EAEko hezkuntza legea. Eusko Jaurlaritza. Arantza Aurrekoetxea. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea

«Denbora behar da adostasunak lortzeko»

Hezkuntzako eragileekin hizketan aritu dira legeari buruzko ikuspegiak jasotzeko. Itxaropentsu da Aurrekoetxea, nahiz aitortu ezberdintasunak daudela: «Horrek ez du esan nahi akordiorako bidea itxita dagoenik».

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Cristina Uriarte sailburuaren alboan, itzalean egon ohi da Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea (Zamudio, Bizkaia, 1951). Gobernura sartu aurretik, Eusko Legebiltzarrean EAJren hezkuntza arloko ordezkari aritu zen. Zuzeneko ezagutza du gaiaz.

Legeaz hizketan ari zarete eragileekin. Zer inpresio jaso duzue?

Lehenengo, marko pedagogikoa egin zen, eta gero, dekretuak. Hirugarren egitasmoa euskal hezkuntza sistema osorako legea da. Eragile guztiekin egon gara.Feedback hori gertatu da. Inportantea da. Hori izan da gure dinamika, eta hortik jarraituko dugu.

Akordioa posible ikusten duzu, edo zatiketa handia nabari da?

Eragile guztiek dute iritzia. Baina horretarako dira lege prozesuak: ikuspuntuak mahai gainean jartzeko eta adostasunak lortzeko. Beste gauza bat da denbora: adostasunak lortzeko, denbora behar da. Batez ere lege mailan. Legearen atzetik espero da egonkortasuna euskal hezkuntza sistemarako. Horretarako, ezinbestekoa da adostasun zabala. Horrek bermatzen du lege horren iraunkortasuna eta garapena. Ez ibiltzeko beste batzuk bezala, Espainia bezala, legea berehala aldatzen.

Adostasuna aipatu duzu. Baina bistan dago ika-mika dagoela...

Bakoitzak azpimarratuko ditu beretzat inportanteenak diren alorrak, baina uste dut denok ere ikaslea dugula helburu. Ikuspuntu ezberdinak izan daitezke, beste barik. Horrek ez du esan nahi akordiorako bidea itxita dagoenik. Beste batzuekin konparatuta eredu gara: gobernu desberdinek ez dute hankaz gora jarri aurrekoek egindakoa. Berdintsu jokatzeko kapaz izango garela uste dut.

Dokumenturik aurkeztuko duzue agintaldia bukatu aurretik?

Sailburuaren erabakia izango da. Esan genuen urratsak egingo genituela. Bide luzea izango da, eta ondo neurtu beharko da une oro noraino hel gaitezkeen. Badakigu agintaldi bukaeran gaudela.

Dokumenturik badago?

Jasota daude iritziak.

Itunpekoen finantzaketa da gatazka puntu nagusia. Eragile batzuk kexu dira sei urteko itunak egin direla. Zergatik aldaketa?

Aldiro egiten da planifikazioa. Lau urterako edo seirako izan, erabaki bat da, egia da. Baina aurreikuspen bat da; urtez urte gauzatzen da. Ez nioke hainbesteko garrantzirik emango. Plangintza luzatu egin da, bai, baina, orain arte bezala, itunak urtez urte gauzatzen dira, urteko errealitateari buruz. Aurreikuspenak ez du behartzen Jaurlaritza urtez urte hori horrela betetzera. Tresna malgua da.

Salatu dute ikastetxe batzuetan ez dituztela migratzaileen umeak hartzen. Gasteizen kasu zehatz bat ere salatu dute. Gobernuak badauka horren berririk?

Ez. Eta saiatu ginen. Deitu genion ama horri. Neurri asko hartzen ari gara gurasoen eskubideak bermatzeko: sasi erroldatzeak detektatzen, adibidez. Gizartea gero eta pluralagoa da, eta eskola ere bai. Hori sustatu nahi dugu. Onuragarria da ikasleentzat. Plurala da ikastetxe bat kanpokoak eta bertakoak baditu; beharrizan bereziak dituztenak eta ez dituztenak.

Gobernuak dakiela, ez dute jartzen trabarik edo erreparorik.

Halakoak badira, datozela gugana. Eskola guztiak daude irekita matrikulazioan. Irizpideak argitaratuta daude. Ez dugu esango gertatzen ez denik, baina gertatzen bada, datozela. Esku hartuko dugu.

Zergatik dago hainbeste migratzaileen seme-alaba A ereduan?

Etorkin asko ezin da egon, A ereduko ikastetxe gutxi baitaude.

A ereduak pisu handiagoa du haien artean orokorrean baino...

Etorkin gehienak D ereduan daude. A ereduko ikastetxe batzuetan badaude etorkinak, eta beste batzuetan, ez. Denetik dago. Sarri, gurasoen aukera edo erraztasunagatik. Horrek ez du esan nahi A ereduan egon arren hizkuntzaren ikuspegitik artatu behar ez direnik. A ereduan eman daiteke beste ikasgai bat euskaraz, eta hasi ginen. Emaitzak lortzen ari gara.

Hizkuntza ereduak gainditzeko ordua dela diote eragile batzuek; eredu bat behar dela, malgua. Zer ikuspegi dauka Jaurlaritzak?

Ereduak malguak dira gaur egun ere. Garatzen ari dira. Gurasoak dira erregulatzeko faktore nagusia: egiten duten hautua. A eredua gutxiagorantz ari da. Gizartea ari da egokitzapena egiten. Joera ona da. Irakastaldi guztietan ez dago berdin: badago hobetzeko tartea Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Ikasleek bi hizkuntza ofizialak ikastea nahi dugu, eta ingelesa ere sartu behar dugu. Hizkuntza proiektua da ardatz. Gero eta ikastetxe gehiago ari dira hizkuntza proiektu eleaniztunekin. Baina diagnostikoetan zorrotzak izan behar dugu: D ereduan zenbat ordu gehiago eman ditzakegu euskaraz? D eredua da etorkizuneko errealitatea, gurasoei esker.

Ak eta Bk euskalduntzen dute?

Denetik dago. D ereduak lortzen ditu emaitza hobeak. Hori badakite gurasoek, eta horregatik egiten dute hautua. Hori horrela izanik ere, indartzen ari gara: B ereduak hasieran zuen ordu partiketak eta oraingoak ez dute zerikusirik. Gehiena euskaraz ematen dute, Gaztelania eta Matematika izan ezik. Emaitza optimizatu behar da. Euskalduntzea ez dago lotua bakarrik eskolan egiten denarekin: etxea, ingurua... A ereduko gehiengoaren testuingurua zein da? D eredukoena ere gehienetan ez da elebiduna, baina A eredukoena baino gehiagotan da. Ezin dugu bakarrik ereduen eragina neurtu. Bestela huts egingo genuke diagnostikoan eta neurrietan.

Aukeratzeko eskubideaz gain, betebeharra dago: oinarrizko hezkuntza amaitzean bi hizkuntzetan moldatzea ikasleak. A ereduan ia inork ez du maila hori.

Hori lortu nahi dugu. Gurasoen eskubidea dago, eta lortu nahi ditugu ikasle guztien konpetentzia guztiak. Ikusi behar dugu helburu horiek nola eraman hizkuntza proiektuetara. Ikastetxeari autonomia ematen diogu ikasleen ezaugarriak kontuan hartuta moldatzeko; hizkuntza proiektua barne. Administrazioa behartua dago gurasoen eskubideak betetzera eta ikasleen garapen osoa bermatzera. Hartu behar ditugu neurriak eredu guzti-guztietan.

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako diagnostiko proba normaltasunez ari dira egiten, edo intsumisio kasuak izan dira?

Apirilean hasi zen prozesua, eta ekainera arte dago aurreikusia. Ikastetxe guztiei eskaintzen ari gara laguntza, nahiz eta euren esku egon. Konpetentziak ebaluatu behar dira; ezin gara eduki hutsetan geratu. Ikastetxeen esku dago.

Probaren kontrako mugimendua nola ikusi du gobernuak?

Nahi genuke hezkuntzan proiektuen aldeko mugimenduak ikustea, ez hainbeste kontrakoak. Ez dugu errebalidarik egingo. Gure ereduko ebaluazioak ez dira irakaslea ordezkatzeko; ikasmaila gainditzeko ebaluazioa egiten irakasleek jarraituko dute. Gure ebaluazioak hobekuntzarako dira: sistema non dagoen, ikastetxea... Ez dira ikasleen ibilbide akademikoan eragiteko. Ikastetxeen ebaluazioak daude horretarako.

LOMCE bertan behera geratuko balitz ere, ebaluazio horiek egiten jarraituko luke Jaurlaritzak?

Hori da eragile guztiekin landutakoa: irakastaldi erdian eta bukaeran ebaluazioak egitea. Badakigu ez dela egunetik gauera gauzatzen den prozesu bat. Konpetentziak ebaluatu behar ditugu, eta edukiak ebaluatzen gaude ohituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.