Del Burgok aitortu du PPk dirua eman ziola, baina uste du «legezkoa» zela

Bi ordainketatan parte hartu zuen, baina «bitartekari» gisa aritu zela esan du. Ukatu egin du soldata osatzeko diru saririk inoiz kobratu izana

Jaime Ignacio del Burgo, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
PPren ustezko B kutxaren harira Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan deklaratu du Jaime Ignacio del Burgo UPNko diputatu ohiak, lekuko gisa. Aitortu du duela hogei urte Luis Barcenas PPko orduko diruzainaren eskutik jaso zituela 3.000 euro eskudirutan, baina zehaztu du «bitartekari gisa» hartu zuela diru hori, eta erantsi du haren ustez hura «guztiz legezkoa» izan zela.

PPren diruzain ohi Luis Barcenasen paperetan agertzen da Del Burgo, eta, oharretako batean, zehazten da 2001ean 3.000 euro eman ziotela Elena Murillo UPNko zinegotziarentzat. ETAren atentatu baten ondorioz, Murilloren etxebizitza suntsituta geratu zen.

Del Burgok bere etxetik deklaratu zuen atzo, bideokonferentzia bidez, eta adierazi zuen diru hura ETAren biktima bat laguntzeko zela; horregatik uste du «zilegi» zela ordainketa hura: «Harro nago hura egin izanaz». Esan duenez, Luis Barcenasek eman zion diru hori zuzenean, Del Burgok Alvaro Lapuerta orduko diruzainari eskatu ostean.

Barcenasen paperetako beste ohar batean ere agertzen da Del Burgo. Horren arabera, 1991n zenbait ordainketa egin zizkioten, 24.000 euro orotara, UPNko kide eta Nafarroako Gobernuko Osasun eta Ongizate kontseilari izandako Calixto Aiesari emateko. Operazio horretan ere «bitartekari» soil bat izan zela esan du Del Burgok, eta erantsi du Aiesari eman beharreko diruak zerikusia zuela UCDren garaian eskatutako kreditu batekin.

Gainera, Del Burgok azaldu du Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznarrek bazuela Aiesari eginiko ordainketa horien berri, eta seguru asko hark aginduko ziola Alvaro Lapuerta orduko diruzainari ordainketa egin zezan.

B kutxarik ez

Bi ordainketetan parte hartu izana aitortu badu ere, Del Burgok behin eta berriro defendatu du operazio horiek «legezkoak» izan zirela. Are gehiago: alderdian bi kontabilitate eta legez kanpoko ordainketak egiteko B kutxa zeudenik ere ukatu egin du.

Gurtel auziaren epaiak frogatutzat eman zuen Alderdi Popularrean B kutxa zegoela, baina Del Burgok berriro ukatu du hori: «Jasotako diruak ez du esan nahi B kutxa zegoenik, garai haietan donazio anonimoak zeudelako; izaeragatik eskudirutan izaten dira donazioak, eta alderdiak pribatuan ordainketak egiteko edukitzen zuen eskudiru hori, baina horrek ez du esan nahi ordainketek edo prozedurek zilegitasunik ez zutenik».

Berak parte hartutako operazioen legezkotasuna frogatzeko, Del Burgok esan du ordainketen zor agiriak egin zituztela. «Hortaz, ezin da esan diru hori ezkutukoa zenik. Gero, zor agiri horiek kontabilitatean jaso zituzten ala ez, hori ez dakit nik». UPNko diputatu ohiak erantsi du garai hartan pentsatu izan balu ordainketa horiek legez kanpokoak zirela, «sekulakoak eta bi» esan izan zituzkeela: «Jarduteko modu horri bukaera emango geniokeen».

Duela zenbait aste epailearen aurrean egindako deklarazioan, Luis Barcenasek esan zuen ohikoa zela garai hartan alderdiko buruzagiek diru sariak jasotzea, haien soldatak osatzeko, eta ezkutuko diru hori jasotzen zutenen artean Jaime Ignacio del Burgo ere aipatu zuen PPren diruzain ohiak. Bere deklarazioan, Del Burgok ukatu egin du hori, eta esan du «inoiz» ere ez zuela alderditik aparteko diru saririk jaso. Jaume Matak, Javier Arenasek eta PPren beste zenbait buruzagik ere deklaratu dute Del Burgorekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.