Elkarrekin Podemos

«Deialdiak ez ditu epai batzuk eta besteak bereizten: guztiak zaku berean sartzen ditu. Horregatik ez gara egongo»

Miren Etxebestek sare sozialetan azaldu du Elkarrekin Podemosek zergatik ez duen parte hartuko Kontseiluaren manifestazioan.

Miren Etxebeste. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko azaroaren 3a
17:37
Entzun

Elkarrekin Podemosek ez du parte hartuko Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen oldarraldia salatzeko deitu duen manifestazioan. Eusko Legebiltzarrak babesa adierazi dio deialdiari aste honetan, baina Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin da, eta euskara «gudu zelaitik ateratzeko» eskatu du Isabel Gonzalez legebiltzarkideak. Miren Etxebeste Gipuzkoako buruak sare sozialetan azaldu du alderdiak zer jarrera duen. Euskararen kontrako oldarraldian bereizketa bat egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemos-IUren eledunak. «Administrazio publikoko langileek edo herritar soilek oposizio prozesuetan jarritako errekurtsoak» jarri ditu alde batean, eta «PPk,Voxek eta C's-ek gure lege eta dekretuen aurka jarritakoak» bestean. Esan du Kontseiluaren deialdiak ez duela egiten bereizketa hori: «Guztiak zaku berean sartzen ditu. Horregatik ez gara egongo».

Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat da manifestazioaren leloa, eta Etxebestek administrazioko langileen hizkuntza eskakizunen esparrura darama herritarren hizkuntza eskubideen auzia. Horren arabera, «euskara tituluak izatea eta euskaraz jakitea oso gauza desberdinak dira» eta ezin dakioke eskatu hizkuntza titulurik lanpostu batean hainbat urtez jardun den langile bati. «Asko dira titulua lortu ondoren euskara inoiz erabiltzen ez duten langileak, eta askoz gehiago dira titulurik ez duten euskaldunak», adierazi du. Horregatik, beharrezkotzat jotzen du hizkuntza eskakizunak berrikustea.

Ikusi gehiago: Barakaldoko eta Laudioko udal langileak ere oldarraldiaren aurka

Bereizketa bat egin du azken asteetan auzitegietan euskararen normalizazioaren aurka hartu diren erabakietan ere. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legeaz eman zuen epaiari dagokionez, azaldu du «arazorik» ez izateko nahikoa dela udal testuak bi hizkuntzetan idaztea. EAEko Auzitegi Nagusiaren azken bi epaiak Konstituzionalarena baino askoz urrunago doaz, eta bat egiten dute eskuin muturraren argudioekin. Epai horietako batek dio euskara lehenestea legez kontrakoa dela; besteak baliogabetu egin ditu EAEko udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau. «Hauek bai, salatzen ditugu», esan du Etxebestek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.