Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena (I). Eratze prozesua.

Denak berdin segi dezan

Gaur 40 urte beteko dira Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak Foru Hobekuntza onartu zuela. Kalean erregimenaren haustura aldarrikatzen zutenen aurrean, UCDren gobernuak babesturik, erreformaren bidea nagusituz joan zen pausoz pauso.

BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako autogobernuaren ikur ala Hego Euskal Herriaren batasuna galarazten duen euste horma? Izaera juridiko bereziaren gotorleku ala estatutu soil? Indar konstituzionalisten isla demokratikoa ala nafarrei inoiz galdetu ez zaielako jatorrizko orban antidemokratikoa duen lege organikoa? Berrogei urtean, eztabaida ugari eragin ditu Nafarroako egungo estatus juridikoak, Foru Hobekuntzak. 1982ko martxoaren 15ean, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak onartu zuen, eta, urrats harekin, amaiera eman zitzaion trantsizio zail eta gorabeheratsuari.

ZERGATIK DU IZEN HORI?

Foruaren erreforma esan nahi du, eta, 1841etik 1981era, legetik legera, egindako lotura iraunkor bat adieraziko luke, aldaketa bultzatu zutenentzat. Alta, sektore abertzaleentzat, 1978ko Konstituzioak Nafarroari ustez aitortutako bide berezia gezurra da. «Posible al da ez duguna hobetzea?», galdetu zuen 1979an EAJko Esteban Claveriak. Nafarroak jada forurik ez zuela nabarmendu nahi zuen.

GALDU AL ZIRENFORUAK?

Galdutako subiranotasunaren arrastotzat jo izan dira. XIX. mendeko lehen gerra karlistarekin betiko ezabatu ziren. Gerra hari amaiera eman zion Bergarako Besarkadaren osteko 1839ko dekretuak: «Euskal probintzietako eta Nafarroako foruak baieztatzen dira, monarkiaren batasun konstituzionalaren aurka kalterik egin gabe». Batasun konstituzional zentralista horretan urtu ziren Nafarroako Gorte historikoak eta foruak. Gerraren irabazle izan ziren nafar liberalek, 1841eko Lege Hitzartuaren bidez, merkataritza eta zerga sistema adostu zuten. Historialariek argi dute eliteentzat gerra osteari etekina ateratzeko modu pragmatikoa izan zela.

ZER GARRANTZI DU 1841EKO LEGEAK?

Handia. Soka luzea ekarri zuen lege haren gaineko interpretazioak iragan mendeko mugimendu politikoetan. EAJrentzat 1839ko eta 1841eko legeak indargabetu behar ziren, eta foruak osorik itzuli ondoren Hegoaldeko lau lurraldeen arteko batasuna bultzatzeko. Aitzitik, kontraposizioz, eskuin nabarristarentzat, 1841eko legea estatuaren eta Nafarroaren arteko hitzarmen bat zen, eta itunaren jatorria Gaztela eta Nafarroaren arteko 1521eko bat egiterainokoa zen. 1930eko hamarkadan Eladio Esparzak landutako irakurketa hartan, Nafarroak izaera berezia zuen beste euskal lurraldeen aldean: «Foruak itzultzea abertzaletasun hutsa da, separatista. 1841eko legea handitu dezagun ahal den guztia».

NOLA ULERTZEN ZUEN HORI ESKUINAK TRANTSIZIOAN?

Kontzepzio hori bere egin zuen, baina diktaduran ez zuen beharrezko ikusi ezer aldatzea. Diktadorearen heriotzarekin, hori hankaz gora geratu zen. Amadeo Marcok zuzendutako diputazioaren gehiengoak eta haren inguruko sektore kontserbadoreentzat, 1841etik eratorritako foru erregimena «gotorleku ukiezina» zen. Honela zioen garai hartako Pensamiento Navarro egunkariaren editorial batek: «Gure boterea gure historiako erroetan datza, eta ez botoen erdiak gehi bat lortzean». Eskuineko beste sektore batek funtsezko ikusi zuen ikuspegia malgutzea. Erreformaren ideia proposatzen lehenetarikoa Jaime Ignacio del Burgo izan zen, Larraona ikastetxean egindako hitzaldi batean, 1979ko otsailean: «Funtsezkoa da 1841eko Lege Hitzartua osorik berritzea». «Foruak ez du zerikusirik immobilismoarekin», esan zuen geroago.

ZEIN ZEN ESKUINAREN MEHATXUA?

Langile mugimenduarentzat eta oro har sektore abertzaleentzat, erregimenarekin hausteko itxaropena piztu zuen egoera berriak, baina argi zuten ere zutik zirautela frankismoko indar faktikoek. Aldarrikapen nagusia zen Hegoaldeko lau lurraldeen arteko batasuna egituratzea. Ezin da ahaztu indarkeria handiko garaia izan zela. ETA, alde batetik, hausturaren alde eginez; eta, bestetik, eskuin muturra eta estatuari lotutako indar polizialak pultsu sozial hura baldintzatu nahirik: 1976an, Montejurrako atentatua; 1977ko maiatzean, Amnistiaren bigarren astea; 1978ko sanferminak, eta 1979an, Gladys del Estalen hilketa.

ZEIN ZIREN EZTABAIDAGAI NAGUSIAK TRANTSIZIOAN?

Batik bat hiru. Batetik, erakundeen demokratizazioa. Diputazioa frankista zen, eta argi zegoen ezin zezakeela ezer gidatu. Beste aldarrikapen bat foruen berrosatze osoa zen, 1841eko sistema indargabetu eta nolabait jatorrizko subiranotasuna berreskuratzea. Eskuinak ez zion uko egin eztabaida horri, baina ez sistema harekin hausteko, baizik eta hura eraberritzeko. Horren guztiaren atzean, aldarrikapen edo mehatxu nagusia Hego Euskal Herriko lurraldeen batasuna zen.

NOLA ISLATU ZEN TALKA HORI BOZETAN ETA GIZARTEAN?

1977ko ekainean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin ziren. Eskuinean zein batik bat ezkerrean alderdi ugari aurkeztu ziren. Oro har, botoen banaketan %47k euskal lurraldeen batasuna defenditzen bazuen ere —tartean PSOEk ere bai—, atomizazioa baliatu zuen UCDk hiru diputatu eta hiru senatari lortuta, PSOEk bi eskuratu zituen, eta EAJk, senatari bat. Eskuinaren gehiengo hura erabakigarri izan zen Konstituzioaren negoziazioei begira.

1977 amaieran, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat bide aurreautonomikoa prestatzeko dekretuan, oso presente egon zen Nafarroa etorkizuneko euskal estatutuaren partaide izatea. Hala defenditzen zuen, kasurako, Gabriel Urralburu sozialista nafarrak. Aldarrikapen hark babes zabala jaso zuen 1977ko abenduaren 8an erakundeen demokratizazioaren aldeko manifestazioan. Alta, astebete lehenago, abenduaren 3an, diputazioak deituta, Nafarroa foral eta espainiarraren aldeko manifestazioak ere parte hartze handia izan zuen, auzi hark zatiketa eragiten zuela agerian utziz.

NOLA BIDERATU ZEN?

Konstituzioaren eztabaidetan, EAJrentzat funtsezkoa zen Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroaren eskubide historikoak errespetatzea, horrek bidea irekirik uzten zuelako lau lurraldeen arteko egitura konfederal baterako. Parlamentuz kanpoko bilera ez-ofizialetan adostu zen eskubide historikoak aitortzen dituen Konstituzioaren lehen xedapen gehigarri erabakigarria. Alta, akordio hartan UCDk proposatu eta Xabier Arzalluzen negoziazio taldeak onetsi zuen eskubideen aitortza «esparru konstituzionalaren barruan» egitea. Presio handiko testuinguruan egindako onarpen hark tirabira eragin zuen jeltzaleen artean. Kongresuan zein Senatuan ahalegindu ziren testua aldatzen, baina ez zen posible izan.

Konfederazioaren aukera ahalbidetzeko, 1839ko legea baliogabetzea bilatu zuen EAJk xedapen indargabetzaile baten bidez. UCDk proposamen hura onartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat, baina hesia Nafarroan jarri zuen. Horrek eskuin nafarraren tesi erreformazaleari bidea irekirik utzi zion: Nafarroan ez zenez 1839koa indargabetu, Konstituzioak 1841eko legea ainguratu zuen, Nafarroaren eta estatuaren arteko izaera itundua aitortuz.

ZER GERTATU ZEN BATASUNAREKIN?

Hegoaldeko lau lurraldeen arteko batasunaren aukerari ez zitzaion atea guztiz itxi. Korapiloa askatzeko, laugarren xedapen iragankorra adostu zuten EAJk, UCDk eta PSOEk. Xedapenak Nafarroak «euskal erregimen autonomikoarekin» bat egiteko bidea ezartzen du, «dagokion foru erakundearekin» hitzartuta eta «erreferendum bidez». Eztabaida hura 1977tik zetorren, eta galdeketarako baldintzen artean UCDk hasiera batean jarri zuen «bi herenen» gehiengoa lortzea. Gerora, 1978an, onartu zuen gehiengo sinplea.

ZER ONDORIO IZAN ZITUEN?

Konstituzioaren erreferendumean UCDk, PSOEk, PCEk, EKAk eta ORTk aldeko botoa eskatu zuten; EAJk, abstentzioa: eta HBk, Euskadiko Ezkerrak eta eskuinaren sektore batek, ezezkoa. Baiezkoak %50,4ko babesa izan zuen; ezezkoak, %11,3koa eta abstentzioa %33koa izan zen.

Batetik, laugarren xedapenaren aurka zeuden batzuk, tartean Jesus Aizpun diputatuak, UCD utzi zuten, 1979ko urtarrilean alderdi berri bat sortzeko: UPN. Bestetik, ordura arte lau lurraldeen arteko batasunaren alde agertu ondotik, Konstituzioak mugarri bat ezarri zuen Nafarroako sozialistentzat 1982ra arte PSE barruan izan ziren: bide autonomiko propioa defenditzen hasi zen, apurka. Gabriel Urralburuk defenditu zuen 1978ko konstituzioa «autonomista» zenez1841eko legearen mugak gainditu zitzakeela foruaren erreformak.

ERAKUNDEAK DEMOKRATIZATU AL ZIREN?

Prozesu haren hastapenak kontraesan bat gainditu behar zuen. Hitzarmen bidezko bide autonomista lantzeko legitimitaterik ez zuen Amadeo Marcoren diputazio frankistak, ezta alderdietako ordezkariak biltzen zituen eta diputazioaren aholku-emaile gisa funtzionatzen zuen Foru Kontseiluak ere. Garai bateko Gorteen gisako erakundea, parlamentua, berpiztu beharra zegoen, eta hori demokratikoki aukeratu. Alderdiek hainbat planteamendu proposatu zituzten, eta, azkenean, UCDrena gailendu zen. Diputazio frankistak ez zion uko egin nahi bere protagonismoari, baina Madrilek hura desegitearekin mehatxu egin zuenean amore eman zuen. Legebiltzarrak 70 parlamentari izango zituen, merindadeka aukeratuak; merindade historiko bakoitzean gehi Iruñean, boto gehien lortu zuen alderdiak diputatu bat izango zuen diputazioan.

ZEIN IZAN ZEN BOZEN EMAITZA?

1979ko apirilaren 3an egin zen, eta UCDk irabazi zituen bozak, 70 legebiltzarkidetik 20 eskuratuta; PSOEk 15 eskuratu zituen; UPNk, 12; HBk, 9; eta EAJk, 4. Gainerakoak talde txikietako ordezkariak ziren. Diputazioan, berriz, UCDk lau zituen; PSOEk, bat, eta ezker abertzaleak, bi. Jaime Ignacio del Burgo izan zen lehen diputazio demokratiko hartako presidentea. Haien eskuetan egongo zen Foru Hobekuntzaren erreforma.

NOIZ HASI ZEN ERREFORMA?

Negoziatu beharrekoaren oinarriak finkatzeko agiri bat proposatu zuen Del Burgok 1979ko abenduaren 27an. 1980ko lehen sei hilabeteetan testu haren aldaketak eztabaidatu ziren parlamentuan. Eztabaidak balio izan zuen bi bloke bereizteko, erreformaren aurkakoen eta aldekoen artean. HBk irmo salatu zuen hura ez zela foruak itzultzea, eta «okerrena» zela operazio hari foruaren hobetzea deitzea.

NORK NEGOZIATU ZUEN?

Diputazioaren eta Espainiako Gobernuaren artean bi talde osatu ziren 1980ko abenduan, zazpina kiderekin. Nafarroako ordezkaritzan hiru hutsune zeuden: Del Burgo bera eta ezker abertzaleko bi diputatuak. Batetik, Fasa auziaren ondorioz, Jaime Ignacio del Burgo 1980ko apirilean kargugabetu zuten, eta UCDko Juan Manuel Arza izendatu presidente. Barne krisia eragin zuen alderdian, Del Burgok aldekoak zituelako Nafarroan eta batik bat Espainiako UCDn. Bestetik, HBko bi diputatuak taldetik at utzi ziren, «logikoa zelako Foru Hobekuntza babesten ez dutenak kanpoan uztea» —hala justifikatu zen—. Haien ordez, Kongresuko hiru diputatu sartu ziren, PSOEkobi eta UPNko bat tartean, Urralburu eta Aizpun. Madrilgo aldean, gobernuko zazpi ordezkari zeuden, Lurralde Administrazioko ministroa buru zutela: 1981eko abendura arte Rodolfo Martin Villa, eta, azken txanpan, Rafael Arias Salgado.

ZER ROL JOKATU ZUEN DEL BURGOK?

Nahiz eta ofizialki negoziazioetatik at geratu, Del Burgok estatuko interesen ordezkari eta aholku emaile gisa parte hartu zuen ezkutuan, erreformaren bide haren arkitektoa zelako eta Martin Villaren konfiantzazko gizona. Trantsizioari buruzko Juan Cruz Alliren liburuan kontatzen denez, bileretako batean nafar ordezkaritza areto batera eraman zituen ministerioko langile batek erratuta, eta ustekabean han topatu zuten Del Burgo. Aurkikuntza hark ordezkari nafarren haserrea piztu zuen, eta Martin Villari ohartarazi zioten eurak zirela «egiazko ordezkariak». Gerora Del Burgok esango zuen «Nafarroako UCDko presidente gisa» zegoela han. Inoiz ez da ondo jakin benetan zer rol jokatu zuen ezkutuan negoziazioan.

NOLA AMAITU ZEN DENA?

Hamahiru bilera egin ziren guztira; azkena, akordioa sinatzeko, 1982ko martxoaren 8an. Astebete geroago onartu zuten Nafarroako Parlamentuan: UCDk, PSNk, UPNk eta Euskal Herriako Karlista Alderdiak alde bozkatu zuten; EAJ eta Euskadiko Ezkerra abstenitu ziren eta HB zein ezker abertzaleko Orimendi taldea ez ziren bertaratu protesta gisa. Martxoaren 10ean, Euskadiko Ezkerrak mozio bidez proposatu zuen erreferendum bidez galdetzea herritarrei Foru Hobekuntzaz. Jose Fermin Arraiza legebiltzarkideak argudiatu zuen «demokratikoki beharrezkoa» zela. Atzera bota zuten. UCDk arrazoitu zuen estatuak Nafarroaren bide desberdina aitortu zuela, eta, ez zenez estatutu bat, ez zela beharrezkoa. Gabriel Urralburuk aipatu zuen ETA gogor jotzen ari zela Nafarroan eta «nafar asko izututa zeudela xantaia horren aurrean».

Espainiako Gorteetan onartua izan ondotik 1982ko abuztuan sartu zen indarrean. Epilogo harekin gauzatu zen Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Il Gattopardo eleberrian ezagun egin zuen ideia: aldatu, denak berdin segi dezan.

Bihar: Fernando Mikelarenari elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.