Demokrazia hobea da «beste edozein erregimen baino», hamarretik bederatzirentzat

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar gehienek, ordea, uste dute ez dutela tarterik politikan eragiteko. Arantzazulab-ek demokraziari buruz galdetu du

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusia ikerketaren berri ematen, atzo, Arantzazuko egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Oñati
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zer uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek demokraziari buruz? Galdera horretatik abiatuta, ikerketa zabal bat ondu du Arantzazulab-ek, EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin. Demokraziari buruzko ulermenak gurean ikerketaren emaitzek islatu dute, besteak beste, «demokrazia beste edozein erregimen mota baino hobea» dela hiru lurralde horietan galdetutakoen %88,4rentzat. Alabaina, %3 ere ez dira baieztapen honekin bat egindakoak: «Egoera batzuetan, erregimen autoritarioa hobea izan daiteke demokratikoa baino». Gainera, %5 baino gehiago ados dira honekin: «Ni bezalako jendeari bost axola zaio erregimen demokratikoa edo ez-demokratikoa egotea».

Arantzazulab-eko zuzendari nagusi Naiara Goiak azaldu duenez, «ahalik eta interpretazio gutxien» egiten saiatu da galdeketaren emaitzak aurkeztean, «aurrerantzean ikerlarien lana izango baita datuak sakonago interpretatzea», baina aurreratu ditu zenbait ondorio. Adibidez, alderdien arteko politikak eragiten duela «distortsiorik handiena» sistema politikoan, herritar gehienentzat. «Politikarien eta herritarren arteko zatiketaren literatura» islatu du ikerketaren landa lanak, beraz.

Guztira, hogei galdera egin ditu Arantzazulab-ek demokraziaren ulermenari buruz. Informazioa 2023ko otsailaren 22tik martxoaren 24ra bitartean bildu dute, telefono bidezko banakako elkarrizketak eginez. 18 urte edo gehiagoko biztanleriarena da lagina. 1.022 pertsonari galdetu diete Bizkaian, 661i Gipuzkoan, eta 490 pertsonari Araban; 2.173 pertsona elkarrizketatu dituzte guztira.

Demokrazia defendatu

Galdeketak islatu du herritar gehienek uste dutela egungo sistema politikoak ez diola tarte handirik uzten politikan eragiteko. «Zenbat uzten die sistemak zu bezalako herritarrei politikan eragiten?» galderari ia %40k erantzun diote «oso gutxi», eta ia %25ek «ezer ez»; %30 inguruk, berriz, uste dute «zerbait» eragiten uzten diela sistemak. «Hau da, hiru herritarretik bik uste dute sistemak ez diela uzten tarte nahikorik politikan eragiteko».

Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean oso zabaldurik dago demokrazia defendatzeko hautua. «Demokrazia defendatzeko prest zeundeke mehatxupean balego?» galderari baiezkoa eman diote ia %75ek. %11 inguru ez leudeke prest.

Eta zer da nahitaezkoa sistema demokratikoak iraun dezan? Erantzunek argi eta garbi erakutsi dute gehienek berdintasunarekin lotzen dutela ezinbestekoa dena. Herenek uste dute derrigorrezkoa dela «pertsona guztiak berdin hartzen dituen sistema judiziala izatea», eta ia beste herenek diote «herritar guztiek diru sarrera duinak izatea» dela nahitaezkoa. «Norberak pentsatzen duena beldurrik gabe esateko eskubidea» jo dute nahitaezkotzat ia %17k, eta beste %10ek esan dute demokrazia izan dadin «ordezkariak hautatzeko askotariko alderdiak» egon behar direla.

Beraz, gehiengo zabal batek lotzen du demokrazia «eskubideak eta askatasunak» bermatzearekin. Ongizate ekonomikoa bermatzea, gobernua «eraginkortasunez kontrolatzeko mekanismoak» izatea eta guztientzat justizia bera egotea ezinbestekoa da gehienentzat, era berean, Goiak azaldu duenez.

Hauteskunde kanpaina ate joka dagoen honetan, herritarrek demokrazia eraikitzeko moduen inguruan dituzten lehentasunak ere islatu dituinkesta zabalak, gehiengoak eta gutxiengoak aintzat hartuta. Gehienek (%81) nahiago dituzte «indar nagusien eta gutxituen arteko itunak, demokraziarekin identifikatuago» sentitzeko. Gobernuaren kontrol mekanismoen harira, gehienek(%65) nahiago dituzte «balio eta printzipioak» lehenesten dituzten gobernuak, «gobernu eraginkorrak» baino.

Demokrazia eta haserrea

Baina demokrazia hitzak sortzen duen sentimenduaz ere galdetu dute inkestan, eta, herenentzat baino gehiagorentzat, «axolagabekeria, mesfidantza eta haserrea» dira hitz horrek pizten dituen erreakzioak. Erdiei baino gehiagori (%52 ia) «konpromisoa» ekartzen die gogora.

Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren hausnarketa batek laburtzen ditu inkestaren emaitzen bi alde: atxikimendu handia dago «demokrazia kontzeptuarekin», baina haren «egikaritze errealarekin ez horrenbestekoa».

Arantzazulab-ek, EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikerlariekin batera, datu horiek guztiak eta beste hainbat xehatuko ditu aurrerantzean, adinka, generoka, jatorriaren arabera eta galdekatuen beste aldagai batzuen arabera, xede izanik emaitza gehiago azaleratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.