Nafarroako inbestidura saioa. Santos Cerdan. PSOEko Lurralde Koordinazioko idazkaria

«Denbora eman behar izan dugu Madrilen pedagogia egiten»

Eskuineko taldeek irmo jo dute sozialisten aurka, Nafarroako akordioa dela eta. Cerdanek dio «gezurrezko diskurtsoak» ari direla egiten, «ez sinestekoak». Aitortu du, halere, azalpenak eman behar izan dituztela.

Maider Galardi
Iruñea
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Maria Txibiteren inbestidurako bi egunetan Nafarroako Parlamentuan izan da Santos Cerdan (Milagro, Nafarroa, 1969). PSNren eta PSOEren arteko lotura lanak hark egiten ditu. 2004tik egon da PSNren batzorde exekutiboan; Antolakuntza idazkaria izan zen 2017 arte. Madrilen dabil orain: Pedro Sanchezekin batera aurkeztu zen PSOE barruko hauteskundeetara, eta Lurralde Koordinazioko idazkaria da. Espainiako Kongresuko diputatua ere bada; PSNren zerrendaburua izan zen apirilean, Espainiako Gorteetarako bozetan.

Nafarroako lehendakari izendatu dute Maria Txibite. Zer garrantzi du alderdi sozialistarentzat?

Oso albiste ona da guretzat: bai PSNrentzat, bai PSOErentzat. Nafarroan presidente sozialista izango dugu berriro, 22 urte igaro ondoren. Pozik egoteko moduko albistea da, benetan. Ospatzekoa.

Aurreko egunetan zeresana eman du gobernu akordioak Espainian. Madrilgo ordezkari politikoak ere izan dira inbestidura saioan. Badirudi estatu auzia dela Nafarroa berriro ere...

Eskuinak esaten du hori. Nafarroa ezagutzen ez dutenek, eta Nafarroa eskua sartzeko eta nahasmendua eragiteko erabiltzen dutenek. Enfrentamenduko politika egin nahi dutenek. Nafarroa erkidego plurala da, aberatsa. Zorionez, bakean bizi gara Nafarroan, eta eskuinaren diskurtso horiek —edo eskuin muturrarenak esan beharko dugu, ikusita zer-nolako diskurtsoa egiten ari den UPN— enfrentamendura eta asaldurara dei egiten dute. Baina nafarrok alde guztietako lagunak dauzkagu, bakea daukagu, eta elkarrizketak izaten ditugu. Ez da bizi eskuinak erkidego honetara ekarri nahi duen giro sumin hori.

Navarra Sumako ordezkariek oso gogor hitz egin dute zuen aurka: «etakideen» laguntzarekin iritsi dela Txibite gobernura.

Ulertzen dut eskuin muturrarekin sinatu dituzten akordioak zuritzeko —eta itun horiek, bai, izenpetuta daude, eta alderdietako zuzendaritzek onartuta— ari direla gezurrak esaten etengabe, ea gizarteak barneratzen dituen. Baina gizarteak badaki zer egin duten eskuineko alderdi horiek. Gezurrezko diskurtso horiek ez dira sinestekoak. Hori da gaur egungo PP. Eta ez PP bakarrik: hori dira UPN, Ciudadanos eta Vox ere. Elkarren artean lehian ari dira, zein izan muturrekoago.

EH Bilduk dio beharrezkoak direla gobernuarentzat, eta ez inbestidurarako soilik. Baztertu egin duzue negoziazioetatik. Ez daukazue solaskide zilegitzat?

Alderdi sozialistak beti babestu du EH Bilduk erakundeetan egon behar duela, behin terrorismoa amaituta. Badakite, hala esan baitiegu, urrats txiki bat falta zaiela. Pauso asko eman dituzte, baina bat falta zaie: terrorismoa behin betiko gaitzestea. Hortik aurrera, nahi dugu EH Bildu instituzioetan egotea, politika egitea. Horixe eskatu zieten demokrata guztiek, eta orain utzi egin behar zaie politika egiten. Jakina, gu ez gaude ados EH Bilduren politika askorekin. Baina normala da: ez gaude ados PPren politika askorekin, ezta Geroa Bairen politika askorekin ere. Beraz, orain elkarrizketan aritzea dagokigu talde guztiei, Nafarroarentzat onena lortzeko.

Asteotan ez duzue batere hitz egin EH Bilduko ordezkariekin?

Bakartxo Ruizek argi esan du inbestidura saioan ez dugula hitz egin. Nafarroako Gobernua osatzeko lanean jardun gara gu. Lortu dugu gobernua eratzea, eta, behin karguak hartuta, lanean hasi beharko dute orain presidenteak eta gobernuko kontseilariek. Asmoa da ahalik eta kontsentsurik handienak lortzea legealdian.

Aurreko gobernu akordioa sinatu zuten lau taldeetatik hiru daude oraingoan. Horrek esan nahi du aurreko gobernuaren nolabaiteko segida izango dela?

Ez da erreleboko gobernua izango: gobernu abertzale batetik gobernu sozialista batera pasatu gara. Baina ez da gobernu errebisionista izango: uste dugu aurreko gobernuak egin dituela gauzak ondo, eta hobetzeko lan egingo dugu. Baina, ez, ez da aurreko gobernuaren jarraipena: gobernu berria da, sozialistak presidente dituena, eta bazkide berriak dituena. Aurreko gobernutik gustuko dugunarekin jarraituko dugu.

Joan den astean, porrot egin zuen Pedro Sanchezen inbestidurak Espainiako Kongresuan, azkenean ez zenutelako akordiorik egin Unidas Podemosekin. Nafarroan posible izan da...

Maria Txibiteren inbestidura eta Nafarroako gobernu akordioa ez dira kolokan egon momentu batean ere, Espainiako Kongresuan gerta zitekeenaren arabera. PSOEk argi zeukan gobernu sozialistaren aldeko apustua egingo zuela Nafarroan: Maria Txibite presidente izatea, desberdinen arteko akordio baten bitartez. Eta argi esan dugu: 23 legebiltzarkide, hitzarmena sinatu dugun alderdionak, 20 baino gehiago dira —Navarra Sumaren parlamentariak—. Egia da pedagogia egiten denbora eman behar izan dugula Madrilen, baita gure alderdiko kideekin ere. Baina egoera azaltzen dugunean, jendeak ulertu egiten du.

Sanchezen inbestidurak porrot egin ondoren, iraila aipatu dute berriz saiatzeko. Berriro negoziatzen ari zarete? Unidas Podemos izango duzue elkarrizketetan lehentasunezko solaskide?

Argi dago PSOEren interesa dela ahalik eta azkarren gobernu bat osatzea Espainian. Hori lortzeko, aurkeztu dugu gure gobernu proposamena, Unidas Podemos lehentasunezko bazkide gisa dugula. Uda osoan lan egingo dugu gobernurako hitzarmena lortzeko.

Nafarroaren autogobernua hizpide izan da inbestidura saioko hitzaldietan, eta gobernurako akordioan ere bai. Transferentzia batzuk zintzilik daude oraindik. Zer asmo du PSOEk hor?

Paralisi bat daukagu Espainiako Gobernuan, baina PSOEren asmoa da transferentzia horiei berriro heltzea; adibidez, trafikoko eskumenari, zintzilik geratu baitzen. Gure helburua da ahalik eta azkarren egitea transferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.