Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Aitor Urresti. Equo Berdeak-eko lehendakarigaia

«Defendatzen duguna bada utopia bat, baina posible den utopia da»

«Ekologia politikoaren» alderdi gisa izendatzen du berea, baina «animalia eta landareetatik haratago» doala ohartarazita. Energia aldaketa eta herritarrei hitza ematea ditu oinarri nagusitzat.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hainbat gizarte mugimendutatik dator Urresti (Bilbo, 1975), eta duela urtebete inguru hasi zen politikan. Gizarte eredua aldatzea amesten du, lor daitekeela uste du, eta ilusioz beteta dago.

Zer da Equo Berdeak?

Esan genezake ekologia politikoaren alderdia dela. Hala ere, horrek ez du esan nahi animaliak eta landareak soilik defendatzen ditugula. Izatez, Berdeak-Verdes-en oinordekoa da proiektua; estatuko 30 bat alderdi ekologisten baturatik dator, beraz. Lau ardatz dauzkagu gure proiektuan: ekologia politikoa, birsortze demokratikoa, giza eskubideak, eta berdintasuna eta zuzentasuna. Horren inguruan sartu gara politikan, Berdeak-eko jendeaz gain, jende berria ere bai. Oro har, berri horiei sartu zaigu politikan sartzeko grina azkenaldian, gauzak zelan dauden ikusita. Ni aspalditik nago gizarte mugimenduetan lan egiten, baina azkenaldian sentitzen nuen politika aktibora salto egiteko unea zela. M-15 mugimenduaren garaian alderdi berria sortzen ari zen, eta asko batu ginen horra.

Sortu eta denbora gutxira aurkeztu zarete Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Zein helbururekin?

Gure helburua da, batetik, ekologia politikoa agenda politikoan sartzea: gure proposamenak zabaltzea, gure ideien inguruan eztabaida sortzea. Alderdi handiak, batez ere, aurkezten dira zenbat hautetsi lortuko dituzten pentsatzen. Hori ez da gure helburu nagusia. Dena den, azken hauteskunde orokorretako emaitzak ikusita, uste dugu Arabako ordezkari bat eskura daukagula, eta, beraz, horretan saiatuko gara.

Euskadik behar dituen energiak da zuen leloa. Zeradierazi nahi duzue?

Hainbat ideia sartu nahi ditugu: Energia berriztagarrien ideia gordetzen du, baina energiak badauka kemenaren esanahia ere. Bestalde, berritasuna. Alderdi berria gara , XXI. mendekoa. Gure egitura ez da alderdi klasikoena, oso horizontala da, asanblearioa, guztia partekatzen saiatzen gara, gure programa guztien artean egin dugu, primarioetara jo dugu hautagaiak aukeratzeko... Bestalde, ikusi dugu betiko irtenbideek nora garamatzaten: oraingo egoerara. Beraz, erantzun eta ideia berriak behar dira; gizarteak izan behar du bere etorkizunaren jabe.

Krisia gainditzeko beste norabide bat hartu beharra aldarrikatu, eta Green New Deal eredua proposatu duzue. Zer da hori?

Krisialdia ekonomikoa da, baina baita ere ingurumenarena, gizarte krisia ere badugu, desberdintasunak gero eta handiagoak dira, energia krisialdia ere bada, eta produkzio ereduaren krisia daukagu. Horri guztiari eman behar diogu erantzuna. Erantzun integral bat bilatu nahian, Green New Deal horretan oinarritu dugu gure proposamena. AEBetan 30eko hamarkadako krisitik irteteko proposamena izan zen hori, ekonomia sustatzeko estatuaren inbertsio publikoa defendatzen zuena. Gure ideia hortik dator: murrizketak eta mozketak ez ditugu onartzen, eta uste dugu bidea beste bat dela, inbertsio publikoari heldu behar zaiola, eta, batez ere, ekoenplegua edo enplegu berdea sustatu behar dela.

Zer da enplegu berdea?

Enplegua bilatzea kutsakorrak ez diren industrietan. Enpresa garbiak, energia berriztagarriak, nekazaritza ekologikoa, zaintza eta halako sektoreetan oinarrituta lortzen dugun onura bikoitza da: enplegua sortzen dugu eta ingurumenari laguntzen diogu. Proposamen zehatz bat egin dugu, simulazio bat eginda zer-nolako aukerak dauden Euskadin horrelako sektoreetan lanpostuak sortzeko, eta ikusi dugu gutxienez 45.000 sor daitezkeela. Horrekin batera beste neurri batzuk ezarriz gero, adibidez ekonomia berriz lokalizatuz edo enplegua banatuz, 85.000 enplegu sortuko lirateke... 35 orduko lan astea eskatzen dugu, eta, hori lortuz gero, 32koa lortzea. 85.000 enplegu lortzeko aukera dago, eta hori da orain daukagun langabeziaren erdia. Gainera, hori ordaintzeko modua badago. Zerga sistema progresiboa ezarriz eta zerga iruzurrari aurre eginez, diru asko eskuratu daiteke, eta murrizketak alde batera utzi. Guk egindako kontuen arabera, 4.500 milioi euro jaso ditzakegu.

Horrek gizarte eredua osorik aldatzea eskatzen du?

Bai, noski. Batetik, uste dut pedagogia asko egin behar dugula. Gizarteak birplanteatu behar du, batez ere, zelan kontsumitzen duen. Neurriek bi aldetatik etorri behar dute: batetik, gizarteak konturatu behar du une honetan egiten dugun kontsumoa ez dela eramangarri. Baina, bestetik, aldaketarako neurriak aurrera eramateko, herritarren parte hartze aktiboa behar da; gizarteak ez badauka benetako konbentzimendua, aldaketa ezinezkoa da. Uste dugu gizarteak eduki behar duela bere etorkizunaren giltza. Beraz, gizarteari indar handia eman behar diogu, batez ere pedagogia asko eginda, zeren ekoizpen eredu osoak behar du aldaketa.

Bakegintzari eta normalizazio politikoari dagokienez, zein proposamen egiten duzue?

Garrantzitsuena da konturatzea arazoa politikoa izateaz gain gatazka soziopolitiko bat ere sortu dela. Beraz, politika alorretik erantzuna emateaz gain, gizarteak ere bere irtenbidea aurkitu behar du; gizartea kontuan hartzen ez duen irtenbideak ez du arrakastarik izango. Hortaz, proposatzen duguna da alderdiek bere mahaia egin nahi badute egin dezatela, eta gu ere egongo gara bertan; baina, batez ere, herritarrek ere bere gizarte mahaia egin behar dutela. Herritarrak prozesu osoaren protagonista aktiboak izatea nahi dugu. Guretzat, adibidez, Ibarretxe Plana-ren eskema hori, non alderdiak batzen diren, galdera bat prestatzen duten eta gero herritarrei galdetzen dieten eurek erabaki dutenari buruz, hori ez da gure irtenbidea. Herritarrek parte hartu behar dute hasieratik, eta prestatu behar dute zein izango den galdera. Uste dugu horrelako prozesu batean benetan garrantzia izango duena prozesua dela eta azkenean lortzen den erantzuna izango dela ia bigarren mailako zerbait. Prozesuan bertan joango dira arazoak landuz eta konponduz.

Egitura aldaketa ere proposatzen duzue. Zein da egitura mota hori?

Zehazteke dago. Aukera asko daude, eta ez gara horretan sartzen. Gainera, uste dugu independentziaren inguruko eztabaidan aukera gutxi ematen direla. Aukerak anitzak dira, eta ezin dira modu isolatu batean hartu. Ez da berdina nik zer-nolako harremanak izan nahi ditudan Espainiarekin, kontuan hartzen ez badut zer-nolako eredu produktiboa izan nahi dudan. Orduan, erantzunak globala izan behar du eta gizarteak erabaki behar du, baina, gainera, aldez aurretik ia gidarik izan gabe: gizarteak erabakitzea eta pentsatzea ia hutsetik.

Utopikoak izatea leporatuko dizuetela pentsatzen dut...

Bai, eta? Zertarako dago utopia? Aurrera joateko. Egia da utopikoak garela, baina badugu nolabaiteko utopia pragmatiko bat. Eredu ekonomikoaren eraldaketa osoa proposatzen dugu. Oso utopikoa dirudi, baina zenbakiak mahai gainean jarri, eta noraino hel gaitezkeen zehaztu dugu. Defendatzen duguna bada utopia bat, baina utopia posible bat da. Gainera, gero eta gehiago hausnartu, orduan eta argiago dugu krisitik ateratzeko modu bakarra gurea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.