Adimen artifiziala

Deep Seek: ChatGPT merkeago bat

Txinako enpresak adimen artifizialeko aplikazio bat sortu du: ChatGPTren funtzio bera du, baina 27 aldiz merkeagoa izan da hori garatzea. Dardarka jarri ditu AEBetako erraldoi teknologikoak.

Pertsona bat Deepseek aplikazioa bere mugikorrean deskargatzear. BRIAN BUJALANCE / EFE
Pertsona bat Deep Seek aplikazioa bere sakelakoan deskargatzear. BRIAN BUJALANCE / EFE
nerea intxausti
2025eko urtarrilaren 28a
15:30
Entzun

Heldu da ChatGPTri aurre egin dion adimen artifizialeko (AA) aplikazio berria: Txinako Deep Seek. Izenak bilaketa sakona esan nahi du ingelesez, eta halakoak egiteko gai izango da erabiltzailea, txat batean makinarekin elkarrizketa bat edukita. Orain egun gutxi arte erabat ezezaguna zen gehienentzat, baina azkar zabaldu da: ChatGPTren zerbitzu bera eskaintzen du, baina askoz ere merkeagoa izan da Deep Seek garatzea.

Deep Seek aplikazioak hankaz gora jarri zuen atzo enpresa teknologikoen balioa AEBetako burtsan. Izan ere, frogatu du adimen artifizial efizientea gara daitekeela Nvidia enpresaren txip garestirik gabe eta, beraz, askoz ere merkeago. Baita energia gutxiago erabilita ere.

AAko aplikazio batek burtsa dardaratu du?

Deep Seek-ek auzitan jarri du AAk txip oso boteretsuak behar dituen ustea, eta kolpea hartu du txip horien egile handienak, Nvidiak. Orain arte, uste zen indar handiko txipak behar zirela AAk funtzionatzeko, eta horrelakoak garatzen zituen AEBetako enpresa horrek. Merkatuaren %90 kontrolatzen zuen. Deep Seekek, baina, indar gutxiagoko txipak erabiltzen ditu, eta zalantzan jarri du Nvidia bezalako erraldoien negozio eredua.

Ondorioz, Nvidia burtsan munduko enpresarik baliotsuena zen lehen, eta egun bakar batean konpainiaren burtsako balioaren %16,9 baino gehiago galdu zuen —hau da, 589.000 milioi euroko galera izan zuen—. Burtsaren historian akzio batek izan duen balio galera handiena izan da, eta, ordura arte Apple eta Microsoft konpainien gainetik bazegoen ere, orain hirugarrena da sailkapenean. 

Zer da ba Deep Seek?

Adimen artifizialean espezializatutako Txinako enpresa teknologiko baten izena da Deep Seek; Liang Wenfengek sortu du. Haren adimen artifizialeko aplikazioak edozein galderari erantzuteko balio du, eta erabiltzaileekin elkarrizketak izateko gai da, baita erantzunak asmatzeko eta arrazoitzeko ere. Orain arte ChatGPT edo Gemini ziren horrelako aplikazio ezagunenak; bada, Deep Seekek erabilera bera du. 

Baina, orduan, zertan dira ezberdinak?

Enpresak adierazi du 5,6 milioi euroko kostua izan duela oinarrizko eredua garatzeak. Hori ia huskeria da AEBetako lehiakideek AA garatzeko erabili dituzten ehunka eta milaka milioien aldean: AAn 200 mila milioi baino gehiago inbertitu ziren iaz AEBetan. 

Nolatan heldu da asteon?

Deep Seekek urte eta erdi dauka. Beñat Erezuma Bilboko Unamuno institutuko teknologia irakaslea gehien txunditu duena azkartasuna da. Nabarmendu du txinatarrak gai izan direla, hilabete gutxian, Open AIk ateratako eredu berri bat hartzeko, atzeranzko ingeniaritza erabiliz aztertzeko, eta ChatGPTk arrazoitzeko erabiltzen duen eredua inplementatzeko. «Hori da harrigarriena, eta askoz ere merkeago eta askoz ere energia gutxiago erabilita egin dutela. Pentsa zenbat ingeniari egongo diren atzean». 

Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako proiektu arduradunak ere antzeko iritzia du: «Alderdi teknikotik nola egin duten? AEBetako enpresa horiek bezain galduta nago. Denok harrapatu gaitu sorpresaz. Oso ondo egin dute. Garapenean eta energia kontsumoan aurreztu dute —hain justu, beste sistemen traba handienetan—». 

Beraz, gardenagoa da behintzat? 

Baietz erantzun du Erezumak. Diseinatu dituzten algoritmoak eta arkitekturak argitaratu dituzte dokumentu batean, beste batzuek horretatik ikasteko eta hobetzeko: «Ez dute soilik pareko eredu bat egin: argitaratu ere egin dute nola egin duten». 

Deep Seek Interneten erabiltzeko, webgunean harpidetu egin behar da, eta sistemak erabiltzailearen datuak, IP helbidea eta teklaz jotzen den guztia —baita haren abiadura ere— bilduko ditu, hurrengo ereduak hobetzeko. 

ChatGPT ordezkatuko du?

Erezumak ez du argi ChatGPTri lekua kenduko dion, baina uste du AA erabiliko duen enpresa orok erraz egingo duela 27 aldiz merkeagoa den zerbitzuaren alde, hots, Deep Seeken alde. Gainera, kode irekikoa da: edozein enpresak zein erabiltzailek dohainik erabil dezake eredurik aurreratuena, ez ChatGPT edo Geminirekin gertatzen den bezala.

Dagoeneko AEBetako doako aplikazio deskargatuena da. AEBetan, Txinan eta beste herrialde batzuetan iPhoneek gehien deskargatu duten doako aplikazioa ere bihurtu da, ChatGPTren aurretik. 

Beraz, Txina eta AEBak lehiatzen ari dira?

Geopolitikarekin ere badu zerikusia: AEBek txip aurreratuei jarritako blokeoak alternatibak garatzera behartu zuen Txina, eta Deep Seek izan du emaitza, beste inork baino azkarrago eta merkeago. Donald Trump AEBetako presidenteak, berriz, esan du albiste ona dela Deep Seeken etorrera, «ez darabilelako hainbeste diru». Erantsi du «ohartarazpena» izan beharko lukeela AEBetako enpresa teknologikoentzat. 

Erezumak azaldu duenez, hainbat sektoretan gertatzen ari den bezala, teknologia enpresetan ere aurretik doaz Txina eta AEBak: «Teknologian, hilabete gutxigatik, baina seguru asko estatubatuarrak aurretik doaz; txinatarrak, ordea, gai dira dena askoz ere merkeago egiteko; beraz, ez dakit benetan zein doan aurretik».

Baina eraginik al du enpresa Txinan sortua izateak?

Alborapenak ditu, adimen artifizialean oinarritutako sistema guztiek bezala. Deep Seeken txatbota, Gemini edo ChatGPT bezala, garatu den herrialdeko balioen mende dago. Kasu honetan Txinan garatu da, eta hango erregulaziora egokitzen da. Adibide bat jartzearren, entzungor egiten die galdera politiko batzuei, hala nola 1989ko Tiananmengo sarraskiari buruzkoei edo Taiwango autonomiari buruzko galderei.

Eta Europan izango al da horrelakorik?

«Ikusteko dago Europak dirua bakarrik ez, jakintza ere AAren norabidean jartzen duen». Europa begirale hutsa dela nabarmendu du Erezumak. 2026ko abuztuan argituko du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako Batasuneko AAren araudia, eta, ordurako Deep Seek zein daturekin entrenatu den zehaztu ezean, ezingo da erabili. ChatGPTrekin gauza bera gertatuko da. 

Euskaraz egiten du?

Codesyntaxeko Fernandezen esanetan, euskaraz «bikain» egiten du: «Orain arte agertu diren ereduen artean, Claude izeneko batek egin du ondoen, eta Deep Seek maila horretara heltzen da. Ez du ergatiboan kalerik egiten; adibidez, ChatGPTri sarri ikusi dizkiogun okerretako bat da hori».

Euskal kulturari buruz, baina, ez daki askorik: «Errenteriako [Gipuzkoa] pertsonaia ezagunena Xabier Lete dela esan dit, eta Lete oiartzuarra zen; halere, abeslariaren deskribapen ona eman dit». Beraz, gauzak asmatzeko gaitasuna baduela azaldu du Fernandezek, baina AA sistema horien erronka dela asmakizun gero eta gutxiago egitea, eta arrazoitzeko gaiago izatea. 

Euskal Herrian badira Latxa eta Llamaeus… 

Proba batzuk egin dituzte, eta, parekatuta, Latxaren gainetik dago Deep Seek: erantzun hobeak ematen ditu matematika arloan, programatzerakoan eta abar. Hori bai, Erezumak ohartarazi du alborapenak ere badituela: «Txinako begirada». «Baloratu behar dugu zer interesatzen zaigun guri euskaldun bezala», egin du gogoeta. «Euskal kulturari buruz badaki? Latxak baino gutxiago, baina Interneten ohiko bilaketak egiten ere badaki, erantzuten ez dakien horri erantzuna emateko». 

Dena dela, kode irekikoa denez, Erezumak uste du aukera egongo litzatekeela Hitz zentroak Latxan edo Oraik Llamaeus-en eredu hau erabiltzeko, eta beraiek euskal kultura txertatzeko eta eredu eratorri bat sortzeko. «Baina energia eta dirua behar da horretarako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.