Delitua egotzi diete AHTaren aurka protesta bat egin zuten bi pertsonari

Urtebeteko eta zortzi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskalak, desobedientzia eta erresistentziagatik.Sententziaren zain da auzia

Elkarretaratzea egin zuten, atzo, auzitegiaren egoitzaren aurrean. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Akusatuak errugabetzat jo ditzatela, berriz, defentsak. 2013ko azaroaren 9an, Nafarroako Gobernuaren egoitzako balkoi bateko bi banderaren mastetara lotu ziren bi pertsona, AHT abiadura handiko trenaren aurka protesta egiteko. Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartakbotatzeagatik epaitu behar zituzten Mugitu-ko lau kideei elkartasuna adierazi nahi izan zieten, ekintza haren bidez. Balkoira igo ziren, eta lepotik lotu ziren bi mastetara. Foruzainek askatu, eta atxilotu egin zituzten. Epaiketa egin zieten atzo, Iruñean; kanpoan, akusatuen aldeko elkarretaratzea egiten zuten, bitartean.

Delitua egotzi zien fiskalak bi akusatuei: erresistentzia eta desobedientzia larria. Urtebeteko espetxe zigorra eskatu zuen haietako batentzat; zortzi hilabetekoa, berriz, bertzearentzat. Biak errugabe jo ditzatela eskatu zuen haien abokatuak, berriz; eta erruduntzat joko balituzte, gehienez ere falta baten egiletzat jotzea galdegin zuen.

Protesta egin zutenen abokatuak defendatu zuen, batetik, bi akusatuei foruzainek ez zietela agindu argirik eman eta, ondorioz, ez zutela desobeditu; eta, bertzetik, ez zutela inolako erresistentziarik erakutsi. Defentsaren lekukoetako batek egindako bideoa erakutsi zuten atzoko epaiketan, gainera. «Irudiek argi uzten dute erresistentziarik ez zela izan», nabarmendu zuen abokatuak. Alderantziz gertatu zen, akusatuen hitzetan. Foruzainek lurrera bota zituztela azaldu zuten epailearen aurrean, eta burua zanpatu zietela belaunarekin. Berretsi zuten erresistentziarik ez zutela erakutsi.

Hiru foruzain izan ziren epaiketan, fiskalaren lekuko gisa. Batek erran zuen askatu zuten lehen gazteak erakutsi zuela erresistentzia, batez ere. Bertze batek adierazi zuen askatu zuten bigarrenagehien erresistitu zena. Hirugarrenak, berriz, onartu zuen askatu zituztenean ez zietela aurre egin balkoitik egoitza barrura sar ez zitzaten. Sententziaren zain gelditu da auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.