Baionako herriko etxeko plaza poliziaz betea zen arratserako. Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzera deitua zuen han, 19:00etan, palestinar herriari elkartasuna adierazteko, baina Baionako suprefetak debekatu egin du protesta. Hala ere, dozenaka herritar bertaratu dira, eta manifestaziorako eskubidea aldarrikatu dute.
Jendea plazara iritsi ahala, poliziak identifikatu ditu, eta zeramaten materiala kendu diete, izan Palestinako banderak, izan protestarako prestatua zuten pankarta. Mobilizazioan parte hartzera zetozen guziak plazatik kanporatu dituzte, eta Port-Neuf karrikaren puntan bildu dira. Palestinaren alde, Israelen kontra eta adierazpen askatasunaren defentsan egin dituzte oihuak.
Tarte baten buruan, Baionako karriketan barna abiatu dira manifestazioan. Poliziak ez die jarraitu, eta San Andres plazaraino egin dute ibilbidea, hala nola Israel boikotatu, Palestina askatu oihuen artean. Bukaeran, adierazpenak egin dituzte Kontseilu Sozialistako kideek.
«Estatu sionistak, gerla egoera ezarri zuenetik, 4.000 palestinar inguru hil ditu Gazan. Oinarriak okupazioan eta palestinarren zapalketan dituen Israelgo estatua kriminala da. Frantziako Estatuak, elkartasun adierazpenak kriminalizatuz, Israelgo erregimenarekin kolaboratzen du, oinarrizko eskubide politikoak modu biziki agerikoan urratzeaz gain», adierazi dute.
«Eskuineko alderdi burgesek» Israel zuzenki sostengatzen dute, eta «burgesiaren ezker hegalaren» bakerako eta elkarbizitzarako deiek «zapaltzailearen bakea onartzera» bultzatzen dute, Kontseilu Sozialistaren hitzetan, «Israelgo erregimena zurituz eta zapalkuntza naturalizatuz».
Dominazio eta zapalkuntza guzien aurka, ezinbestekoa zaie «basakeria horren iturrian den kapitalismoaren kontrako indarra nazioartean artikulatzea», «hori baita herri langileen askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte bat eraikitzeko bermea».
Adierazpenak egin dituzte mobilizazio bukaeran, Frantziako Estatuaren debekuak salatu eta mendebaldeko herriek Israeli ematen dioten babesa salatzeko @berriapic.twitter.com/eaZEDyNtVE
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) October 19, 2023