Dena neurtzera ohitu behar

Elikaduraren, ariketa fisikoaren eta botiken arteko «oreka» bilatu behar izaten dute diabetikoek. Glukosa neurtzeko eta intsulina jartzeko sistemak egunerokoaren parte dira.

Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Diabetesa duten pertsonek, eritasuna kontrolatze aldera, bizitzeko ohitura asko moldatu behar izaten dituzte. «Gure egunerokoak ez du zerikusirik diabetesa ez duten pertsonen egunerokoarekin». Sole Ortiz Arabako diabetikoen elkarteko kideari duela berrogei urte atzeman zioten diabetesa, 11 urte zituela. Ordutik, elikaduraren, ariketa fisikoaren eta hartu behar duen intsulinaren arteko «oreka batean» bizi da. «Oreka topatzea ez da samurra izaten», aitortu du. Bere bizipena irakasgai bilakatu da elkartean diabetesa duten beste pertsona askorentzat. Kontatu duenez, elkartean gaixo askoren kezkak artatzen dituzte, batez ere gaitza duten haurren gurasoenak. «Euren seme-alaben gaixotasuna kontrolatzeko pautak aholkatzen dizkiegu», azaldu du.

Ikusi gehiagoBizitzak salbatu ditu

Orain errazago dute

Bizimodua bera aldatzen baitu gaitzak. 35 urte zituela detektatu zioten 1 motako diabetesa Gotzon Belokiri, odol analisi batean. Ospitalean zegoela jaso zituen bizimodu berria eramateko irizpideak: «Han bihurtu nintzen nutrizionista: elikagai bakoitzak duen karbohidrato maila jakin behar duzu intsulinarekin aurre egiteko». Ordutik, bere egunerokoaren parte dira glukosa neurtzeko eta intsulina jartzeko sistemak. «Ordenagailu bat daramagu itsatsita gorputzean, eta mugikorretik begiratu dezakegu glukosa nola daukagun».

Miguel Llagullonek bizi osoan intsulina txertatu behar izan du. 34 urte ditu, eta 1 motako diabetesa diagnostikatu zioten artean zortzi hilabete besterik ez zituela, eta horrek bizitza baldintzatu dio: «Orain errazagoa da, elikagaien etiketan azaltzen direlako balio nutrizional guztiak, eta aukera askoz handiagoa da diabetikoontzat, baina garai hartan oso zaila zen». 15 urterekin, intsulina bonba bat jarri zioten Lagulloni. «Askatasun izugarria» eman zion horrek: «Jada ez dut hainbeste kezkatu behar; lasaiago joan naiteke jatetxe batera, eta bizitza normalagoa egin dezaket».

Ikusi gehiago: Sonia Gaztanbide: «Aldi hartan, intsulina behar zuten gaixoak hil egiten ziren bost urteren buruan»

Francisco Javier Orzaizek, berriz, 2 motako diabetesa du, eta ez du intsulina hartzeko beharrik. 97 urte ditu, eta duela 43 diagnostikatu zioten gaitza. «Erregimena ezarri zidaten: gantzak eta azukrea zeharo murriztu, egunean hiru otordu egin, eta, oro har, elikadura zaindu, azukrearen grafikoetan zerra-hortzak ager ez daitezen». Horrez gain, gluzemia maila murrizten duen botika bat hartzen du: «Lehen, sei aldiz neurtu behar nuen glukosa. Orain, berriz, kontrolak noizbehinkakoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.