Independentzia. Etxarri Aranazko galdeketako behatzaileak

Demokrazia behatuz

Euskal Herriko eta nazioarteko behatzaileak ariko dira etzi Etxarri Aranatzen independentziari buruzko galdeketan. Antolaketa onari, gardentasunari eta sinesgarritasunari garrantzi handia ematen diote guztiek.

enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Etxarri Aranazko etziko galdeketa Euskal Herriaren independentziari buruzkoa da, emaitzak izango du bere sona, baina orain, behintzat, sustatzaile taldearen ardura beste bat da: antolaketa aldetik guztia ondo ateratzea. Besteak beste, behatzaile ariko diren bi katalanek ohartarazi diete horren garrantziaz.

Josep Manel Ximenis da haietako bat, Kataluniaren Independentziarako Kontsulten Koordinakundeko presidentea. «Galdeketa egitea beti da zilegi, ariketa demokratiko bat delako, baina sinesgarritasuna izan behar du oroz gain. Hau da, zorrotza izan behar du, ezin da akatsik egin, kontsultaren aurka daudenek ezbaian jar ez dezaten».

Etxarri Aranazkoa izango da independentziari buruzko Euskal Herriko aurreneko galdeketa —itauna: Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan?—. Arenys de Muntekoa izan zen Kataluniako lehena, 2009ko irailaren 13an burututakoa. Ximenis hango zinegotzia zen orduan, eta behatzaileak inguratzea «zaila» izan zela aitortu du. «Lehen kontsulta zen, eta sinesgarritasuna falta zitzaigun. Kataluniako jendearen bila joan ginen, errazagoa baitzen. Hala ere, galdeketa egin genuenean, nazioarteko eragile batzuk izan ziren». Baita 300 kazetari ere; munduko ugari, tartean.

Parte hartzea %41ekoa izan zen — 2.671 boto—, eta botoa eman zutenen %96,2k independentziaren alde egin zuten. Gainera, antolaketa aldetik guztia ondo atera zen, Ximenisek dioenez. «Kontuan hartu estatua ordezkatzen ari ginela. Zailtasunak jarri zizkigun, baina erakutsi genuen hura bezain eraginkorrak ginela».

Katalunian indarra hartu zuen formulak eta, hiru hilabetera, beste 167 galdeketa egin zituzten. 2011ko apiril artean guztira, 554; kasurako, Bartzelona hiriburuan. Beti, behatzaileekin, eta herri dinamika gisa planteatuta.

Gizarte ekimena

Mario Zubiaga EHUko Zientzia Politikoetako doktorea izango da etzi beste begirale bat. «Gizarte ekimenari» ematen dio garrantzia hark. «Interesgarria deritzot filosofia horri. Alderdi politikoekiko autonomiaz aritu beharra dago, egutegi propioak ezarrita». Kataluniakoa jartzen du adibide gisa: «Bost urte ere ez dira gizarte ekimenez kontsultak antolatzen hasi zirela, eta begira nola dauden. Gurean hasi baino ez gara egin». Haren ustez, oraingoz, ezin da aurreikusi bilakaera. Bitartean, Zubiagak dio etzi behatzaileek «normaltasun demokratikoa egon dadin lan» egingo dutela.

Herri kontsulta egiteko bigarren saioa dute Etxarri Aranatzen. 2012ko abenduan hasi zuen Etxarri 2012+1 taldeak bidea. Honek herrian 360 sinadura bildu ondotik, udalak iazko maiatzean galdeketaren aldeko mozioa onartu zuen. Nafarroako Gobernuak auzitara jo zuen, eta herrialdeko auzitegiak baliogabetu egin zuen, halako gai bati buruzko kontsultaren eskumena udalarena ez dela argudiatuta. Maider Goñi (NaBai) alkate ohi eta egungo zinegotziak dio udala gatazka juridiko luze eta garestietan sar ez zedin kontsulta ez egitea erabaki zutela —Goñi ere ariko da igandean behatzaile—. «Gero sortu zen oraingo saio hau, eta udala ez da sartu ezertarako. Dena dela, egon seguru Nafarroako Gobernuak galdeketa zehatz aztertuko duela, nondik jo ikusteko. Horregatik egin behar dugu guztia ondo». Jose Javier Esparza Nafarroako Toki Administrazioetako kontseilariak kontsulta gutxietsi egin nahi izan du, adieraziz «antzezpen bat» izango dela, ondoko herrietako eta EAEko bizilagunek parte hartuko dutelakoan.

Araceli Markotegi etxarriaranaztar eta erretiroa hartua duen abokatu laboralista izango da beste ikuskatzaile bat. Hark iritzi dio legedi aldetik zuzena dela igandekoa, «herritar batzuen ekinbidea baino ez baita. Herritarren iritzia jasoko da, horixe besterik ez». Javier Morras Nafaroako Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak atzo jakinarazi zuen «segurtasun indarrek» esku hartzeko epailearen agindua egon behar dela, «eta hemen ez dago».

«Katalunian egin zituzten herri galdeketak, eta hau ere egingo dela uste dut», azaldu du Markotegik, zalantza batzuekin. «Eguna ez da lasai joango. Nafarroan Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren presentzia handia dugu, eta Sakanako eskualde honetan bereziki pairatzen dugu hori. Etxarri Aranatzen Guardia Zibila maiz sartzen da herri barruraino eta, nire ustez, igandean ere hemen ibiliko da bueltaka, herritarrengan eragin nahian edo». Horregatik uste du oso inportantea izango dela antolatzaileek, herritarrek eta behatzaileek egunari «normaltasun itxura» ematea. «70 urte egitear nago, ezagutu nuen frankismoa, jendea askatasun osoz aritzeari erabakigarria deritzot, eta horregatik inplikatu naiz behatzaile lanetarako».

Anna Arque katalana izango da nazioarteko beste ikuskatzaile bat —Ximenis eta biez gain, nazioarteko beste biak: Tatjana Zdanoka letoniar europarlamentaria eta Jan Van Esbroeck Belgikako Parlamentu Federaleko diputatua—. Kataluniako kontsultetako koordinakundeko Komunikazio eta Nazioartea batzordeetako arduraduna da Arque. «Esan izan da autodeterminazio eskubidearen alde gaudenak gutxiengoa eta estaturik gabeko nazioetakoak garela. Guk galdeketarekin bi topiko hautsi nahi genituen: batetik, eskubide honen aldekoak gehiengoa garela eta, bestetik, ez garela soilik estaturik gabeko herrietakoak. Eskoziako, Euskal Herriko eta Flandriakoak ez ezik, Alemaniako, Danimarkako, Finlandiako eta Turkiako behatzaileak izan genituen. Gatazka nazioartekotzeko tresna garrantzitsua da».

Inaki Irazabalbeitia Aralarreko kide eta europarlamentaria izan zen Kataluniako galdeketetan behatzaile aritu zen haietako bat. «Ilusio handia zuen jendeak, eta harritu egin ninduen nolako antolaketa ona zuten». Katalunian independentziaren aldarrikapenak daukan babesarekingeratu zen Irazabalbeitia, xehetasunei erreparatuta. « Herri batean etorkinen auzo batera joan ginen, eta haiek esan ziguten independentziaren aldeko botoa emango zutela galdeketan. 'Kataluniak gure herritartasuna bermatuko luke, eta Espainiak ez du halakorik egiten', zioten. Beraz, ikusten da herrialde independente batean herritar ororen eskubideak zaindu egin behar direla».

Konfiantza eraikitzeko

Etxarri Aranazkoa «esperimentu interesgarritzat» jotzen du Irazabalbeitiak. «Kontua da Euskal Herrian oraindik gatazkaren ondorioak konpondu gabe ditugula, eta fase hori itxi baino lehen zaila ikusten dut prozesu subiranista eraginkor bat garatzea. Konfiantza eraikitzen joan behar dugu, eta, bide horretan, Gure Esku Dago dinamikak eta Etxarri Aranazko galdeketak balio dezakete».

Katalunian balio izan zuten, Arquek azpimarratzen duenez. «Ordura arte independentziaren gaia kasik sekretupean egon zen, eremu txikietan. Galdeketen ondorioz, ordea, batek ikusten zuen bere lehengusua, edo bizilaguna, edo lantokikoa ere Kataluniaren independentziaren alde dagoela. Herritarrak bilakatu ziren protagonista, eta hura dena borondate kolektiboa bihurtu zen».

Bada alderik bi herrialdeen artean. Oraingoz, Euskal Herrian lehen galdeketa gauzatzeko garaia heldu da. Protokoloa badaukate antolatzaileek. Baikor ageri da Ximenis katalana: «Ongi ari dira Etxarriko lagunak, zorrotz. Itxura ona du igandekoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.