Annick Trounday (Ortzaize, Nafarroa Beherea, 1964) Ipar Euskal Herri barnealdeko departamendu kontseilaria da. Jean-Jacques Lasserre presidentearen gehiengoko presidenteordea da gai hauetan: gazteria, gizarteratzea, enplegua eta gizarte inklusioa. Ez du batere prezatu UNSA sindikatuak urtarril hondarrean zabaldu mezua eta izenpetze bilketa, baizik eta Baionako ospitaleko Sexu Osasun Zentroa hestekotan zela departamendu kontseiluak bere laguntza kentzekoa zukeelakoan. «Gezurra» dela dio.
Ikusi gehiago
ARS eta ospitaleko zuzendaritzarekin biltzekoak ote zarete gaiaz mintzatzeko? Hala bada, noiz?
Bistan dena. Zeren eta gezurra zen erratea guk zentro hori hetsi nahi genuela. Lehenik, ez dugu dretxorik horren egiteko, ez baita gure gain. 2022an legea aldatu zen, eta sail hori ez da gehiago departamenduaren gain, baizik eta estatuaren gain; ARSen gain. Orain arte, guk diru laguntza biziki inportantea ematen genion zentro horri [Baionako, 176.000 euro urteko] ; badakizue diru zailtasunak ditugula eta buxeteko lerro guziak hurbiletik so egiten ditugu.
Laguntza horren kentzea aztertzen ari zarete, beraz?
Nahiz gaia gehiago ez gure gain izan, deliberatu dezakegu segitzea orain arte bezala, edo diru laguntza hori poxi bat beheititzea. Edo deliberoa har dezakegu ospitalean egiten zen lan hori berriz gure zerbitzuen barnean sartzea [Departamenduarenak diren PMI zerbitzuak]. Baina, dena den, momentuan, deus ez da deliberaturik.
Hiru aukera horietaz mintzatzekoak zarete ARS eta ospitalearekin?
Bai, eta seguraz ere hitzorduak finkatuak dira.
Ez dakizu oraindik noiz bilduko zareten?
Ez da bilkura bat bakarrik izanen. Agendak ez ditut nik egiten; hori teknikariek dute ikusten. Baina segur naiz hitzorduak finkatuak direla.
Departamendu kontseiluaren aurrekontua martxo bukaeran bozkatuko duzue. Ez duzue arte horretan erabaki behar?
Aurrekontua egina izan da zentroko diru laguntza barnean izanez ondoko sei hilabeteetarako, lehenik. Horregatik diot ez dela oraino deus trenkaturik.
Sei hilabete hartuko dituzue, beraz, erabakitzeko?
Bai, hori da. Delibero hori ez dugu bakarrik hartuko. Guk apaltzen badugu laguntza, ARSek ospitaleari gehiago emanen ote dio? Lan hori gure PMI zerbitzuen gain ezarriz ikusten badugu sobera kario dela, ez du balio egitea. Horiek denak behar ditugu aztertu.
Orain arte ARSekoek zer erran dizuete?
ARSekin mintzatzen gara goxoki. Ez da arazorik haiekin. Mahaiaren inguruan izanen dira, eta segur naiz gauzak goxoki eginen direla.
Sexu Osasun Zentroko langileek diote ezen, zerbitzua PMIren gain ezarriz gero, beharra dutenen artatzeko bidea zailduko litzatekeela, eta anonimotasuna galduko. Zer diozu?
Bitxi da beldur izatea besteari buruz. Baizik ez luketela lan ona eginen? PMIn ere anitz lan eder egiten dituzte. Han ere anonimoa da, eta urririk. Ospitaleko zerbitzua PMIn sartzea ideia ona denetz, ez dakit. Baina ez du balio beldurtzea.
Baina aurrekontua trenkatu behar duzue.
Denak behar dira ikusi. Lehenik, nahi dut errepikatu ez dela deus deliberaturik oraino. Guk ardurak baditugu, eta buxeta ontsa atxiki behar dugu. Ahalak gutitzen ari zaizkigu, eta beharrak goititzen; eta beharrak badira denetan: jende xaharrak, babestu beharreko haurrak, jende ahulak, kultur elkarteak, irratiak... denetan obligatuak gara beheititzea, baina segitzen dugu ematen. Nahi dugu aurrekontu orekatua atxiki.