EUSKAL HERRIKO ERREAKZIOAK

Demokrazia Baik amnistia eskatu du zigortutako buruzagi kataluniarrentzat

Euskal Herriko hainbat eragiletako eta alderdi politikotako ordezkariek sinatu dute Demokrazia Bairen adierazpena. Gure Esku-k antolatutako ekintzekin bat egiteko eskatu dute.

jarraia172507.jpg
Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 16a
15:17
Entzun

"Procesa-ren ondorioz auzipetuen aurka Auzitegi Gorenak ebatzi berri duen epai larria arbuiatu egiten dugu eta izutu egiten gaitu". Horrela dio Demokrazia Baik aurkeztu duen adierazpenak. Euskal Herriko hainbat erakunde eta alderdi politikotako ordezkarien babesa jaso du.

Epai hori ebatzi duten epaileak "zuzenbidearen historiaren ohoregabedunen kapituluan" agertuko direla baieztatu dute. Aldi berean, sedizioa eta dirua bidegabeki erabiltzea egozten dieten buruzagiak askatu egin behar direla diote, "Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa eta duintasun demokratikoa ordezkatzen dituztelako". Herritarrek emandako agindua "modu baketsuan eta bide instituzionalak jarraituz" bete zutela gaineratu dute.

Azaldu dutenez, epai "zentzagarri" bat eman nahi izan dute, etorkizuneko balizko prozesu demokratikoei begira egindakoa. Salatu dute Kataluniako independentismoa "terrorismoarekin eta bortizkeriarekin" lotu nahi dela, "modu faltsu eta interesatuan". Pedro Sanchezkin ere kritiko agertu dira: "Sanchez presidenteak katalanismo politikoaren irudi demokratikoa eta baketsua zikintzea, Kataluniako herritarren gehiengoaren zati bat izutzea eta epaiaren aurkako mobilizazioak kikiltzea nahi du". Gaineratu dute desagertu egin dela "elkarrizketarako edo proposamen eraikitzailerako zantzuak", eta "errepresio poliziala zein judiziala lehentasunezko argudioak" bilakatu direla. Bart gauean izan diren protestei erreferentzia eginez, azaldu dute "Kataluniako prozesu guztiaren bertute handiena mugimendu baketsua" izatea dela.

Deomokrazia Baik esan du ez dagoela antzerako epairik Europako Batasunean eta "Euskal Herriko jendarte demokratikoa estatu espainiarraren aurrean kontzientzia kritikoa azaltzera" bultzatu dute. "Sententzia politikoa da. Uste dugu tribunala barregarri geratu dela, epaia aho batez onartu ahi izan duelako", esan dute Donostian egindako agerraldian. Horrekin batera, zigortutako buruzagi politiko kataluniarrentzat amnistia eskatu dute.

Besteak beste, hauek dira adierazpenarekin ados daudenak: Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Karlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia Nekane Altzelai EAko legebiltzarkide ohia; Ramon Zallo EHUko katedradun emeritua eta Eusko Jaurlaritzako kultura saileko aholkularia eta sailburuorde ohia; Xabier Oleaga Egineko zuzendari ohia eta Egunkariako zuzendariorde ohia; Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia EAtik; Manuel Diaz de Rabago EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakari ohia; Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia, Gesto por la Pazeko eledun ohia eta EB/IUko koordinatzaile nagusi ohia; Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia, parlamentari ohia Madrilen eta legebiltzarkide ohia HBtik; Miren Azkarate euskaltzaina, eusko Jaurlaritzako sailburu ohia eta Donostiako zinegotzi ohia EAJtik; Josetxo Arrieta Elkarrekin Podemoseko senatari ohia; Iñaki Zarragoa EAJko Getxoko alkate ohia eta EiTBko zuzendari nagusi ohia; Francisco Javier Caballero EHUko katedradun emeritua; Daniel Arranz PSOEeko Bizkaiko gobernadore zibil ohia; Txutxi Ariznabarreta EH Bilduko Arrankudiagako alkatea eta LABeko Idazkaritza Nazionaleko kide ohia; Carlos Etxeberri kazetaria eta Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko idazkaritzako kidea.

Gure Esku-k larunbaterako Donostian antolatu duen manifestaziora joateko deia ere egin dute, eta baieztatu dute, besteak beste, bertan izango dela Karlos Garaikotxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.