Decathlon salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, euskararen gaineko araudia urratzea egotzita

Salatu dute Decathlonek «etengabe eta inpunitate osoz» hausten duela euskararen gaineko araubidea; ikusita saltoki handien kateak ez duela deus egiten kexen harira, erabaki dute Kontsumobiden urraketa horren berri ematea.

Decathlonen saltokietako bat, Derion. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Decathlonen saltokietako bat, Derion (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
arantxa iraola
2025eko otsailaren 7a
18:05
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera, Decathlon kirol materialen denda handiak «inpunitate osoz» urratzen ditu euskararen erabileraren gaineko araubideak. Hainbat bezerok adierazi diote Behatokiari horren gainean kezka, eta kexa horien berri eman diote enpresari, baina «muzin egin die» horiek konpontzeko eman zaizkion irizpideei, behin baino gehiagotan. Ondorioz, Behatokiak salaketa bat aurkeztu du Kontsumobiden. Argudiatu du Decathlonek ez dituela «kontuan hartzen» Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saltokietako seinaletikan, errotulazioan eta bestelako informazio euskarrietan euskara txertatzeko ezarrita dauden araudiak.

Behatokiaren arabera, enpresak argudiatu izan du Espainiako araudian ez dela ezartzen hizkuntzaren gaineko irizpiderik, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ezarrita dauden araubideen arabera enpresa pribatuak ez daudela «behartuta» errotulazioan eta seinaletikan euskara txertatzera. Behatokiak zehaztu nahi izan du, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan ezarrita dagoela euskara ere erabili behar dela. Zehazki, bi artikulu aipatu ditu Behatokiak. 79. artikuluan jartzen du kontsumitzaileek eskubidea dutela ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz jasotzeko. 80.2 artikuluan, berriz, zehazten da seinaletikak, oharrek eta informazio publikoak euskaraz eta gaztelaniaz egon behar dutela.

«Onartezina da. Euskaldunen hizkuntza eskubideak eta araudia urratzeaz gain, euskararen normalizazioaren aurkako jarrera argia erakusten du»

AGURNE GAUBEKAHizkuntz Eskubideen Behatokia

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak gogor kritikatu du enpresaren jarrera. «Onartezina da. Euskaldunen hizkuntza eskubideak eta araudia urratzeaz gain, euskararen normalizazioaren aurkako jarrera argia erakusten du». Enpresari eskatu dio neurriak har ditzala hizkuntza eskubideak errespetatzen direla bermatzeko. Erakundeei ere mintzatu zaie Behatokiko ordezkaria: «premiazko» neurriak eskatu dizkie. Izan ere, Gaubekaren arabera, «lausoa eta zehaztasunik gabea» da egungo legeria, batez ere merkataritza gune handietarako. Araubideetan beste urrats bat egin behar dela esan du, eta, besteak beste, eskubideak «garatzeko eta bermatzeko mekanismoak» behar direla. Behatokiaren iritziz, garrantzitsua da araudien bidez «zehapenak» ezartzea ere, arauak betetzen ez dituztenek ondorioak izan ditzaten.

Herritarrei ere mintzatu zaie Behatokia, eta, eremu sozioekonomikoan oraindik ere gabezia handiak daudenez euskararen presentziari dagokionez, esan die hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko arlo horretan. Bestalde, gogora ekarri nahi izan du gai horren oinarrian dagoen egiturazko hutsune bat ere: euskararen erabileraren gaineko irizpideak soil-soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezarrita daude, eta gainerako herrialdeetan horiek gaineko «aipamenik» ere ez da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.