Koronabirusa

«Dena izan da oso arraroa»

Hasi dute unibertsitaterako atea ireki diezaiekeen etsamina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12.594 ikaslek. Ohiz kanpokoa izan da bidea, eta ohiz kanpoko eran ari dira: maskara jantzirik dutela.

Ikasle bat, etsaminean, atzo. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako ikasleek aurrez egin zuten bidea, eta asteon Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen txanda da: unibertsitaterako sarbide emango dien azterketa egitera deituta daude 12.594 ikasle. Atzo hasi ziren selektibitateko azterketak egiten. Koronabirusak eguneroko bizitza guztiz zedarritu du igaro hilabeteotan, eta, ezin bestela, aparteko berezitasunekin ari dira ikasleak ere azterketa honetan: pilaketak eragozte aldera, esaterako, ordena alfabetikoaren arabera sartu behar dute geletan, eta maskarak jantzita eraman behar dituzte. Ikasturte honen ezohikotasunak aspaldi hasi ziren, hala ere; martxoan oldartu zen izurria, eta etxetik jarraitu behar izan dituzte ordutik eskolarik gehienak. «Ordutik, dena izan da oso arraroa», zioen atzo Ordiziako ikasle batek, Maddi Acostak. «Zenbait kasutan positiboa izan da; niri, adibidez, nota igotzeko balio izan dit», onartu zuen. «Baina kasu guztietan ez da horrela izan». Etxeko martxan, ohiko eskolako eremutik kanpo, «kontzentratzea» zailagoa izan dela zioten hainbat ikaslek, zaildu egin diela horrek lana.

COVID-19aren inguruko prozesuaren ezohikotasunak duda ugari sortu dizkie, gainera, ikasle gazteei. Donostiako ikasle bat da Euken Alberdi; lehen asteetan oro itaunak zirela onartu zuen. «Ez genekien zer gertatuko zen». Orain, onbidean, Kirol Zientziak ikasten egon nahi du aurki, Bartzelonan. Azterketarako hainbat erraztasun eman dizkietela onartu zuen: «ondo prestatu gabeko gaiak» saihesteko era izango dute. Hain justu, bi azterketa motaren artean aukeratu beharrean izaten dira normalean ikasleak. Kasu honetan, ikasturteak izan dituen berezitasunak tarteko, bi hautuetako galderak aukeratu ahal izango dituzte. Oro har, estimatu dute ikasleek neurri hori. «Izan ere, martxotik orain artekoa gogorra izan da», azaldu zuen Irati Martikorena gazteak. «Historia eta horrelako gaietan, adibidez, apunteak-eta bidali dizkigute, eta geuk moldatu behar izan dugu horiek ulertzeko».

Irakasle ugari zeuden ikasleekin. «Babes morala ematera etorri gara», azaldu zuen Donostiako Larramendi ikastolako irakasle Amaia Intxaustik. Matematika irakasten die letretako ikasleei, eta, oro har, gazteek egin duten lana nabarmendu egin behar dela adierazi zuen: «Lan oso ona egin dute». Azken asteotan zentroetara joateko era izan dutela gogoratu zuen, eta gaiei azken bultzada bat ematen lagundu dietela. Eskertu zituen irakasleak ere etsaminetako aukerak «malgutzeko» neurriak; horiek horrela, ikasleek martxoa bitartean emandako gaiak bakarrik erantzuteko aukera izango dutela onartu zuen. Oro har, hala ere, etxeko martxan jardunda ere, landu beharreko gai guztiak lantzeko aukera izan dute beraiek zentroan. Ez nekerik gabe. Eskolak itxi eta lehen bi asteak, esaterako, oso gogorrak izan zirela azaldu zuen, eta egunak behar izan zituztela izurriak ekarritako egoera berriari neurria hartzeko.

Asteazkena bitartean jardungo dute ikasleei etsamina egiten. 11.758 ikasle Batxilergoa eginda iritsi dira selektibitatera; 836, Lanbide Heziketako ikasketak burututa. Erdiak baino gehiagok, %57k, euskaraz egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.