau da, bere bizitzan zehar inoiz ez diona uko egin parte hartze soziopolitikoaren eremuan egoteari. Bere gertuko inguruak gaizki ikusi du askotan inplikazio hori; ulertu delako —bereziki, ama izan denean— ez zela haren eginkizuna hor egotea. Gaizki ikusi da umeekin bileretara joatea eta gero berandu iristea etxera, «eta ea nork egiten duen afaria». Emakume horiek egin behar izan dute autoafirmazio ariketa handi bat hor mantentzeko.

Zer ondorio dakartza horrek?

Emakume horien kontakizunetan, errua oso presente dago. Ama batek kontatzen du, adibidez, garai batean goizez lan egin eta arratsaldez ikasten zuenean, bere semea aitona-amonekin geratzen zela eta umea ez zela abandonatua sentitzen; aldiz, egon denean goizez lanean eta arratsaldez manifestazioetan edo asanbladetan, eta semea aitona-amonekin utzi duenean, hor bai sentitu dela umea abandonatua.

Zer dago horren atzean?

Sozialki emakume langilearen figura onartua dago ja: igual duela hamarkada batzuk ez zen zilegi, haren rola zelako etxean egotea, baina hori aldatu egin da. Aldiz, emakume militantearen figurak ez du oraindik legitimitaterik, bereziki zaintza lanak asumitzen direnean: bai seme-alabena, bai gurasoena.

Eta gizonak?

Kontrako aldean dago guztiz aurkako figura: presentzia hirukoitz antagonikoa. Topatu ditut txanpiñoi militanteak deitu ditudanak: prestutasun osoz aritzen diren militanteak, bereziki gizonak. Egiten dute ez dutelako ardurarik asumitzen zaintzaren eremuan. Egia da belaunaldi gazteetako gizonen partetik ikusten dela ez dela desiragarria, eta orain aita direnek nahiago luketela beste era batera bizi, baina diskurtsiboa da: praktikan, hein batean, oraindik hori gertatzen da.

Presentzia hirukoitz antagoniko horretan egon dira kontakizun batzuk, emakumeenak, baina beste logika batean: ardura handia hartzen dute etxeko eremuan eta zaintzarenean, eta horrek dakar haientzat ia ezinezkoa dela enpleguan eta militantzian egotea. Adinekoen zaintzaren testuinguruan oso argia da: batzuen bizitza da lanera joatea eta arratsaldeetan gurasoak zaintzea, eta asteburuetan ere bai. Ezin dute beste ezer egin.

Eta tartean?

Erdian egongo lirateke noizbehinkako presentzia hirukoitza dutenak. Adibidez, gizon baten kasuan, salbuespenezko presentzia hirukoitz bat topatu nuen: bere bizitzako momentu ezberdinetan egon zen nahiko inplikatua eremu soziopolitikoan, baina erabaki zuen lagun baten umeak zaintzea, eta, horri esker, haur horien amak mugimendu feministan parte hartzen du. Kasu horretan ikusten da rolen aldaketa bat: interesgarria da. Baina kasu bakarra topatu dut, e! Eta hor bazegoen pribilegioei buruzko interpretazio bat: gizonak beti egon dira eremu publikoan eta politikoan, atzean eduki dutelako emakume bat zaintza lanak egiten. Hark aurkakoa egin du.

Nondik etor daiteke soluzioa?

Gaur egun ez da ardurarik hartzen maila sozial eta kolektiboan: etxeko lanak eta zaintza lanak familian egin behar direla ulertzen da, eta horrek eragiten du maila pribatuan geratzen dela zaintza, eta, sarri, emakumeen esku—merkantilizatuta zein ez—. Zaintzak hartu behar du daukan pisua justizia sozial klabeetan: zerbitzu sozial publiko duinak eta doakoak behar dira. Bestela, ezinezkoa da. Eredua ere birpentsatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.