Demokraziaren berrikuntza izeneko jardunaldiak abiatu dituzte Bilbon, Euskalduna jauregian. Askotariko adituen eskutik demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak eta eraldaketarako tresna izan litezkeen esperientziak jaso nahi dituzte, ostirala bitarte. Bilbon eta Arantzazun egingo dira saioak, Arantzulab-ek antolaturik.
Ion Muñoa, Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta gizarte berrikuntzako idazkari nagusiak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak egin dute sarrera. Ondoren, bi hitzaldi izan dira: Nicole Curato Canberra-ko Unibertsitateko ikertzailea, honako hau hizpide hartuta: Demokraziak aurrera egin al dezake pribatizatutako esparru publiko batean? Deliberazio publikoa defendatzea garai teknofeudaletan. Eta diseinuari erreparatu dio Lucy Kimbellek, Londresko Arte Unibertsitateko ikerlariak, Diseinuaren papera berrikuntza demokratikorako izenburupean eman duen hitzaldian.
Ostegunean Arantzazun jarraituko du jardunaldiak. Goizean, Paolo Gerbaudo Madrilgo Complutense Unibertsitateko ikertzaileak hitzaldi hau emango du: Sare sozialetako erreakzioen demokrazia plebiszitarioa. Eguneko bigarren hitzaldia hau izango da: Fang –Jui Chang (Dark Matter Labs), Berrikuntza demokratikoak: teknologiak eta diseinuak gobernantzan duen eragina, ikasketa gakoak eta adibide batzuk izenburupean. Gero, lankidetzazko gobernantzari buruzko ikerketak aurkeztuko dituzte.
Ostiralean ere goizeko saioa izango da, eta Arantzazun segituko dute. Ingrid Burkett ikerlariaren hitzaldia izango da: Erronketan oinarritutako berrikuntza: demokrazia (bir)diseinatzea gure garaiko erronkei aurre egiteko. Australiakoa da bera, Griffith zentroko berrikuntza sistemikoko ikertzailea. Demokrazia deliberatiboa eta herritarren aktibazioa ere izango dute hizpide ondorengo saioetan.