Anbulantzietako gidaria da Javi Alor (Barakaldo, Bizkaia, 1977), eta 2007az geroztik ari da osasun garraioko zerbitzu arruntean lanean, Bilboko Zorrotza auzoko basean. ELAko ordezkaria da. La Pau enpresak zerbitzua emateari utzita, Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako enpresa elkarteak kudeatuko ditu aurrerantzean hango anbulantziak —Bizkanb izena hartuko du zerbitzuak han—, baina Alorrek mesfidati hartu du etapa berria. Ez da fio enpresa berriak aurrerantzean egingo duen kudeaketarekin: «Ikusteko dago zer gertatuko den. Hitzetatik ekintzetara pasatzea nahi dugu, eta promesak betetzea».
Zuhurtzia handiz mintzo da, ongi baitaki azken urteotan anbulantzietako zerbitzuaren ardura hartu duten enpresek ez dutela beti bete hitzemandakoa: «Enpresa bat ala bestea egon, badakigu lehengo lepotik dugula eta izango dugula burua. Inoiz ez da ezer hobetzen». Anbulantzietako langile gisa daramatzan urteetan, La Pau enpresarekin lan egitea izan da, ziurrenik, latzena. Hitz batekin laburtu du Kataluniako enpresaren kudeaketa: «Kaotikoa».
Lan prebentzioari, soldatei, formakuntzari edota langileekiko tratuari lotutako arazoak aipatu ditu Alorrek. Prebentzioan, adibidez, salatu du ez dutela baliabiderik izan zama handia hartu behar duten langileen arriskuak saihesteko, eta Zorrotzako gunean ez dutela ezarri suteak itzaltzeko planik. Ez hori bakarrik: langileek ez dute jaso trebakuntza ikastarorik azken lau urteetan —lan segurtasunean ere ez—, eta mantentze lanik ez dute egin anbulantzietan. Ondorioz, horietako gehienak «txikituta» daude egun.
«Enpresa bat ala bestea egon, badakigu lehengo lepotik dugula eta izango dugula burua. Inoiz ez da ezer hobetzen»
Urriko soldataren eta udako aparteko soldataren zati bat, eta 2021etik 2023ra arteko saria zor die La Pauk langileei, eta haiek auzitara jo dute hori berreskuratzeko. Alor ziur da enpresak ez duela dirua bere poltsikotik ordainduko, eta Eusko Jaurlaritzak hartuko duela zorra bere gain. «Enpresak azpikontratatzen direnean, zera gertatzen da: enpresak alde egiten duenean uzten duen zorra Eusko Jaurlaritzak bere egiten duela eta urteak behar izaten direla guk hori jaso arte».
«Tratu txarrak»
Enpresak tratu «oso txarra» eman die anbulantzietako langileei, Alorrek kontatu duenez. «Tratu txarrak izan dira», egin du ñabardura. Haren esanetan, batez ere erdi mailako kargudunek tratatu dituzte modu ankerrean langileak, eta bereziki lan baldintzak hobetzeko borrokak abiatu dituztenean gogortu dute haien aurkako jarrera, greba deialdietan esaterako. «Eraso egin digute eta kriminalizatu egin gaituzte», salatu du.
«Inoiz ez dira hemen egon, eta ez dira gurekin kezkatu, dirua irabaztera baino ez dira etorri»
Finean, ereduari ikusten dizkio arrakalak, enpresa pribatu batek zerbitzua kudeatzen duenetik «dirua irabazteko asmoa» gailentzen delako, haren iritziz. La Pauri dagokionez, horixe bera gertatu dela salatu du: «Inoiz ez dira hemen egon, eta ez dira gutaz kezkatu, dirua irabaztera baino ez dira etorri». Kataluniako enpresarekin izandako arazoak ez zaizkio arrotzak egiten, aurrez zerbitzuaren ardura hartu zutenek ere antzera jokatu zutelako: «Aro labur baterako etorri izan dira, langileak ez dituzte beretzat hartu, eta ez die axola izan zein egoeratan lan egiten dugun».
Baldintza horiek denek osasuna hondatu diotela kontatu du Alorrek. Mentalki sufritu du batez ere, estres handia eragin baitio egoerak. Hilaren amaieran soldata jasoko duen ala ez ez jakiteak sorrarazi dizkio buruhausteak. Azaldu du, oro har, anbulantzietako langileak «lur jota» daudela eta «pazientzia ahitu» zaiela: «Denbora eskatzen digute, baina pazientzia ahitu zaigu». Aurrerantzean zer gertatuko den zain, zerbitzua publifikatzearen alde lan egiten jarraituko duela ziurtatu du.