Debekuari muzin eginik, CRACek zezen plazan bukatuko du manifestazioa

Baionako auzapezaren aurkako salaketa Frantziako Estatu Kontseilura eraman du CRAC batzordeak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Zezen plazaren aitzinera joanen gara. Geldiarazten bagaituzte, ageriko da zer gertatuko den», dio, erabaki sendoz, Jean-Pierre Garrigues-ek, CRAC Errotik Zezenketen Aurka Dagoen Batzordeko presidenteak. 14:30ean abiatuko dira gaur Baionako herriko etxe aitzinetik, eta manifestazioa zezen plaza aitzinean bukatzen entseatuko dira. Baionako zezen plazaren 120 urteak eta Frantziako lehen zezenketaren 160 urteak ospatzeko ekitaldiaren aurka antolatu dute protesta. Helmugara heltzen lortuko dutenik, haatik, ez da errana: zezen plazaren inguruan manifestatzea debekatu die Jean Grenet Baionako auzapezak zezenketen aurkakoei.

Uztailaren 23an hartu udal erabakian irakur daitekeenez, zezen plazaren inguruan manifestatzea eta hiri guztian gaindi eskuorriak banatzea debekatu die auzapezak. Debekuaren berri ukan bezain laster, justiziari dei egin zion CRAC batzordeak. Paueko auzitegiak atzera bota zuen, ordea, eskaera. Hori ikusi bezain laster,Frantziako Estatu Kontseilura jo zuen atzo CRAC batzordeak. «Gure bide juridikoari segitzen diogu, zuzenbidea erabiltzen dugu. Espero dugu demokrazia mintzatuko dela, gaur egun zezenketaren diktadura batean garelako».

Paueko auzitegiak, ordea, haien salaketa bidezkotasunik gabekoa zela ondorioztatu zuen atzo. «Prozedura hori ezagutzen ez duen magistratu gazte baten erabakia da... Justiziarekin ez gaude inoiz ezertaz segur. Agertu beharko ez ziren galdera batzuk eman ditu argira», dio Garriguesek. Adibidez, magistratuaren azalpenei segi, udal erabakia ez da soilik CRAC batzordeari zuzendua, eta horregatik ezin izan dute onartu. «Baina denok dakigu udal salaketak ez direla inoiz zehazki egitura edo sektore bati zuzenduak; testu orokorrak dira beti. Dena dela, denontzat argi geratzen da zezenketen aurkakoei begira duela erabakia hartu».

France Bleu Pays Basque irratian, atzo Grenetek esan zuen zezenketaren aldekoen eta aurkakoen arteko buruz burukakoak saihesteko neurria dela, «eztitze sentimendu batek bultzaturikoa». Gehitu zuen udal erabakia bidegabekoa baldin bada moldaketak ekarri eta beste bat hartuko duela. Erabaki berri horri begira, CRAC egiturarekin negoziatu ez izana deitoratu zuen barda Garriguesek.

Donostian ere protesta

Zezenketen aurkako ekitaldi bat egingo dute bihar Donostian. Aurten ez dute zezenik hilko, baina urteetan hildako zezenak adina globo biodegragarri aireratuko dituzte: 700. Elkarretaratzea egingo dute, gainera, udaletxe atarian. Ohartarazi dute atea ez zaiela betiko itxi zezenketei. «Ez dago ziurtatua beste alderdi politiko batek agintea hartzen badu zezenketarik ez egotea». 12:00etarako jarri dute ordua, Alderdi Ederren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.