Jon Iriarte Aseginolaza - Manuel Garcia Bengoetxea. Medikuak

«Denbora eskatzen ari gara: gure lana ondo egiteko denbora»

Lehen mailako arretan diharduten profesionalen lan egoeraren larriaz Gipuzkoako Medikuen Elkargoak emandako abisuaren atzean dauden arrazoietan sakondu dute Garcia presidenteak eta Iriarte sendagileak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Sare sozialek eman ohi duten oihartzunarekin, bizkor zabaldu zen lehengo astean Ina Idarreta familia medikuak —35 urteko lan esperientzia— egun lehen mailako arretan sendagileek dituzten lan baldintza zamatsuen inguruan idatzi zuen gutuna. Gipuzkoako Medikuen Elkargoak aukera baliatu zuen adierazteko kezka partekatua dela hori osasun sare publikoko profesionalen artean. Lan baldintza «gogorren» ondorioz, usu «estresatuta, haserre eta motibaziorik gabe» ari direla salatu zuen. Urrats hori egitera zerk bultzatu dituen azaldu du elkargoko presidente Manuel Garcia Bengoetxeak (Errenteria, Gipuzkoa, 1945) Jon Iriarte Aseginolaza familia medikuarekin (Donostia, 1980).

Sindikatuek usu gaitzetsi dute lehen mailako arretako profesionalen lan zama, zuek orain hori bera adierazi duzue, eta Gure Osasuna Zainduz plataforma ere plazan dago, alorreko profesionalen lan eskubideen alde. Hain larria al da egoera?

MANUEL GARCIA BENGOETXEA (M.G.B.): Gu urratsa egitera eraman gaitu Ina Idarretaren gutunak. Oso ondo erakusten du zer sentitzen duen jendeak: atsekabea sentitzen du ezin dituelako gauzak ongi egin. Profesionalok, oro har, gauzak ongi egin nahi ditugu; aldiz, profesional batek bere lana ezin duela kontrolatu ikusten badu, zapuzten hasten da. Ardura handia da; ofizio gutxik dute norbaiten aurrean jarri, eta hamar minutuan erantzun bat emateko egitekoa. Astia behar da.

Zenbateko tartea izan behar luke familia mediku batek kontsulta bakoitzerako?

M.G.B.:Bi aldagai daude hor aintzat hartu beharrekoak. Mediku batek paziente talde bat artatzen hiru edo lau urte badaramatza, gaixo askok bost minuturekin ere aski izango dute; erabateko konfiantza izango dute medikuarekin, eta bi azalpenekin nahikoa izango da. Paziente baten lehen kontsulta denean, ordea, hamabost minutudira gutxien-gutxienekoak. Eta, behin-behinekotasun egoera batean, medikua toki batetik bestera badabil, pazienteek ez dute konfiantzazko osasun erreferenterik, eta horrek dakar medikuak denbora gehiago behar izana eri bakoitzarekin...

Behin-behinekotasuna da, beraz, sakonean dagoen arazoa?

JON IRIARTE ASEGINOLAZA (J.I.A.): Bai, gainera, aintzat hartu behar da paziente mota asko daudela. Katarrotxo batekin datorren paziente gaztea, esaterako, esploratu, eta hamar minutuan erraz bidera dezakezu... Baina hori behar da; itxaron gelara irten, deitu, kontsultara sartu, zuk zeure burua aurkeztu, hark berea, kontsultako motiboa argitu, esploratu, tratamendua jarri, tratamendua esplikatu eta agurtu... Eta dena txukun idatzita ordenagailuan. Denbora behar da, eta hori paziente gazte batekin. Imajina, eta ohikoenak dira, 65 urtetik gorakoak. Jo dezagun horietako bat analitika baten emaitzaren bila datorrela, zerbait deigarria ikusten duzula, aztertzen duzula, diagnostiko diferentzial bat egiten diozula, esplikatzen diozula... Eta gero, amaieran esaten dizu: 'Belauneko mina ere badut aspaldian'. Has zaitez berriz hari prakak kentzen. Denbora behar da; ez gara ari diru gehiago eskatzen: denbora baizik ez, gure lana ondo egiteko denbora. Zeren eta ezarritako hamar minutuez ari gara; baina usu heltzen zara goizean kontsultara, eta egoera aldatzen da... Aurreko egunetik agendan sartuak dituzun pazienteak bakarrik izatea luxu bat litzateke.

Ez da sarritan hala izaten...

J.I.A.:Guk agenda txiklea esaten diogu. Ohiko agenda dugu, baina egunaren amaieran akaso pasatu zara 30 pazientetik 57ra. Eta ez dituzu hamar minutu ere izan paziente zail baten kasuari aparteko arretaz erreparatzeko, edo polimedikatuen beharrei begiratu bat egiteko, edo espezialistekin aritzeko... Ez daukagu astirik.

35 urteko ibilbidea duen mediku batek egin du larrialdi deia. Zer aldatu da? Lan karga? Behin-behinekotasuna? Antolaketa?

J.I.A.: Denetik dago. Lan karga handitu egin da; hainbat espezialitatetako itxaron zerrendak arintzeko, esaterako, lehen mailako arretara pasatu dira hainbat azterketa. Guri ongi iruditzen zaigu era horretako lanak ematea, gustatzen zaigu, baina, horretarako, denbora gehiago behar dugu.

Lan eskaintzen deialdi berriekin konpon al daiteke arazoa?

J.I.A: Nik 2014-2015eko lan deialdia egin nuen, emaitza ona lortu nuen, baina oraindik ez didate niri dagokidan tokia eman. Deskontrola handia da; nik lau urtean 88 kontratu baino gehiago izan ditut... Egun bakanetakoak, ordu bakanetakoak, hilabetekoak...

Toki ezberdinetan...

J.I.A.: Beti toki ezberdinetan dira.Eta hori kontuan hartuta ordezko bat kontratatzea ere zorte handia dela: gaur egun, normalean, oporrak ez dira ordezkatzen, eta oporretara joatea zigor bat da zuretzat, eta zure lankideentzat.

M.G.B.: Beste aldagai bat ere bada aintzat hartu beharrekoa. Barruko mediku egoiliarrak trebatzeko ateratzen diren lekuekin ez da lortzen erretiroa hartzen ari diren guztiak ordezkatzea... Lehen mailako arretan igartzen da hori, bereziki. Ospitaleetan, anestesiologian izan ezik, ez da askorik igartzen; nahiko orekatuta daude. Baina lehen mailako arretan nabarmena da hutsunea, familia medikuetan, eta pediatrian: bi espezialitateetan. Horren ondorioz, sarritan ordezko bila hastean, ez dago: falta dira.

Espezialitate horretako mediku gutxi daudelako...

J.I.A: Eta askok hortik ihes egiten dutelako. Nik adiskide asko ditut lehen mailako arreta gogoko dutenak, baina oraingo lan baldintzetan hor egon nahi ez dutenak. Egunero ezin iritsiak dakarren artegatasun horrekin ibiltzea zaila da, oztopo jauzika beti...

Gipuzkoaz ari zarete, baina Osakidetza osoko arazoa da, ezta?

M.G.B.: Gainerako herrialdeetan egoera antzekoa da. Badakigu Osasun Sailak gaiaren gaineko kezka duela, eta Medikuen Sindikatua tartean, bideratu dira hainbat aldaketa: lan eskaintza publikoak agindu dira urtero, hainbat aparteko lanordu... Ez dakit zer emaitza izan duten. Arazo asko, hala ere, egiturazkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.