Marta Martin Deia egunkariko zuzendari ohia izendatu dute Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboko zuzendari. Abenduan jarri dute kargu horretan. Besteak beste, Jaurlaritzaren komunikazio publikoaren eta publizitate komunikazioaren estrategia ezartzeko ardura izango du. EH Bilduk erabakia kritikatu du, eta datorren urteko lehen kontrol saioan azalpenak eskatuko dizkio Imanol Pradales lehendakariari izendapen horri buruz. Gainera, eskatuko dute «aldendu» dezatela zuzendari berria «publizitate instituzionalaren banaketa zuzentzeko eginkizunetik».
Garikoitz Mujika EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, «estetika politikoaren ikuspegitik, izendapena zalantzan jartzeko modukoa da, ideologia jakin bateko egunkari baten zuzendari izandakoak publizitate instituzionala banatzeak ez duelako objektibotasuna erakusten». EH Bilduk uste du izendapenak «interes alderdikoien susmoak areagotzen» dituela, eta herritarren eta klase politikoaren arteko «mesfidantza» areagotu egingo dela.
Mujikak gogoratu duenez, kargudun publikoen jarduera arautzen duen legean hau zehazten da: «Ez dute parte hartuko zenbait enpresa, sozietate edo erakunderen interesak ukitzen dituzten gaietan edo gai horien inguruko erabakietan, baldin eta beren zerbitzu harremana hasi aurreko bi urteetan enpresa, sozietate edo erakunde horietako zuzendaritza edo gobernu organoetan kargu publikodun gisa izan badira».
Bestalde, EH Bilduk ez du egokitzat jotzen Martin izendatzea ez duelako beharrezko euskara maila. Izan ere, koalizioaren esanetan, hau izango da haren eginkizunetako bat: Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta, euskararen erabilera normalizatzeko planean ezarritako helburuak zehaztea, eta helburu horiek ezartzeko eta ebaluatzeko behar diren ekinaldiak garatzea.