Jose Luis Uriz. Billy el Niñok torturatutakoa

«Demokrazia garaitik zor ziguten hori, eta orain kitatu da zorra»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
«Gizatxar hura ezagutzeko zorigaitza izan genuen». Frankismoaren azken urteetan, Alderdi Komunistako kide zen Jose Luis Uriz (Madril, 1948), eta bi aldiz torturatu zuten Billy el Niñok eta haren poliziek. Pozik hartu du albistea. Itxaropena galdua zuen.

Zer iruditu zaizu erabakia?

Ez zen logikoa Billy el Niñok eta beste polizia horiek dominak izatea. Jende asko atsekabetuta dago berandu etorri delako, baina uste dut pozgarria dela. Egun handia da. Zor ziguten hori, batik bat demokrazia garaian ezkerreko gobernuak egon direnetik. Kitatu dute zorra. Alde on horri begiratzen diot. Erabat bidegabea zen halako pertsona batek horrelako dominak eta oroigarriak izatea.

Orain arte, indultuak eta oroigarriak jaso izan dituzte torturatzaileek. Zer esan nahi du zuretzat emandako pausoak?

Memoria Demokratikoaren Legeak ematen du hori gertatzeko bidea. Ezkerreko gobernuak aurretik ez dira hori egiteko gai izan; are gehiago, PSOEren gobernuek ere torturatu egin dute. Oraingoarekin geratzen naiz. Ezkerreko koalizioaren gobernuak, Bilduren, ERCren eta EAJren babesarekin, posible egin dute hori. Tortura gure herrialdearen orban handi bat da. Niretarrek norabidea aldatzea eta, ez soilik torturarik ez praktikatzea, baizik eta dominak kentzea arindu bat da.

Urte asko iragan dira, baina tortura bizitza osorako izan ohi dela esaten dute. Nola izan zen bizipen lazgarri hura?

Bi aldiz atxilotu ninduten, baina lehena izan zen okerrena. Madrilen, Bideko Eskolaren eraikin batetik atera nintzen adiskide batekin, eta, autobus geltokira iristean, bi Seat 125 beltz atera ziren; haietako batetik, martxan, Billy el Niño atera zen. Hari buruz asko hitz egiten zen, eta berehala ezagutu nuen. Pistolekin apuntatu eta atxilotu gintuzten. Bidean, nire adiskidea kexatu egin zen eskuburdinak estu zituelako, eta Billy jipoitzen hasi zitzaion autoaren aurrealdetik. Txikia eta meharra zen, eta begiak suminduta zeuzkan. Hantxe jabetu nintzen zer espero genezakeen hurrengo lau egunetan.

Nolakoa zen?

Gozatu egiten zuen torturatzean. Beste batzuek, ez. Informazioa aterarazteko eskura zituzten metodo guztiak baliatzen zituzten. Billyk ez. Gozatu egiten zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.