Dena prest dute Azpeitian urriaren 6ko Kilometroak jairako

'Izpiz izpi' lelopean antolatu dute jaia, eta hiru ardatz dituzte oinarri: euskara, herrigintza, eta kulturartekotasuna eta aniztasuna. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte, eta 1.000 boluntario arituko dira lanean.

Kilometroak jaia aurkeztu dute gaur Azpeitiko ikastolan. BERRIA
Kilometroak jaia aurkeztu dute gaur Azpeitiko ikastolan. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko irailaren 26a
17:05
Entzun

Urriaren 6an Kilometroak jaia ospatuko dute Azpeitian (Gipuzkoa): dena prest dute Ikasberri ikastolaren aldeko egunerako. Izpiz izpi lelopean antolatu dute jaia, eta hiru ardatz dituzte oinarri: euskara, herrigintza, eta kulturartekotasuna eta aniztasuna. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte, hiru ardatz horiekin bat egiten dutelako. 1.000 boluntario arituko dira lanean, eta jaira gerturatzeko dei berezia egin diete aniztasun funtzionala dutenei, haientzat ere egokitu baitute jaia. Funtsean, mezu hau helarazi dute Ikasberri ikastolakoek urriaren 6ra begira: «Erabili erruz euskara!».

Gaur eman dute Gipuzkoako ikastolen jaiaren xehetasunen berri, eta orain arte egindako bidea gogoratu dute. «Kilometroen usaineko urtea» pasatu dute Azpeitian orain arte, Alaitz Epelde Ikasberriko artezkaritzako ordezkariak eta ikastolako gurasoak azaldu duenez. Kultur izpiak izenburupean denetariko egitasmoak antolatu dituzte, ikastolaren komunitatean eta Azpeitian eragina izateko asmoz. «Hasiera-hasieratik esan dugu Kilometroen urtea harremanen urtea izatea nahi genuela, eta Azpeitiko eta Azpetiaz kanpoko eragileekin sortu ditugu harreman berriak», kontatu du Epeldek.

Dena dela, Azpeitia orain urriaren 6aren zain dago. Lau gune izango ditu jaiak, eta denetariko ekintzak eta ikuskizunak antolatu dituzte: gazteentzako erronka probak, umeentzako jolasak, puzgarriak, tailerrak eta beste hainbat jarduera. Janari postuak egongo dira, eta ikastolako gimnasioan jaten emango diete 600 laguni.

Izpiz izpi osatuko dute jaia, baina protagonistak hiru izar izango dira: Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Omendu egingo dituzte, eta arrazoiak azaldu ditu Gorka Artolak, aurtengo Kilometroak jaiaren koordinatzaileak: «Azken ia lau hamarkada hauetan, herriz herri eta mugimenduz mugimendu ibili dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots sudur-gorriak euskaraz haur eta gurasoak alaitzen. Euskara ardatz nagusi izanik, gizartean pil-pilean edota isilago bizirik dauden gaiak jorratu dituzte euren emanaldietan, baita sorkuntza lanetan ere. Euskal gizarteari egindako ekarpena aitortu eta eskertu nahi diegu Kilometroak jaian, baita egiten jarraituko dutena ere».

Denena da festa

Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa ere landu dute Kilometroetako hezkidetza lantaldeak, Azpeitiko Emakume Txokoak eta udalak. «Kilometroetan ez da inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edota arrazistarik onartuko. Denona da festa eta denona da ardura. Aske eta errespetuz gozatzera gonbidatzen zaituztegu bertaratuko zareten guztiak», nabarmendu du Artolak.

Atzegi eta Marea Urdina elkarteekin ere elkarlanean aritu dira jaiaren antolatzaileak, eta desgaitasunen bat dutenentzat ere prestatu dute jaia. «Pase azkarrak aterako ditugu beharra dutenentzat. Pase hori dutenek lehentasuna izango dute ekintzetan parte hartzeko, eta baita ilarak sortzen diren eremuetan sartzeko ere», azaldu du Artolak.

Gainera, antolatzaileek gogorarazi dute Azpeitia arnasgunea dela euskararentzat, eta jaia «euskaltzale guztientzako arnasgune» izatea nahi dutela. «Beraz, erabili erruz euskara ibilbidean, kontzertuetan, txosnetan, lagun artean eta ahal duzuen guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.