Delinkuentzia immigrazioarekin lotu du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Mugan atxilotzen dituzten atzerritarren kopurua emendatu dela erran du, eta gorakada hori Lapurdi kostaldean izan diren delituekin lotu du. Pausa zentroari buruzko auzian helegitea jarriko dutela iradoki du.

Jean-Marie Girier prefeta, Irun eta Hendaia arteko mugan, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Jean-Marie Girier prefeta, Irun eta Hendaia arteko mugan, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 19a
09:13
Entzun

Historikoki eskuin muturraren diskurtsoa izan da delinkuentzia eta immigrazioa lotzea. Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak bere egin du ideia hori Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan egin duen agerraldian, eta atzerritarrei egotzi die Lapurdi kostaldean delinkuentziak izandako gorakada. Mugako kontrolak indartzeko borondatea agertu du.

Prefeturaren datuak dira: 2024. urtean, 5.264 atzerritar atxilotu zituzten departamenduan, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko mugan. Urte batetik bestera gorakada nabarmena izan dela erran du prefetak: 160 pertsona atxilotu zituzten 2024ko urtarrilean, eta 680 aurtengo urtarrilean. Legezko paperik gabe atxilotzen dituzten atzerritarrei dagokie datua. Ez du zehaztu zenbat izan diren Euskal Herrian eta zenbat Biarnon.

Ici Pays Basque irratian egin dioten elkarrizketan, gorakada horrek delinkuentzian eragina duela erran du prefetak. Lapurdiko kostaldeko datuak eman ditu, delinkuentziak gora egin duela adierazteko, eta immigrazioarekin lotu du gorakada hori. Haren hitzetan, urtarrilean izan diren delituen erdiak atzerritarrek eginak izan dira. «Frantzia guzian atzerritarren delinkuentziak gora egin duela antzematen dugu». 

Pausako harrera, bikoiztua

Bordeleko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zion joan den astean Euskal Hirigune Elkargoari, eta Frantziako Estatua zigortu zuen 836.740 euro ordaintzera. Migranteentzako Baionako Pausa zentroaren kudeaketari lotua da epaia. Auzitegiak ebatzi du zentroa irekitzean estatuak utzitako hutsunea bete behar izan zuela elkargoak. 

Oraindik erabaki ez badute ere, auzia Frantziako Estatu Kontseilura joanen dela iradoki du prefetak. Ohartarazi du urte bakarrean bikoiztu egin dela Pausa zentroan harrera egiten zaienen kopurua, eta iristen direnak jatorriaren arabera sailkatu ditu. «Inportantea da babes beharra dutenak Frantziak babestu ditzan; gure ohorea da, asilo eskubidea da. Haatik, ikusten dut iristen direnak ez direla kongoarrak, sudandarrak edo afganiarrak, hau da, gehien babestuak direnak. Iristen direnak nagusiki aljeriarrak, marokoarrak edo ginearrak dira. Gaur egun baita indiarrak eta pakistandarrak ere. Denak ez dira asiloa eskatzera heldu».

Ukrainako gerraren ondorioz babesa eman zaienak ere aipatu ditu prefetak. Ipar Euskal Herrian 350 ukrainar ingururi egin zaie harrera.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.