Jon Abril.
Onartezinak». Halakoak ziren Espainiako Alderdien Legea eta ondorengo legez kanporatzeak orduan Aralarren zebilen Jon Abrilentzat (Bera, Nafarroa, 1975): «Etikoki, sozialki, politikoki... ez zegoen nondik heldu». 2003an sartu zen Abril Berako Udalean zinegotzi, hain justu ezker abertzaleko zerrenda legez kanporatu eta hortik hilabete batzuetara berriz egindako bozetan: «Urrian berriz ere hauteskundeetara deitu zuten,, eta orduan aurkeztu ginen». 2015era arte izan zen hautetsi Nafarroa iparraldeko udalean, eta bertze hainbat urtez Aralarko koordinatzaileorde, 2006tik 2011ra.
Uste du haren alderdiak «koherente eta zintzo» jokatu zuela legez kanporatzeen aurka. Alde batetik, «irmo» kokatu zelako Alderdien Legearen kontra: «Batasunarekin ere agerraldi publikoak egin genituen». Eta, bertzalde, erakundeetan: «Aralarrek hartu zuen erabakia eta konpromisoa nuluak ziren botoak zenbatuko zituela eta haiei zegozkion zinegotziak ez zituela hartuko, eta, orduan, udal aunitzetan Aralarrek legez esleitu zitzaizkion zenbait zinegotzi ez zituen hartu, ulertuz ez zegozkiola berari, baizik eta Batasunari». Hala ere «tentsio handiko» garaiak izan zirela oroitu du, eta «ezker abertzaleko bi familien» artean eztabaida «hagitz handia» zegoela; Batasunak haien aurka egiteraino: «Denak etsaitzat hartu gintuen Batasunak, eta hori injustizia handi baten gisan bizi izan dut. Berdintzen ninduten Alderdien Legea bultzatu zuten alderdi horiekin, eta ez zitzaidan bidezkoa iruditzen. Uler nitzakeen haien haserrea, ezinegona eta amorrua, baina ez ziren guk eragindakoak edo guk babestutakoak».
Eremu pertsonalean ere nozitu zuen, bereziki herrian: «Aunitz markatu ninduen lehenbiziko hauteskundeetan nire izena diana baten barrenean ikusteak». Harreman pertsonaletan ere eragin zuen: «Agurra ukatzea, hitza ukatzea, ilegalizazioa aprobetxatzen ari ginela...». 2011ko legeztatzearekin gauzak aldatu baziren ere, uste du beharrezkoa dela oraino «zauri» horiek «ixtea».
Bilduren legeztatzea. Testigantzak. Jon Abril
«Denak etsaitzat hartu gintuen Batasunak»
Berako zinegotzi eta Aralarko koordinatzaileorde gisa, ezker abertzaleko bi «familien» arteko talkak kudeatzea egokitu zitzaion Abrili: «Injustizia gisa bizi nuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu