Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Dena bare sartaldeko frontean

Aspalditik dator EAJren nagusitasuna Bizkaian, eta ez dirudi luze gabe aldatuko denik; horrek ez du esan nahi herrialde horretako bozak interesik gabekoak direnik.

Unai Rementeria eta Juan Maria Aburto, Bilboko Euskal Museoan egindako ekitaldi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bizkaiko politikagintzan ezustekoak ez dira ugariak. Frankismoaren osteko lehen udal eta foru hauteskundeak 1979ko apirilean egin zirenetik, Bizkaiko ahaldun nagusi guztiak jeltzaleak izan dira, eta Bilboko alkate guztiak ere EAJko kideak izan dira. Bizkaian, EAJren hegemoniak 43 urte iraun du, eta, oraingoz, ez du bukatzeko itxurarik; are gehiago, kontuan hartuta azken bozetan, 2019an, aurrekoetako emaitzak hobetu zituela EAJk: Bilboko Udalean zinegotzi bat gehiago lortu zuen, hamahirutik hamalaura pasatuta, eta Batzar Nagusietan 25 ordezkari, aurrekoan baino bi gehiago.

Iritzi horretakoa da Eva Silvan politologoa (Madril, 1975): «Egia da, hauteskundeei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala direla erakunderik egonkorrenak. EAJk lortu du bere boto emaileak oso fidelak izatea. Oso litekeena da gauzek berdin jarraitzea eta EAJ berriro garaile izatea. Hala ez balitz, sekulako lurrikara litzateke, baina, oraingoz, ez da horrelako aldaketa baten zantzurik ikusten».

Horrek ez du esan nahi Bizkaian udal eta foru hauteskundeak interesik gabekoak direnik. Alde batetik, 112 herritan udal batzarraren osaketa erabakiko delako 113 izango lirateke Usansoloren desanexioa garaiz gauzatuz gero eta tokian tokiko errealitatea askotarikoagoa da EAJren nagusitasunak iradokitzen duena baino; eta, beste alde batetik, badaudelako beste aldagai batzuk, datorren urteko bozetan ebatzi beharrekoak.

Adibidez, Elkarrekin Podemosen bilakaera. Silvanek dioenez, Ahal Dugu-ren agerpena aldaketa handia izan zen Bizkaiko eta Hego Euskal Herriko egoera politikoan, eta, esaterako, 2019an Elkarrekin Podemosek oso emaitza onak lortu zituen Bizkaian, Batzar Nagusietan sei ordezkari eskuratuta: «Geroztik, gain behera dator. Ikusteko dago Yolanda Diazen inguruan ardaztu nahi den aukera politikoa horri buelta emateko gauza izango ote den».

EH Bilduren hautua

Beraz, Bizkaian aldaketarako ate guztiak itxita al daude? «Nik uste dut aldaketak, etortzekotan, EH Bilduren aldetik etor daitezkeela», esan du Silvanek, eta horretarako arrazoiak ere azaldu ditu: «Alde batetik, boto emaileak mobilizatzea lortzen ari den indar bakarra da: 2020ko hauteskunde autonomikoetan hura izan zen boto kopurua handitu zuen bakarra. Eta, beste alde batetik, EPren krisi eta gainbeheratik etekina ateratzen ari da. Hori bat dator azken bi urtean garatzen ari den estrategiarekin, alegia, gobernatzeko eta akordioak lortzeko gaitasuna duen indar politiko baliagarri gisa agertzea. EPk botoak galtzen dituela berresten bada, EH Bilduk etekina atera lezake horretatik».

Edonola ere, kontuan hartu behar da Batzar Nagusietan EAJk hamabost batzarkideren aldea ateratzen diola EH Bilduri. Tarte handiegia da aldaketa esanguratsuak egongo direla pentsatzeko. Zenbait udalerritan auzia bestelakoa da: 2019an, EH Bilduk alkatetza kendu zion EAJri zenbait herritan, Durangon eta Galdakaon esaterako, EPren eta tokian tokiko hautagaitzen laguntzarekin. Aldaketa horiek berrestea eta herri gehiagotara hedatzea ez dago soilik EH Bilduren emaitzen pentzudan: EPk beherakadari zelan eusten dion ere garrantzitsua izango da horretarako.

Horrek beste gai bat jartzen du mahai gainean: EAJren eta PSE-EEren gaur egungo aliantza politika hautsi, eta ezkerreko hiru indarren arteko balizko akordioa. Silvanek uste du gaia «hauteskundeen agendan» egongo dela eta hizpide nagusietako bat izango dela kanpainan, baina pentsatzen du goiz dela ezer aurreratzeko: «Lehenengo baldintza da ezkerreko hiru indarren emaitzak nahikoak izatea; baina, nire ustez, faktore erabakigarria da luze gabe bestelako bozik ez egotea. Epeak betetzen badira, 2023. urtearen amaieran Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira. Argi dago EH Bildurekin akordioa egiteak Espainian kalte egiten diola PSOEri. Hauteskunde horiek aurreratuko balituzte eta PSOE garaile suertatuko balitz, orduan PSE-EEk ez luke presio hori izango bestelako akordio politika bati ekiteko. Aldiz, Espainiako hauteskundeak udal eta foru bozen ostean balira, seguru asko PSE-EE deseroso sentituko litzateke norabide aldaketa hori egiteko».

Lidergoen feminizazioa

Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateak aukera guztiak dituzte beste lau urtez jarraitzeko, baina Silvanek ez du baztertzen aldaketak egotea: «EAJk lidergoen aldaketaren eta politikaren feminizazioaren auziari heldu behar dio. Hiru foru aldundietarako eta hiru hiriburuetarako zerrendetan emakumeren bat aurkeztu beharko luke buru. Instituzio horietan gaur egun dagoen emakumeen ikusezintasuna beste lau urtez luzatzea justifikatzeko zaila izango litzateke. EAJk keinu hori egin behar du, gainerako alderdiek egin dutelako jadanik».

Silvanen ustez, EAJk Gipuzkoan du aukera gehien aldaketa hori egiteko, baina ez du baztertzen Bizkaian ere «urrats hori egitea» eta ahaldun nagusi izateko edo Bilboko alkatetzarako emakume bat aurkeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.