Zuztarreko aldaketak gogoan, erronka handiak jarri dizkio azken urteotan feminismoak bere buruari, Martxoaren 8ko grebak horren erakusgarri argia izan dira, eta irrika eraldatzaile horrekin mintzatu ziren atzo solaskideak Durangon (Bizkaia) V. Jardunaldi Feministetako lehen mahai inguru nagusian, Bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak izenburupean. Txefi Roco Sanfilippok txalo artean esandako hitzek laburtu zuten anbizio hori: «Den-dena aldatzera gatoz».
Greba feministek utzitako galderetako bati erantzuten saiatu ziren mahai inguruan: nola jarri bizitza erdigunean? Askotariko kezkak ditu mugimendu feministak, eta denak uztartuta aurrera egiteko mosaiko bat osatzen saiatu ziren partaideak. Zapalkuntza gorpuztu horietatik mintzatu ziren Onekako kide Nekane Berriotxoa, Etxaldeko partaide Amets Ladislao, Itaiako Nadia Perez Hidalgo, Bilgune Feministako Nahia Torrealdai eta Trabajadoras No Domesticadaseko Txefi Roco. Etxeko eta zaintzako langileen izenean aritu zen azken hori, sektorea erronka handi baten sinbolo delakoan: «Lau zapalkuntzek gurutzatzen dute: kapitalismoa, matxismoa, klasismoa eta arrazakeria. Laurei aurre egiten badiegu, mundua aldatuko dugu».
Izan ere, maiz esanagatik ez da egia txikiagoa pobreziak emakume aurpegia duela. Eta tartean badira talde kalteberagoak. Pentsiodunen egoera gordina ekarri du gogora Berriotxoak: «Emakume zahar askok bizi osoa eman dute lanean, zaintzan, baina egun ez daukate pentsiorik, eta haien senarren edo senideen mende bizi dira, prekaritate handian edo pobrezian, hilabete amaierara iritsi ezinik». Baserritarren egoera ez da hobea, Ladislaoren arabera: «Askok 800 edo 900 euroko soldatak ditugu, egunean 10 ordu lan eginda ere». Eta hori eragiten duen ereduak ez die soilik erasaten landa eremuko langileei: «Pentsatuko duzue Euskal Herrian eskura daukagula elikadura osasuntsua, bertakoa, ekologikoa... Baina ez da egia. Agroindustriak erabakitzen du zer jaten dugun, lau enpresa multinazionalek. Ia dena kanpotik dator, eta esplotazioan oinarrituta dago. Enpresen helburua ez baita elikatzea, baizik eta etekina, eta, horretarako, eredu intentsiboak erabiltzen dituzte: lurra, itsasoa, abereak eta pertsonak esplotatzen dituen eredu horrek hondamendia dakar».
Sistema «biozida»
Bat etorri da Torrealdai. Sistema kapitalista «birfundatzen» ari dela azaldu zuen: «Soilik batzuentzako lekua duela aitortzen duen kapitalismo basati baterantz doa, esplotazio modu berriak asmatuz, eta indarkeria erabiliz. Sistema biozida bat da». «Bizitzaren merkantilizazioa» gero eta eremu gehiagotara hedatzen ari dela erantsi zuen, eta, aldi berean, bizitza sostengatzeko ardura gero eta gehiago feminizatzen ari dela: «Sexuen araberako lanen banaketa sakontzen ari da, eta genero arduren banaketa ere bai. Zaintza eredu pribatizatu, familiarizatu eta esplotazioan oinarritutako bat indartzen ari da».
Hala, Bilgune Feministako kidearen ustez, kapitalismoaren aurka egiteko, ezinbestekoa da «bere ardatz heteropatriarkala jopuntuan jartzea». Itaiako ordezkariaren aburuz, ordea, langile klasea da borroka horren subjektu nagusia: «Berak ekoizten du burgesiaren aurkako boterea. Hala ere, langile klasearen barruan dauden subjektibitate guztiak kontuan hartu behar dira: opresio mota ororen kontrako borroka bat martxan jarri behar da».
Baina nolako mundua amestu? Nolakoak dira hainbeste aipatutako bizitza bizigarriak? «Gizartearen helburua bera bizitza izan behar da, ez aberastasuna ekoiztea», erantzun du Perez Hidalgok. Norbere bizitzaren gaineko erabakimena eduki beharra nabarmendu du, baina gaineratu du egun burgesiak duela langileen gainean kontrola, eta hori murriztera jo behar dela. «Botere propioaz hitz egiten dugunean ez gara ari emakumeek estatuan duten parte hartzeaz, baizik eta boterea langileen interesen alde eraikitzeaz. Emakumeok botere gutxi izaten dugu, eta erreformak proposatzera mugatzen da; gure ustez, erreformek balio dezakete, baina lege aldaketen bidez ezin da sistema justu bat lortu». Aldiz, «klase borroka eraberritzea» aipatu du Torrealdaik, eta lan horretan eskema patriarkalak haustea eta ikuspegi feminista txertatzea: «Begirada erreprodukzio sozialaren eremuan kokatu nahi dugu: bizitza posible egiten duten jardun eta harremanetan».
Proposamen zehatzagoak ere jarri dituzte mahai gainean. Pentsio duinak galdegin ditu Berriotxoak: «Gobernuek dirua jarri behar dute guztiok gutxienez 1.080 euroko pentsioak kobratzeko, zerbitzu publikoak doakoak izateko, botiken ordainketa partekatua kentzeko, eta zaintza lanak sozialki eta ekonomikoki aitortzeko». Elikadura burujabetzaren alternatiba ekarri du gogora Ladislaok: «Kontsumo eredua aldatu behar da: ezin dugu dieta berdina izan hemen eta Perun. Eta kontsumitzaile gisa, informatuta egoteko ardura dugu, gaitasun handia baitugu». Euskararen tokia aldarrikatu du Torrealdaik: «Burujabetza feminista euskaraz pentsatu eta praktikatu behar dugu: harrera hizkuntza da euskara, enpatiarako eta elkar zaintzeko tresna bat». Borroka prozesu zehatzak martxan jartzea aipatu du Perez Hidalgok: «Momentuko beharrei aurre egin behar zaie».
Etxeko langile egoiliarren figura desagertzea exijitu du Rocok: «Esklabotza modu bat da. Ezin dugu onartu XXI. mendean Latinoamerikatik edo Afrikatik etorritako emakume pobretuek guztiz bakartuta lan egitea, kontrolpean, astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz. Bizitza erdigunean jartzeko agenda kolektibo bat eraiki nahi badugu, gauza horiez hitz egin behar dugu, eta ekin». Bidearen lehen pausoak eman dituzte jada, baina elkarrekin ibiltzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute hizlariek. Horrek dakarren konplexutasunetik. Torrealdai: «Gure begirada intersekzionala izan behar da: zapalkuntza anitzen gurutzaketatik borroka komun bat sortzea, eta subjektu poliedriko bat. Burujabetza feminista da jendartea eraldatzeko palanka; bakarrik ezin dugu, baina beste borroka batzuekiko elkarlanean lortuko dugu. Feminismoak egingo gaitu herri».
Jardunaldi feministak
«Dena aldatu nahi dugu»
Bizitzak erdigunean jartzeko estrategiak eta bideak aztertu dituzte jardunaldietako lehen mahai nagusian. Borrokak uztartzea garrantzitsua dela adierazi dute hizlariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu