Okupazioa

Delitua ala eskubidea?

Polizia operazioak eta kriminalizazioa izan ohi ditu bidelagun okupazioak, baina mugimenduko kideek diotenez, haien xedea etxebizitza eskubidea gauzatzea da.

2006ko maiatzean, Bilboko Unamuno plazan utzita zegoen eraikin bat okupatu zuten gazte batzuek hamabi egunez. Irudian, ertzain bat, eraikina husterakoan, balkoian jarrita zegoen bandera pirata kentzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Bidegurutzearen erdigunean egon ohi da okupazio mugimendua, jabetza pribatuaren defentsaren eta espazioak erabiltzearen funtzio sozialaren artean; sistema ekonomikoari eta erakunde publikoei egiten dien kaltearen eta inguruko bizilagunei ematen dien onuren artean. Baina abandonatutako eraikin bat garbitzea, pintatzea, berrerabiltzea, bizitasuna ematea delitua da? Delitu izan daiteke, ekintza horren helburua etxebizitzarako eskubidea aldarrikatzea eta gauzatzea bada?

«Delitua, definizioz, gizartearen ustez zigortu beharreko jarrera bat da», erantzun du Iñaki Carro Bilboko Okupazio Bulegoko kide eta abokatuak. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak aztertu dituen usurpatze kasuei buruz datu deigarri bat eman du: ia berrehun epaietako bi herenetan, artxibatzearen edo absoluzioaren alde agertu dira epaileak. 2009aren hasieran izandako auzia ere jarri du adibide, Bilboko Erribera kaleko etxea okupatu zuten hogei gazte epaitu zituztenekoa: «Denek onartu zuten etxean bizi izan zirela, eta batzuek diskurtso politikoa ere bota zuten espekulazioaren kontra. Espero genuena gertatu zen: absoluzioa».

Hortaz, noiz hasi eta noiz bukatzen da delitua? «Normalean, gakoa da eraikina abandonatuta egotea», azaldu du abokatuak. Abandonua ere kontzeptu subjektiboa izan daiteke, ordea. Baita denboraren aldetik neurtuta ere: «Kode Zibilak abandonutzat jotzen du eraikina urtebetez erabili gabe edukitzea; niri gutxi iruditzen zait. Normalean, hamar urtetik aurrera hitz egiten da argi abandonuaz». Baina Carroren arabera, alde kualitatiboari begiratzen diote epaileek, hau da, «eraikinak bere funtzio soziala ez betetzeari».

Izan ere, hori da, abokatuaren ustez, jabetza pribatuak duen muga. «Jendea oker dabil pentsatzen badu jabeek eskubidea dutela etxea hutsik edukitzeko. Ez dago eskubide absoluturik: jabetzaren funtzio soziala errespetatu behar da, eta etxebizitza bat hutsik uztea horren kontra doa, jabetza txarto erabiltzea da».

Bilboko Okupazio Bulegoaren arabera, hiriburuan soilik 16.000 etxebizitza daude hutsik. «Baina merkatura 200 bakarrik ateratzen dituzte», azaldu du abokatuak; ondorioz, alokairuen eta hipoteken prezioa izugarri igotzen da. «16.000ko eskaintza egongo balitz, merkeagoak lirateke. Jakitun izan ala ez, etxeak hutsik dauzkatenak prezioak artifizialki igotzen ari dira».

Hori da, hain justu, okupazio mugimenduaren helburua, «espekulazioaren espiralaren aurka borrokatzea». Eta hala ulertzen dute epaileek ere. «Kode Zibilak dio etxe baten jabe bihur zaitezkeela, bertan 30 urte biziz gero. Hori kontuan hartuta, epaileek ondorioztatzen dute okupazioa ez dela delitua», azaldu du Carrok. «Kontrakoa», erantsi du, delitua abandonatzea eta espekulatzea izan beharko litzatekeela adierazteko. Espainiako Konstituzioan oinarria izango luke: «47. artikuluak dio herritar guztiek dutela etxebizitzarako eskubidea eta botere publikoek lurzoruaren erabilera arautu behar dutela, espekulazioa saihesteko».

Bide zibiletik zigorretara

Legediak, baina, okupazioa kriminalizatzera jo izan du. 1995ean Espainiako Zigor Kodeak delitu izendatu zuen, eta ordura arte bide zibiletik jorratutakoa arlo penalera igaro zen. «Bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorrak ezartzeko aukera ematen du, baina ez da inoiz halakorik aplikatu», zehaztu du Robert Gonzalezek. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoetako doktorea eta Soziologia irakaslea da, eta okupazioak politika publikoetan izandako eragina ikertu du. Ordena publikoaren inguruko politiketan izan du eraginik okerrena: errepresioa. «Baina sistema judizialean kritikak egon dira, legegilea urrunegi joan delakoan jabetza pribatuaren defentsan, etxebizitzarako eskubidearen inguruan».

Alde handia dago, beraz, epaitegiek ondorioztatzen dutenaren eta bestelako erakunde publikoek adierazten dutenaren artean. «Botere publikoek kriminalizazio diskurtsoak egiten dituzte batik bat, baina praktikan zigor kodea ez da azkeneraino aplikatu. Ematen du sistema bera konturatu dela mugimendu honen aurkako errepresioa neurrigabea dela», dio Gonzalezek.

Erakundeen diskurtso horiek, baina, ez dira kasualitatezkoak, soziologoaren ustez: «Mugimenduaren aurkako errepresioa legitimatzen saiatzeko modu bat da. Okupazioak min egiten die, sistema kapitalistaren injustiziak salatzen dituelako». «Postaletan agertzen den hiriaren ereduan traba egiten diegu», erantsi du Asierrek, Kukutzako asanbladako kideak, Bilboko Udalari buruz: «Erreferente bat izatera heldu ginen, eta horrek kosk egiten zien».

Irailean hustu eta eraitsi zuten Errekaldeko gaztetxea. Okupazioak gizartean duen onespenaren sinbolo bihurtu zen egun haietan Kukutza III, eta horren seinale izan ziren erresistentzia brigadak, eragileen sostengua, protestak... «Okupazioa legitimatu zen», dio Asierrek, eta mugimenduaren ospe txarra ere aldatu egin zela gaineratu: «Askok pentsatzen zuten okupazioa zela punk batzuk etxean sartzen zitzaizkizula oporretan zeundenean, baina uste dut ikusi zutela jende normala garela, mugimenduan aniztasuna dagoela eta arazo batek elkartzen gaituela: gazteontzako etxebizitzarik ez dagoela, ezta sortzeko edo hitz egiteko espazio publikorik ere».

Ondoan ditu Ibai, Kukutzakoa hura ere, eta Gisele, Bilboko 7katu gaztetxeko kidea. «Oihartzun mediatiko ikaragarria» izandako egun haiek bainoago, Giselek nahiago du hamahiru urtez egindako lana nabarmendu: «Jendearen sostengua eguneroko lanarekin lortzen da, eta Kukutzarekin hala gertatu zen: zalaparta guztia hasi zenean bazuen auzoaren ia gehiengoa alde».

Euskal Herritik kanpo, Kukutzaz gain, Iruñean 1994tik 2004ra jardunean izandako Euskal Jai gaztetxea hustu zuteneko «manifestazio erraldoiak» geratu zaizkio oroimenean iltzatuta Gonzalezi: «Kanpaina mediatikoen eta botere politikoen adierazpenen gainetik, sostengu handia lortu zuten. Azken batean, okupazio mugimenduaren diskurtsoak eta biztanle askoren sen onak bat egiten dute». Zenbait ikerketa aipatu ditu, mugimenduak «sinpatia maila nahiko altua» duela berresteko, «batez ere mugimenduak salatzen duen injustiziaz jabetzen direlako».

Hori dela eta, gizarte legitimazioaz mintzatzean, bi pertzepzio bereizi ditu soziologoak: batetik, iritzi publikoaren joera, komunikabide handiek gidatua, eta, bestetik, okupatutako eraikinetatik hurbil bizi direnena. Hark ere Kukutza ezagutu zuen: «Bizilagunek begi onez ikusten dituzte halako gizarte etxeak: urte askoan sendotzen dira, auzoari irekita funtzionatzen dute, askotariko jarduerak egiten dituzte...».

Mugimenduan bertan lantzen da bizikidetza hori. «Auzoan lan handia egin dugu bizilagunei azaltzeko okupazioaren ideia», azaldu du Giselek, 7katuri buruz. Lokal edo eraikin bat okupatu berritan, bizilagunak beldur izaten direla onartu du, «asanbladak kudeatuko duelako, asanblada hori gazteek osatuko dutelako...». Baina azkenean egunerokoak erakusten du haien lana: «Zarata handiegirik ez ateratzen saiatzen gara, auzokoekin biltzen gara, esaten diegu arazorik edukiz gero etortzeko…».

Bilboko Zazpikaleetako Dendarikalen berriki okupatutako etxearen eraikinean bizi direnak ere «pozarren» daude, Carro abokatuak esan duenez. Ohikoa da: «Etxe batean inor bizi ez denean, hezetasun handia dago, zikinkeria, arratoiak eta bestelako izurriteak agertzen dira...».

Sistemari pitzadurak

Carroren aburuz, enpresa askoren estrategiaren parte da: «Eraikin historiko bat erosten dute, eta udalek ez dietenez botatzeko baimenik emango, bakarrik eror dadin itxaroten dute». Planok zapuzten ditu okupazioak, «negozioa apurtzen die». Hain justu, pitzadura hori eragin nahi dute sistema kapitalistan, Ibairen hitzetan: «Espekulazioa dirua egiteko modu erraza izan da askorentzat, eta okupazio mugimenduak oso ondo jokatu du sistema horren aurka. Etxe hutsak eta erabili gabeak dauzkate espekulatzeko; horren kontra nola egin? Okupatuz, eta bizitza emanez».

Gonzalezen ustez, baina, «zoritxarrez» okupazioak ez du eragin handirik izan etxebizitzaren esparruan: «Eraikitzaileen eta finantzen sektoreak menderatzen ditu etxebizitza politikak, eta sektore pribatua oso itxia da, gizarte mugimenduen eraginari dagokionez».

Aldiz, mugimenduaren eragina nabarmenagoa izan da gazteei begirako politika publikoetan, «politikagintzan esparru nuklearra ez den arren». Hainbat tokitan, udal administrazioekin adostuta lortu dute gazteek espazio bat. Akordio horiek okupazio mugimendua legitimatzen dutela uste du soziologoak: «Espazio bat emateak frogatzen du espazio horren beharra bazegoela».

Deustuko Gazte Lokalak hogei urte bete berri ditu hala, Bilbon. Garai berean hitzartu zen Iralako Gazte Lokala ere, «eta udalak itxi egin zuen egun batetik bestera», Giselek gogorarazi duenez: «Belaunaldi aldaketa bat egon zen, denbora behar zuten ikasten joateko, martxan jartzen ari ziren... baina udalak erabaki zuen proiektua ez zihoala inora».

Gonzalezek onartu du kontraesan handiak antzematen direla akordioetan. Adibidez, bitxia da negoziazioak errazagoak izatea Madrilen, udalean zein erkidegoan PP agintean egonda, eta Katalunian zailtasun gehiago edukitzea, PSC-ERC-ICV hirukoa gobernuan izanda. «Alderdi politikoak ez daude prest herritarren autogestioari bide emateko. Eta ezkerreko alderdiek, gainera, lehiakide gisa hartzen dute okupazioaren mugimendua, euren oinarri sozialei begira, eta ez diote espazio gehiago eman nahi».

Mugimenduaren barruan pil-pilean dagoen eztabaidetako bat da, hain justu, erakunde publikoekiko harremana. «Ez dugu behar. Autogestionatzeko gai garela erakutsi dugu», esan du Asierrek. Kritiko jardun beharraren garrantzia nabarmendu du Ibaik: «Instituzioekiko erlazioek konfrontaziozkoak izan behar dutela uste dut, beti, eta esparru guztietan. Diru laguntzak, azkenean, kontrol modu bat dira». «Horrek sortzen du pitzadura sisteman: geure buruaren jabe izateak eta sormena diruaren gainetik egoteak», adierazi du Giselek.

Gainera, praktikak erakutsi die «ezinezkoa» dela. Kukutzarekin gertatutakoa gogoan du Asierrek: «Udalarekin bildu ginen, sinadurak eraman genituen, irtenbideak proposatu, eta ez zuen ezertako balio izan: iseka egin ziguten; engainatu gintuzten».

Larunbatean, aldarria kalera

Errekaldeko gaztetxea desagertzeak «umezurtz» utzi zuen okupazio mugimendua. «Erreferente» bat zela dio Giselek, oso eraikin handia zelako, han denetarik egiten zelako... «Horrek lanketa bat ekarri zuen antolatzeko moduan, agian beste gaztetxeetan egiten ez dena, espazioak eskatzen ez duelako». Baina beste galera bat utzi du, agerikoagoa: «Espazioa bera jada ez dago, eta han zeudenek arazoak dituzte beren jarduerekin jarraitzeko».

7katu ere erreferente bihurtu da: «Sinbolikoa, lautan bota gaituztelako eta bost aldiz okupatu dugulako». Bihartik aurrera, bosgarren urteurrena ospatuko dute, eta, larunbatean, manifestazioa egingo dute Bilbon. Kukutza bota ostean, gogotsu jarraitzen dutela esateko. Okupazioa gizarte mugimendua dela aldarrikatzeko. Baina Asier haratago doa: «Etxebizitza oinarrizkoa da, beharrezkoa, eta hori erabiltzen ari dira, jendearen sentimenduekin jolasten. Adreiluaren eredua jasangaitza da, ekonomikoki ez ezik, dakartzan balioengatik ere. Okupazioa irtenbide bat izan daiteke, baina niretzat bizimodu bat ere bada. Ni okupatzen bizi naiz, etxe okupatu batean. Batzuetan zaila dena polita ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.