Deitu dute Sorian ultrek eginiko erasoa gaitzestera

Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Iragan maiatzaren 27an, ultra talde batek eraso egin zion Ion A. 44 urteko Donostiako gizonari Sorian (Espainia), Numantzia eta Cornella taldeen arteko futbol partidaren aurretik. Hainbaten artean jipoitu zuten, eta, zaurien ondorioz, Burgosko (Espainia) ospitaleko ZIU zainketa intentsiboetako unitatean izan da ordutik, oso larri, eragindako koma egoeran. Naiz.eus atariak jakinarazi duenez, ordea, gizonak hobera egin du azken orduetan, sedazioa kendu diote, eta hasia da konortera etortzen. Bestalde, erasoa gaitzesteko eta biktimari babesa erakusteko helburuarekin, Donostia Antigua auzoko bizilagunek elkarretaratzea antolatu dute: heldu den ostegunean izanen da, ekainaren 15ean, 20:00etan, Gaskoinia plazan.

Antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez, Donostiako bizilaguna Soriara joana zen egun hartan, lagun bat bisitatzera. Egun horretan jokatzekoa zen Numantzia eta Cornella taldeen arteko partida, eta bi taldeotako zaleen arteko giroa «errespetuzkoa eta egokia» zela adierazi dute.

«18:00etan, ordea, 50 kaputxadunez osatutako talde faxista antolatu bat agertu zen inguruan, eta bi taldeen zaleei oldartu zitzaien, harriak eta kristalezko botilak jaurtiz, eta lurrean babesgabe edo zaurituta zegoen jendea joz». Egun hartan Sorian hiru talde faxista elkartu zirela salatu dute Antiguako bizilagunek: «Orgullo Numantino izeneko talde faxista batek bigantxen ikuskizun bat antolatu zuen, eta han izan ziren Guetto 28 eta Ligallo, Leganesko eta Zaragozako talde faxistak (Espainia), hurrenez hurren. Hor planifikatu zuten erasoaldia, han prestatu ziren, eta armak hartu zituzten».

Ultrek jaurtitako harrietako batek Ion A. donostiarra jo zuen buruan, eta gizona zerraldo erori zen lurrera, konorterik gabe. Lurrean zegoela, erasotzaileek ostikoka segitu zuten. Burezurra eta belarriko barne hezur bat hautsi zizkioten. Larrialdi zerbitzuek Soriako ospitalera eraman zuten eria, baina, han baliabide nahikorik ez zegoenez, Burgosko ospitalera lekualdatu zuten.

Bizilagunek salatu dute erasoa ez zela bat-batean gertatu, «aurretik koordinatua eta antolatua» izan zela, eta horren ostean autobusez alde egin zutela erasotzaileek. Horrez gain, Espainiako Poliziaren jokabidea txarretsi dute: «Zabarkeriaz eta utzikeriaz jokatu zuten», salatu dute, eta areago ere egin dute: «Polizia operazioaren arduradunak konplizeak izanen lirateke».

Espainiako Poliziarena ez ezik, hedabideen rola ere kritikatu dute Antiguako bizilagunek: «Lotsagarria da gertatutakoa borrokaldi baten gisara aurkeztu nahi izatea. Ez zen borroka izan, eraso faxista antolatua baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.