Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak duela pare bat aste iragarri zuen asmoa duela «demokraziaren kalitatea hobetzeko» lantalde bat eratzeko, helburutzat hartuta demokrazia «indartzea» eta «erasoak» jasanez gero haiei aurre egitea. Iragarpen horri erantzunez, dokumentu bat ondu dute desgaitasunen bat duten hainbat lagunek: Osoko demokrazia inklusibo baten alde izena du testuak, eta lehendakariari eta Eusko Legebiltzarreko taldeei bidali diete.
Dokumentu horretan, desgaitasun fisiko edo intelektualen bat duten Euskal Herriko dozenaka lagunek salatu dute kolektibo horretako pertsonak «sistematikoki baztertzen» direla eskubideak baliatzeko eta aukerak izateko orduan, eta neurri zehatzak eskatu dituzte erabateko «herritartasuna» bermatua izateko. Besteak beste, talde politikoei eta lehendakariari galdegin diete «demokrazia inklusibo baten» alde egitea, eta martxan jarri asmo duten lantaldean elbarrien errealitatea eta eskaerak aintzat hartzea.
Dokumentua sinatu dutenen artean daude adimen desgaitasuna dutenak, itsuak, gorrak, mugitzeko gaitasuna mugatua dutenak, autismoa dutenak, eta osasun mentaleko arazoren baten ondoriozko desgaitasuna dutenak. Karmele Antxustegik, Arantza Basagoitik, Porfirio Hernandezek eta Inmaculada Cerecedak sinatu dute testua taldearen izenean.
Dokumentuan diotenez, inklusioarekin konprometituta daude, eta «gizarte demokratikoagoa» eraikitzeko «ekarpen baliotsuak» egiten dituzte. Haatik, salatu dute «bigarren mailako herritar» gisa tratatzen dituztela, eta herritar guztientzako berdintasuna bermatzen duten legeak ez direla betetzen.
Askotariko premiak eta oztopoak
Gogoratu dute askotariko premiak dituztela, baina errealitate berari aurre egin behar diotela: norbere bizi proiektua erabat garatzea zailtzen duten «oztopoekin» bizi direla, hain justu. Horietako batzuk aletu dituzte: mediku kontsultetan eta osasun zentroetan beharrezkoa duten osasun arretarik eta gaixotasunen ondorioak hobetzeko tratamendu egokirik ez jasotzea; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak «ikusezinak» izatea; egoitzetan eta etxeetan tratu txar «normalizatu eta iraunkorrak» jasatea; eraikin eta establezimenduetan sartzeko debekua izatea eta bide publikoan autonomiaz ezin ibiltzea; lan merkatu arruntean «ia erabat baztertuak» egotea, eta Mendekotasun Legeak aurreikusten dituen baliabide urriak jasotzeko «buruhauste burokratikoak» gainditu behar izatea, besteak beste.
Dokumentua sinatu dutenek azpimarratu dute indarrean dauden araudiak gorabehera ezin dutela gizartearen gehiengoaren «baldintza beretan» parte hartu bizitza politiko, sozial eta ekonomikoan, eta bazterketa horrek, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, kolokan jartzen duela gizartearen kalitate demokratikoa.
Horregatik eskatu dute ez soilik lehendakariak iragarritako lantaldean egotea, baita herritar guztiei eragiten dieten gaiak jorratzen diren edozein gunetan ere. «Biztanleriaren parte bat kanpoan uzten duen demokrazia ez da erabateko demokrazia», erantsi dute. Haien ustez, gizartea demokratikoa izango da baldin eta inklusiboa bada, eta herritar guztiei lekua egiten badie. Testuaren egileak prest agertu dira lantaldearekin elkarlanean aritzeko, sinetsita baitaude elkarlana dela «gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa» lortzeko modua.