EA-ren kongresua

«Demokratikoki» eztabaidatzeko aukera egongo da EAren kongresuan

Hilaren 19an eta 20an egingo dute XIII. Biltzar Nagusia, eta bi ponentzia egongo dira mahai gainean. Osoko zuzenketa batek kolokan jarri du EH Bildurekin izan beharreko harremana.

Leire Pinedo eta Iker Ruiz de Egino EAko alderdikideak, gaur goizean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko otsailaren 12a
13:31
Entzun

Barne gatazka bete-betean bada ere, gainean da Eusko Alkartasunaren XIII. Biltzar Nagusia. Hilaren 19an ekingo diote, era telematikoan, eta igandearekin batera amaituko dute, aurrez aurreko ekitaldi batekin, Gasteizko Europa Jauregian. Alkar zainduz lelopean egingo da, eta, era horretan, asmoa da hurrengo urteetarako jarduera eta ildo politikoak erabakitzea, afiliazioak «demokratikoki» hautatzeko eta eztabaidatzeko aukera izatea mahai gainean dauden ponentzien inguruan.

Leire Pinedo Biltzar Nagusiko Prestaketa Batzordearen buruak eta Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak eman dituzte xehetasun horiek. Haien arabera, 2021eko uztailaren 21ean hasi ziren prozesuarekin, eta ordutik ponentzia politikoak eta estatutuak egiten, tokiko erakunde bakoitzean aurkezten, eta zuzenketak txertatzen, eztabaidatzen eta onartzen aritu dira, besteak beste; 150 zuzenketa aurkeztu dituzte, guztira. Horrez gain, kongresuan parte hartuko duten 249 konpromisarioak ere hautatu dituzte.

Biltzarrean, bi ponentzia egongo dira mahai gainean: politikoa eta estatutarioa. Baina EAko alderdikideek ohartarazi dute osoko zuzenketa bat izan duela lehenak. «Horrek ontzat ematen ditu ponentzia ofizialaren sei puntuetatik bost, eta frogatzen du alderdiaren barruko desberdintasunak ez direla ideologikoak». Dena den, badirudi desadostasunen bat edo beste badela: ordezko testuak aldatzea proposatzen duen atala alderdiak EH Bildurekin duen harremanari buruzko da. «Hauteskundeetara mugatutako koalizio eredura joatea proposatzen du, hauteskunde bakoitzean berariaz berregituratu beharko litzatekeena». Hala ere, nabarmendu dute proposamen horrek 2011tik «eraikitzen ari direna desegingo» lukeela, eta «arriskuan» jartzen duela Hego Euskal Herriko «gobernu alternatiba bakarra». Haien iritziz, EH Bildu da EAri bere estatutuetako lehenengo artikulua gauzatzen lagun diezaioken tresna; Euskal Herriaren independentzia erdiestea, alegia. Beraz, «funtsezkotzat» jotzen du alderdiaren funtzioa EH Bildun zentratzea.

Nolanahi ere, datorren asteko eztabaidak zehaztuko du norabidea. «Bada, horretarako dira kongresuak, eztabaidatzeko, adosteko eta adostasunik aurkitzen ez bada, bozkatzeko eta gehiengoaren erabakia errespetatzeko», azaldu du Ruiz de Eginok. Hala ere, Pinedok zehaztu du litekeena dela eztabaidaren ostean estatutuez gain, ponentzia politikoa ere izatea. Are, hori zehaztu ahala, azaldu du zuzendaritzako hautagaiak ere aurkez daitezkeela: «Behin kongresua hasita dagoela hautatu behar dira, baina kongresuko mahaiaren ardura da hori noiz eta nola aurkeztu behar den esatea». Beraz, ordura arte ez da berririk egongo.

Kongresua, «egoera zailean»

Bi alderdikideek aitortu dute «jakin badakitela» egoera «zailean» iritsi direla kongresura, eta oraindik badagoela «konpondu gabeko barne gatazka bat» ere. Hala nola, aste honetan bertan jakinarazi dute EAko Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu duela Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturiri, Mikel Goenagari, Miren Aranoari eta Esther Korresi lau urtez etetea EAko kidegoa, «frogatuta gelditu delako Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste eta oso larriak» egin dituztela.

Otsailaren 21ean izango da hori, eta, beraz, kongresuan parte hartzeko aukera izango dute; are, beraien burua zuzendaritzarako aurkezteko parada ere izango dute. Bada, horri tiraka, Pinedok eta Ruiz de Eginok azaldu dute biltzar nagusiak bide emango duela desadostasun guztiak mahai gainean jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.