BILBO. Atzo deklaratu zuten maiatzaren 7an Ernaik antolatutako mobilizazioan parten hartzen ari zirela Ertzaintzak atxilotutako gazteek. Desordena publikoa sortzea eta lesio delitua egozten diete zortzi auzipetuei. Zortzi daude auzipetuta, eta zazpik deklaratu zuten atzo, Bilboko Auzitegian. Maiatzaren 7an, Ernai gazte erakundeak mobilizazioak antolatu zituen Gazteok larrialdi egoeran gaude lelopean Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Bilbon eta Gasteizen istiluak izan ziren gazteen eta Ertzaintzaren artean, eta zortzi gazte atxilotu eta 65 pertsona zauritu zituzten.
Ernaik deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon, epaitegiaren aitzinean. Nabarmendu zuten maiatzaren 7an gertatutakoa ez zela «kasualitatea» izan. Ertzaintzari «eragile politiko» gisa jardutea leporatu zioten, eta salatu zuten Ertzaintzaren «gehiegikeriaren» biktima izan zirela eta manifestarien kontra «inpunitate osoz» jardun zuela. Erran dute borrokan segituko dutela, antolatuz, «ez baitago galtzeko ezer ez duen belaunaldi bat geldituko duenik».
Elkarretaratzearekin bat egin zuen EH Bilduk, eta han izan ziren Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre eledunak. Iriartek babesa adierazi zien zortzi auzipetuei. «Bere garaian erran genuen, eta gaur hori berretsi nahi dugu: astakeria hutsa da prekaritatea desagerraraztea besterik eskatzen ez zuten gazteak deklaratzera deitzea». Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari eskatu zion «delituak» egiteari uzteko, eta neurriak hartzeko, Ertzaintzaren jarrera «neurrigabeak» deuseztatze aldera.
Deklaratu dute maiatzaren 7ko istiluen harira auzipetutakoek
Desordena publikoa eta lesio delituak leporatu dizkiete. Ernaik Ertzaintzaren «gehiegikeriak» salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu