Deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak deitutako EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren mintzaidetzako sei kideek. Jokin Aranalde, Oxel Azkarate, Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin, Idoia Espias eta Lurdes Mendinueta bideokonferentziaz aritu dira Donostiatik, labur-labur, eta beren aurkako neurririk gabe atera dira epaitegitik.
EIPKren Herria dugu arnas gogoeta prozesuaren ondoren, kolektiboak helburua jarri zuen konponbidean eragile aktibo izateko eta iheslari eta deportatuen etxeratzea sustatzeko. Horretarako egindako urratsetako bat izan zen mintzaide taldea sortzea, 2013ko ekainean. Hamalau lagunek osatu zuten hura, eta tartean ziren gaur deklaratu duten seiak. Haien xedea zen harremanak sustatzea, eta helburu gisa jarri zuen Madrilgo eta Parisko gobernuetako ordezkariekin hitz egitea.
Sumarioa sekretupean dago, eta hala egongo da, gutxienez, ekainaren 9ra arte. Beraz, jasotako zitazioetan ageri den informazioa soilik ezagutzen dute sei lagunek. Hartan, EIPK-k 2013an ezagutarazi zuen prozesuari egiten zaio erreferentzia. Instrukzioko Epaitegi Zentralak adierazi du ikertzen ari dela ea ETAren zuzendaritzak emandako jarraibideak bete ote zituzten, eta ea talde hartako kideak ETAren «diziplina organikoaren» pean jardun ote zuten.
Horretarako, argudiatu du talde hark iheslarien arteko zuzendaritza lanak egiten zituela, haien egoeraren jarraipena egin, eta asistentzia juridikoa eta ekonomikoa eman. Naiz-ek argitaratu zuenez, ETAri 1999 eta 2010 artean atzemandako dokumentazioari ere egiten zaio erreferentzia.