«Procés-aren ondorioz auzipetuen aurka Auzitegi Gorenak ebatzi berri duen epai larria arbuiatu egiten dugu, eta izutu egiten gaitu». Horrela dio Demokrazia Baik atzo Donostian aurkeztu zuen adierazpenak, eta Euskal Herriko hainbat erakunde eta alderdi politikotako kideen babesa jaso du.
Epai hori ebatzi duten epaileak «zuzenbidearen historiako ohoregabedunen kapituluan» agertuko direla baieztatu dute. Aldi berean, sedizioa eta dirua bidegabeki erabiltzea egozten dieten buruzagientzat amnistia eskatu eta libre uzteko galdegin dute, «Kataluniako Parlamentuaren gehi-engoa eta duintasun demokratikoa ordezkatzen dituztelako». Herritarrek emandako agindua «modu baketsuan eta bide instituzionalei jarraituz» bete zutela gaineratu dute.
Azaldu dutenez, epai «zentzagarri» bat eman nahi izan dute, etorkizuneko balizko prozesu demokratikoei begira egindakoa. Salatu dute Kataluniako independentismoa «terrorismoarekin eta bortizkeriarekin» lotu nahi dela, «modu faltsu eta interesatuan». Pedro Sanchezekin ere kritiko agertu dira: «Sanchez presidenteak nahi duena da katalanismo politikoaren irudi demokratikoa eta baketsua zikintzea, Kataluniako herritarren gehiengoaren zati bat izutzea eta epaiaren aurkako mobilizazioak kikiltzea». Gaineratu dute desagertu egin direla «elkarrizketarako edo proposamen eraikitzailerako zantzuak», eta «polizia errepresioa zein errepresio judiziala lehentasunezko argudio» bilakatu direla.
Astearte gauean izandako protestei erreferentzia eginez, azaldu dute «Kataluniako prozesu guztiaren bertuterik handiena mugimendu baketsua» izatea dela.
Demokrazia Baik esan du ez dagoela antzeko epairik Europako Batasunean, eta «Euskal Herriko jendarte demokratikoa» Espainiako Estatuaren aurrean «kontzientzia kritikoa azaltzera» bultzatu dute. «Sententzia politikoa da, eta tribunala barregarri geratu da, epaia aho batez onartu nahi izan duelako», esan dute Donostiako agerraldian.
Sinatzaileen aniztasuna
Ados daudela agertu dutenen artean hainbat alderdi politiko, sindikatu eta erakundetako ordezkariak daude, PSOEko Bizkaiko gobernadore zibiletik hasi eta HBko legebiltzarkide ohietara. Tartean daude Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, EAko legebiltzarkide ohia, EHUko katedradun emerituak, Egin-eko zuzendari ohia eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariorde ohia, Elkarrekin Podemoseko senatari ohia... Besteak beste, hauek dira Demokrazia Bairen agiriarekin ados agertudirenak: Juan Jose Ibarretxe, Karlos Garaikoetxea, Nekane Altzelai, Ramon Zallo, Xabier Oleaga, Esther Larrañaga, Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo, Rafa Diez Usabiaga, Miren Azkarate, Josetxo Arrieta, Iñaki Zarraoa, Francisco Javier Caballero, Daniel Arranz, Txutxi Ariznabarreta, Carlos Etxeberri eta Jesus Uzkudun.
Guztiek epai «gaitzesgarriaren» aurka mobilizatzeko deia egin dute; bereziki, Gure Esku-k larunbaterako Donostian antolatu duen manifestaziora joateko eskatu dute, eta baieztatu dute han izango dela, besteak beste, Karlos Garaikotxea.
Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian
Demokrazia Baik amnistia eskatu du Kataluniako buruzagientzat
Euskal Herriko hainbat eragiletako ordezkariek sinatu dute agiria. Gure Esku-k egun hauetan antolatutako ekintzekin bat egiteko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu