Euskal presoak

Dei Auzitegia Urrutikoetxearen estradizioaren alde agertu da Zaragozako atentatuagatik

Frantziako Gobernuak hartu beharko du Espainiaratzeari buruzko erabakia. Euskal presoaren defentsak helegitea aurkeztuko du Parisko Kasazio Auzitegian. Beste hiru eskaeretan, epaileak informazio gehigarria eskatu dio Madrili.

Josu Urrutikoetxea, 2002ko abuztuan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 8a
11:07
Entzun

Frantziako Dei Auzitegia Josu Urrutikoetxea euskal presoa estraditatzeko eskaeraren alde azaldu da, 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian, eta, eskaera teknikoki estradizioa denez, orain Frantziako Gobernuak hartu beharko du Espainiaratzeari buruzko erabakia. ETAk 11 lagun hil zituen orduan, bonba-auto bat lehertuta.

Defentsak helegitea aurkeztuko du Kasazio Auzitegian, Urrutikoetxearen sendiak BERRIAri jakinarazi dionez. Bost eguneko epea dute. Frantziako Gobernuak, berriz, ez du eperik erabakia hartzeko.

Espainiako Estatuak bi euroagindu eta bi estradizio eskaera aurkeztuak ditu Urrutikoetxearen kontra. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu ditu euroaginduak: gizateriaren aurkako krimenengatik —Madrilgo Barajasko bi hilketak (2006)— eta herriko tabernen auziagatik. Estradizioak PSOEren gobernuak galdegin ditu: Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzako kidearen hilketarekin (1980) eta Zaragozako 1987ko erasoarekin zerikusia izateagatik. 

Bi euroaginduen eta beste estradizioaren eskaerez Dei Auzitegiko epaileak informazio gehigarria eskatu dio Madrili  gaur, eta Espainiako Gobernuak eta auzitegiek hamar egunen buruan aurkeztu beharko du informazioa. Hiru kasu horien auzi saioa martxoaren 4an izango da. Laure Heinich defentsa abokatuak euskal presoa Espainiaratuko ez duten itxaropena agertu du, eta esan du epaileak informazio gehigarria eskatu izanak Madrilen «iluntasuna» erakusten duela. Lau kasuak joan den azaroaren 14an aztertu zituzten Dei Auzitegian.

Urrutikoetxea ez dute Espainaratuko Frantziak hiru kasu horiek ere eta ETArekin lotutako bi epaiketak ebatzi artean.

Iazko maiatzean atzeman zuten ETA zeneko ordezkari izandakoa, Frantziako Alpeetan, prostata ebakuntza bat egitera zihoala. Irailean operatu zuten. La Sante Parisko espetxean dago preso.

2002 bukaeratik sasian izan zen. Hain zuzen, 2002ko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak hitzordua jarri zion Zaragozako atentatuaren auziagatik, eta Urrutikoetxea ez zen agertu, haren aurkako «sasi-epaiketa» egingo zutelakoan. Guardia Zibilak egin zuen auziko txostena.

BERRIAren artikulua Zaragozako auziaren eskaeraz (2019-11-12)

1987. ZARAGOZA (estradizioa). Guardia Zibila biziki ukitzen duen auzi batp>

ETAk 11 lagun hil zituen 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako atentatuan. Gorenak Urrutikoetxea 2000n libre uztean, Guardia Zibilak txostena egin zuen, eta auzipetu egin zuten. Ez dago testigantza argirik.
...
Josu Urrutikoetxea 1996-2000n Espainiako Estatuan badaezpadako kartzelaldian izan zutenean, haren aurkako hogeitaka sumario irekitzen saiatu ziren. Ez zuten aski froga aurkitu, eta Frantziak 1990ean ETAko kidea izatea egotzita zigortu zuenez —hamar urteko kartzela— eta ezin zutenez gauza beragatik berriro epaitu, Gorenak aske utzi zuen, behin-behineko kartzelaldiaren gehienezko epea gain-gainean zutela. Lau urte horietan, besteak beste, ETAk 1987ko abenduaren 11n Zaragozan (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua atera zioten. Urrutikoetxea 2000ko urtarrilaren 14an irten zen espetxetik. Baina Guardia Zibilak 2001eko ekainean haren aurkako txosten bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, eta bidea egin zuen. Urrutikoetxea orduan legebiltzarkidea zenez, Gorenera pasatu zen gaia, eta 2002ko azaroaren 6an deklaratzera deitu zuen. Ez zen agertu, bere aurkako «sasi-epaiketa» egin nahi zutela deitoratuta; ezta bigarren hitzorduan ere, handik astebetera. Joan den maiatzean Frantzian atxilotu ondoren, Espainiako Gobernuak estradizio eskaera egin zuen.

Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak 125 orrialdeko eta 64 eranskineko dokumentu bat prestatu zuen 2001ean, eta tesia zen Urrutikoetxea ETAren zuzendaritzako kidea zela Zaragozako erasoaren garaian Francisco Mujika Garmendiarekin eta Joseba Arregi Erostarberekin batera; talde politikoaren buru zela —baita nazioartekoarena ere—; 1987ko atentatu hura egiteko erabakiaren parte izan zela, eta bitartekoak jarri zirela haren bidez ere. «Zantzu kriminalak» ikusi, eta Gorenak deklaratzera deitu zuen 2002an. Guardia Zibilaren arabera, ETAk gobernua presionatu nahi zuen Aljerko negoziazioei begira, indar erakustaldia eginda. 11 lagun hil zituen Zaragozan —tartean, bost haur—, kuartelaren aurka bonba-auto bat lehertuta; 88 lagun ere zauritu zituen.

—Soares Ganboa eta Rego Vidal p>

Guardia Zibila, besteak beste, Juan Manuel Soares Ganboa eta Juan Jose Rego Vidal euskal preso ohien deklarazioetan oinarritu zen Urrutikoetxea inputatu ahal izateko.

Soares Ganboak esan izan du Urrutikoetxeak «nahitaez» hartu behar izan zuela parte Zaragozan atentatua egiteko erabakian; izan ere, 1996an zioen «giroan» zegoela ETAko buruetakoa zela eta «publikoan jakina» zela hori. Baina urte berean aitortu zuen berak ez zekiela zein ziren zuzendaritzako kideak. 1995ean epailearen aurreko deklarazio batean ez zuen arlo militarrarekin lotu, eta, ETAren «bulego politikoaz» galdetzean, ez zuen haren izenik aipatu. 1996an epaileari azaldu zion harekin izandako harreman bakarra nazioarteko arloko kontu bat izan zela, pasaporte faltsu baten ingurukoa. Soares Ganboaren abokatuak urte berean zioen gehiegizkoa zela esatea bere bezeroa jendea zuzenean inplikatzen ari zela.

1996ko uztailean Soares Ganboak eta Urrutikoetxeak aurrez aurreko bat izan zuten Auzitegi Nazionalean, Madrilgo Dominikar Errepublika plazako atentatu bat (1986) zela medio. Aurrena zegoen auzipetua, han hamabi guardia zibil hil izana egotzita, eta adierazi ez zuen Urrutikoetxearengandik sekula ez zuela agindurik jaso, bera alor militarrekoa zela. Urrutikoetxeak onartu zuen ETA m-ko nazioarteko taldeko kidea izan zela, baina ez arduraduna —aurretik ukatu egin zuen erakundearen zuzendaritzako kidea izan zela—.

Rego Vidalek 1990eko hamarkadaren erdialdean zioen Zaragozako atentatuaren garaian hark «erabat» agintzen zuela ETAn, «buru nagusietakoa» zela, eta lotura zuela atentatuen finantzazioarekin eta antolaketarekin, baina 1997an ez zuen argibiderik eman horretaz. 1996an, berriz, onartu zuen ez zuela ezagutzen Urrutikoetxea.

—‘Argala’ taldearen buru ez

Florencio Dominguez kazetari eta Terrorismoaren Biktimen Memorialaren Zentroko zuzendariak ETAri buruzko hamar liburu ditu idatziak, eta horien artean da Josu Ternera. Una vida en ETA liburua, 2006koa (Josu Ternera. Bizitza oso bat ETAn). Han zioen Urrutikoetxeak 1980ko hamarkadaren erdian ETAren talde politikoaren ardura hartu zuela, eta, besteak beste, nazioarteko atala ere bere menpean zeukala, baina liburuan ez zuen zuzenean lotu Zaragozakoa egin zuen Argala komandoarekin, nahiz eta zioen taldea ETAren zuzendaritzaren agindupean zegoela —Poliziak 1990ean desegin zuen—. Dominguezen esanetan, Txomin Iturbe izan zen Argala komandoaren sortzailea (1977) eta «lehen nagusia», eta zioen taldeak ondoren beste hiru buru eduki zituela; ez zuen horien artean aipatu Urrutikoetxea. Kazetariak liburuan zioen Zaragozako kuarteleko erasoa «pertsonalki [Mujika Garmendia] Pakito-k» agindu ziela komandokideei.

Manuel Angel Sanchez Corbi koronelak, Cuadernos de la Guardia Civil-en (Guardia Zibilaren koadernoak), duela hiru urte, Mujika Garmendia jo zuen garai haietako ETAko burutzat Cómo la Guardia Civil derrotó a ETA (Nola garaitu zuen Guardia Zibilak ETA) artikulu luzean, Argala komandoari buruzko kapituluan. Auzitegi Nazionalak 2.354 urteko kartzela ezarri zion hari, 2003an, Zaragozako 11 hilketengatik eta 88 zaurituengatik; eta, horregatik, beste hainbestekoa Arregi Erostarberi —logistika ardura egotzi zioten—. Epaiketan, biek uko egin zioten deklaratzeari.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 1993an esan zuen 1984tik 1989ko urtarrilean atxilotu zuten arte nazioarteko taldearen arduradun izan zela Urrutikoetxea, eta saiatu zen Sokoa auziagatik (1986) Parisek estradizioa onar zezan, baina ez zuen lortu, Frantziak erantzun zuelako 1990ean epaitu zutela. Euskal presoaren seme Egoitz Urrutikoetxeak joan den ekainean AFP Frantziako berri agentzian azaldu zuen bere aitak ez zuela zerikusirik izan Zaragozako 1987ko atentatu harekin. « 1990ean, nire aita [Parisen] ETAren nazioarteko eta talde politikoko arduradun moduan zigortu zuten, sekula ez talde militarreko kide moduan. Barrua oso zatikatuta zegoen».

AEGC Guardia Zibilaren elkarteak joan den urrian kezka agertu zuen estradizioa lortuko ez delakoan; izan ere, ohartarazi du Auzitegi Nazionalak kasua behin-behinean artxibatzeko asmoa daukala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.