Urteak daramatza ATEA elkarteak animalien eskubideen alde borrokan. Gasteizko ordenantza berria aurrerapauso bat dela uste du elkarteak. Baina zezenketak mantentzea kontraesana dela uste dute. Kepa Tamamesek (Gasteiz, 1962), ATEA elkarteko bozeramaileak uste du Animalien Babeserako Kontseiluak egoera hobetzen lagunduko duela.
Zer uste duzu ordenantza berriaren inguruan?
Emaitzarekin pozik gaude. Europako herrialde batzuk hartu dituzte erreferentzia moduan. Denbora aurrera doa, eta beste errealitate batean bizi gara. Beraz, gai honetan ere aurrerapausoak eman behar ditugu. Ezin ditugu begiak estali.
Zer iruditzen zaizu animalia exotikoen eta gainontzekoen artean egindako bereizketa?
Kontraesan hutsa dela uste dut. Animaliek sufritzen duten ikuskizun mota bat debekatzen bada, gainontzeko guztiak ere desagertu beharko lirateke; esaterako, zezenketak. Baina hori denborarekin gertatuko dela uste dugu.
Euskal Herrian jendeak ba al du gaiaren inguruan kontzientzia?
Euskal Herrian, gainontzeko tokietan bezala, mentalitatea aldatzen ari da. Jendeak badaki animalien eskubideen alde borrokatzen duten elkarteak daudela, eta gure betebeharra seriotasun handiz betetzen dugula beti. Zenbait alderdi politikoren pentsamoldea aurreko mendekoa da, guztiz zaharkituta geratu dira. Haiek ere mentalitatea aldatu behar dute.
Nola izango da animaliarik gabeko zirkua?
Argi eta garbi ikusi da arrakasta gehien duen zirkua animaliarik gabekoa dela. Hor dago, esaterako, Cirque du Soleil. Haien ikuskizunetan ez dago animaliarik. Zirku etikoa dela esan daiteke. Bertan, gizakiak bere trebetasuna erakusten du, inori sufrimendua eragin gabe. Jendea gutxika-gutxika animaliarik gabeko zirkura ohituko da. Denborarekin, aldaketa gehiago lortuko ditugu.
Zertan lagundu dezake Animalien Babeserako Kontseiluak?
Eztabaida leku bat izango da, gainontzeko kontseiluak bezala. Bozgorailu iraunkor bat izango da, gai hauek itzalean gera ez daitezen. Emakumeen eta beltzen emantzipazioaren ostean, animaliena izango da hurrengoa.
Kepa Tamames. ATEA elkarteko bozeramailea
«Denborarekin, zezenketak ere desagertu egingo dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu