Soziologian eta Politika Zientzietan lizentziaduna da Gorka Urrutia Asua (Bilbo, 1973). Gainera, doktore da nazioarteko eta kultur arteko ikasketa programan, Deustuko unibertsitatean. Hain zuzen, hango Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua zuzentzen du. Gutxiengo erlijiosoak eta giza eskubideak ikertu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lan horri esker, Ikerketaren Pluraltasun eta Bizikidetza saria eman dio Espainiako Pluraltasun Erlijiosoaren Behatokiak.
Gutxiengo erlijiosoak aztertu dituzu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zergatik?
Espainiako Konstituzioan, erlijio askatasunarekin lotutako eskubideak onartu zituzten, baina ez da asko garatu gutxiengo erlijiosoen egoera. 2004an, Pluraltasuna eta Bizikidetza Fundazioa sortu zen, erlijio horiekin harremanak garatzeko. Lehen egitekoa zen haien argazkia osatzea. Guri eskatu ziguten hiru lurraldeotako egoera aztertzeko, 2008an. Beste ikerketa bat hasi zuten eskubide horren kudeaketari buruz, eta, besteak beste, hemengo lau herri hautatu zituzten. Aldi berean, tesia egiten nenbilen gai horrekin lotuta. Galdera bat planteatu nuen: konstituzioa onartu eta 35 urtera, nola liteke erlijio askatasunerako eskubidea egikaritu ez izana? Ideia horretatik abiatu zen ikerketa. Ez da fundazioaren mandatua, baina badu harekin harremana. Azterketa egiteko, lau erlijiotan oinarritu naiz, horiek baitira gutxiengo erlijiosoen %90: musulmana, ebanjelikoa, Jehovaren lekukoena eta ortodoxoa. Batzuek tradizio handia daukate gurean, besteak azken hamarkadan sartu dira batez ere. Ortodoxoa, adibidez, Errumaniatik, Errusiatik eta ekialdeko Europako herrialdeetatik etorritakoekin sartu da. Elkarrizketak egin nituen erlijio arduradunekin, eta, horietatik, lagin bat atera dut. Bestalde, hamahiru udal arduradunekin ere hitz egin nuen. Lagina ateratzeko, begiratu nuen zein herritan zeuden gutxiengo erlijiosoak: 300 bat talde daude, 57 herritan.
Aztertu duzun eremuan, zein erlijio praktikatzen dira?
Eliza katolikoa kontuan hartuta, zortzi dira. Horien artean, erlijio batzuek badaukate akordioa estatuarekin: katolikoek, ebanjelariek eta musulmanek. Judaismoak ere badauka, baina EAEn ez dago judu talderik. Horrek ez du esan nahi judurik ez dagoenik, baizik eta ez dagoela antolatutako elkarterik. Bestalde, hemen badaude erlijio ortodoxoa, Jehovaren Lekukoak, mormonismoa, budismoa eta zientziologia. Badaude beste erlijio batzuk ere, baina ez da kopuru handia. Adibidez, bahaii delakoa: Asian sortutako erlijioa da.
Erlijioen ezagutza eta aitorpena aipatzen dira liburuan, zergatik?
Batetik, zer dagoen ezagutu behar dugu. Bestetik, aitorpena, normalizazioa; gutxiengo erlijiosoetako kideak beste edozein herritarren moduan ikusaraztea. Izan ere, askotan, gauza arraro baten moduan ikusten dira, edo etorkinen kontua soilik balitz bezala. Baina kideak, oro har, euskal herritarrak dira, edo urte mordoa daramate hemen. Normalizatzen ari den fenomenoa da.
Aitorpenarekin, erlijio askatasunerako eskubideaz ari zara?
Konstituzioan, lege organikoan eta akordioetan, eskubide batzuk aitortzen zaizkie, baina, praktikan, arazoak dauzkate. Zergatik? Batetik, ezagutzarik ezarengatik: bai erlijio horietako kideen aldetik, bai administrazio publikoetako arduradunen aldetik. Horregatik, zailtasunak sortzen dira eskubideak egikaritzeko. Bestetik, beste edozein hiritarren moduan hartu behar ditu gizarteak, garatu nahi dituzten eskubideak ez baitira besteen desberdinak. Bi alderdi horietan behar da aitorpena.
Ez al dago uniformizatzeko joerarik?
Agian errazagoa da kudeatzea hizkuntza edo erlijio bakarra duen estatu bat; edo horietako bat ere ez duena. Baina liburuan diot estatu demokratikoek pluralistak izan behar dutela. Pluraltasunik ez badago, demokrazia ote den ere zalantzan jar dezakegu. Gurean, joera izan da dualismoa: edo erlijio katolikoaren jarraitzaile zara, edo ez zara erlijiosoa. Badaukagu, ordea, aniztasun ideologiko nabarmena, baita hizkuntzaren aldetik ere. Erlijio horiek, ordea, ez dira egon ez agendan, ez hedabideetan, ez inon. Azken boladan, islamarekin lotuta nabari da, baina ez dago horrenbeste musulmanik hemen. Ebanjelariak, adibidez, askoz gehiago dira.
Zein ondorio atera duzu ikerketa horretatik?
Funtsean, zailtasun handiak daudela giza eskubide bat egikaritzeko. Gainera, eskubide erraza da, nolabait esateko, oinarrizkoa baita. Adibidez, elkartzeko toki bat izateko eskubidea.
Liburuak ekarpena egingo du erlijio askatasunaren eskubidea gauzatu ahal izateko?
Bai, lehen atalak teorikoagoak direnez, ideia horiek proposatu ditut: erlijio askatasuna giza eskubidea dela eta lege esparruan aitortuta dagoela, eta pluraltasuna oinarrizko beste ezaugarri bat dela demokrazietan. Guztira, 300 talde inguru dira, baina biztanleen %2 eta %6 artean besterik ez dira gutxiengo erlijiosoetako kideak, kopuru oso txikia da Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero. Inkesten arabera, biztanleen %55 inguruk kokatzen dute beren burua katolizismoaren barruan, eta %35 ez dira ezein erlijiotakoak, EAEri dagokionean. Nafarroan, katolikoen kopurua apur bat handiagoa izango dela uste dut. Ipar Euskal Herriko egoera oso bestelakoa izango da seguruenik. Liburuak hori dena azaltzen du: eskubide horiek jasota daudela legeetan, zein den gizarte egoera eta zein zailtasun dagoen horiek gauzatzeko. Hori dena ezagutza faltarekin lotuta dago. Ezagutza hori dakar liburuak.
Gorka Urrutia Asua. Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria
«Demokraziaren oinarrizko ezaugarri bat da pluraltasuna»
Pluraltasun erlijiosoa agerikoa da egun, baina fede denek ez dauzkate erraztasun berberak. Maiz, gutxiengo erlijiosoek zailtasunak dauzkate euren eskubideak gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu