Beste testuinguru batean, beste deitzaile batzuekin, beste lelo batzuekin, baina beti preso eta iheslarien eskubideak gogoan. Urte luzetan, hainbat formatan, euskal herritar askoren eskaeraren lekuko izan dira Gabonen bueltan egindako mobilizazioak. Gorabehera horiekin lotuta, jende gehiago edo gutxiago bildu izan da unean-unean, baina beti atera dira kalera milaka lagun, Espainiako eta Frantziako gobernuei preso eta iheslarien eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko.
Franco hil eta Espainiako Gobernuak 1977an Amnistiaren Legea onartu ondoren, berehala hasi ziren berriz ere Amnistiaren Aldeko Batzordeak preso eta iheslarien alde lanean. Garai mugituak izan ziren eskaera horretan: mobilizazioak herrietan, oldarraldiak, hildakoak...Amnistia osoa zen orduan lelo nagusia, esaterako, 1979ko abenduaren 28an Bilbon egindako manifestazioan bezala. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eskutik, bide horretan jarraitu zuen aldarrikapenak 80ko hamarkadaren zatirik handienean ere, 1989an, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa sakabanatzen hasi ziren arte.
Pixkanaka, errealitate berrira egokituz joan zen mugimendua ere, eta indarra hartzen hasi zen euskal presoak Euskal Herriratzeko eskaera. Dinamika indartsua piztu zen 90eko hamarkadaren erdialdean, plataforma zabalak eratuz lelo horren pean. Egoera politikoa aldatu ahala etorri zen, ordea, gizartean haziz zihoan ilusioaren isla izan zen manifestazioa. Alderdi, sindikatu eta herri eragile ugarik Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu zuten 1998ko irailaren 12an, eta hilabete pasatxora, bat egin zuten Bilboko kaleetan preso eta iheslarien eskubideen alde. Senideak elkarteak deitu zuen martxa hura, eta han izan ziren, esaterako, HBko Arnaldo Otegi, EAko Rafa Larreina, LABeko Rafa Diez eta ELAko Jose Elorrieta, pankarta eramaten. Haien atzetik, EAJko Jose Antonio Rubalkaba eta Gorka Agirre—modu pertsonalean— eta EBko Antton Karrera eta Javier Madrazo, beste askoren artean.
Sakabanaketaren aurkako deia nabarmendu zen urte hartan ere: «Estatuen mendekua» salatu zuen Senideak elkarteak. 20 urte atzera egin zuen Otegik, egoera ordukoarekin alderatuz: «Presoen askatasuna demokraziaren eta amnistiaren gakoan kokatzen dugu orain ere». Rubalkaba jeltzaleak, berriz, hurrengo urtean etor zitekeenaren abisua eman zuen. «Gobernuak ez badu espetxe politika aldatzen, ziurrenik, hurrengo urtean ez da izango Senideak manifestazioaren deitzailea; alderdiak eta herri honetako gehiengoa izango dira hemen egongo direnak».
EAJ ere pankartaren atzean
Eta hala izan zen. 1999ko urtarrilaren 9an, Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zuten alderdiek egin zuten Bilborako deia: EAJk, HBk, EBk, EAk, Zutik-ek, Batzarrek eta ABk. Presoen eskubideen alde lelopean, 100.000 lagun inguru bildu zituzten. Irudi gogoangarriak utzi zituen manifestazio hark, besteak beste, Xabier Arzallus eta Arnaldo Otegi pankarta berari eusten ikustea. Jose Maria Aznar zegoen Espainiako Gobernuaren buru, eta horren ondoren, ehun preso inguru Euskal Herritik gertuko espetxeetara ekarri zituzten.
Elkarrizketa eta konponbide prozesua bertan behera geratu zen, ordea, eta eragina izan zuen horrek ere presoen eskubideen aldeko mobilizazioan. 1999. urtean iraun zuen batasun horrek, adibidez, urte hartan egin ziren mobilizazioetan. Gose greba egin zuten herritar ugarik, eta abenduaren 30ean, esaterako, Iñigo Urkullu eta Joseba Egibar jeltzaleak izan ziren presoak Euskal Herriratzeko eskatzen zuen pankartari heltzen Eusko Legebiltzarraren aurrean. Eta haien atzean, gose grebalariak ur botila banarekin.
Amnistiaren Aldeko Batzordeek deitu zuten, ordea, hilabete eskasera, 2000ko urtarrilaren 22an, egindako manifestaziora. Ezker abertzalearen legez kanporatze urteak zetozen ordurako. 2001eko urrian, Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurka jo zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak; hamahiru lagun atxilotu, eta legez kanpo utzi zuen mugimendua. Ondoren, Senideak eta Gureak elkarteak batuta, Etxerat sortu zuten preso eta iheslarien senide eta lagunek 2001eko otsailean, eta Askatasuna 2001eko abenduan. Aste gutxi batzuk nahikoa izan zituzten azken hori berriz ere legez kanpo uzteko.
Debekutik debekura
Legez kanporatzeek baldintzatuta egin zituzten urte haietan mobilizazioak Etxerat-ek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. 2004ko urtarrilekoa, esaterako. Manifestazio hartako amaierako mezuak ere erakutsi zuen momentuaren gordintasuna: «Konponbiderako, presoekin hitz egitea beharrezkoa izango da, bestela, sufrimendua beste 25 urtez luzatuko da». Tarte horretan, hiru urte inguru iraun zuen Hausnar Prozesua egin zuten EPPK-k eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, kaleko nahiz espetxeetako errealitate berrira egokitzeko.
Ondorengo urteetan ezin izan zuten manifestazio hain jendetsurik egin. Azken negoziazio prozesua bertan behera zegoela zirudien, 2006ko abenduan ETAk Barajasko atentatua egin ondoren. Astebete eskasera, ekitaldira deitu zuten Donostiako Belodromoan, proposamen politiko bat aurkezteko. Hori ere debekatu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Anoeta estadioaren inguruan eserialdia eginez erantzun zuen jendeak. Ertzaintzak itxi zuen Belodromoa, eta Baldintza Demokratikoak Euskal Herriarentzat zioen pankartaren atzean zeudenen aurka egin zuen. Istiluak izan ziren.
Beste hainbeste gertatu zen hurrengo urtean ere. Artzai Onaren katedralean itxialdia egin zuen Etxerat-ek, eta ekitaldia antolatu zuen Jare ekinbideak Donostiako Belodromoan. Hura ere debekatu egin zuten, baina milaka lagun bildu ziren presoen eskubideen alde. Ondoren, istiluak izan ziren Parte Zaharrean.
Urrats «kolosalak»
Pixkanaka, azken haustura gainditzeko aldebakarreko pausoak ematen hasi zen ezker abertzalea, eta horrek isla izan du azken urteetako mobilizazioetan. 2010ean, debekatu egin zuten Etxerat-en deialdia, eta batera erantzun zuten ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ABk. Hurrengo urtean ere mobilizazio babestu zuten guztiek, eta aspaldiko jendetzarik handiena izan zen Bilbon. Legez kanporatzea gainditzeko urratsak egiten ari zen preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendua. Egin Dezagun Urratsa lelotik abiatuta, Egin Dezagun Bidea mugimendua sortu zen ondoren.
Gero eta jende gehiago biltzen ari zen pixkanaka presoen «salbuespen egoerak» gainditzeko aldarria, eta inoiz ez bezalako indarra erakutsi zuten urtarrileko manifestazioetan. «Kolosala izango da», esan zuten antolatzaileek, eta mugarria ezarri zuen 2012ko manifestazioak. «Gobernuei ezinezkoa zaie beste aldera begiratzea», esan zuten amaieran, Parot doktrina indargabetzea, zigorra beteta duten presoak eta gaixo daudenak askatzea, aldarri nagusi hartuta.
Indar horrekin sortu zuten Herrira mugimendua. Filosofia berria ekarri zuen preso eta iheslarien aldeko mugimendura, eta horren isla izan zen iazko manifestazioa ere. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean, dinamika ugari sortu zituen urtean zehar ere, iazko urrian Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak haren aurka egin arte.
Behin-behinean mugimendu haren jarduerak eten egin zituzten, eta debekuak iritsi dira aurten ere. Oinarrizko aldarrikapena, ordea, kalean egongo da beste urte batez.
Euskal presoak. Mobilizazioaren bilakaera
Debekuak, bat egiteak, jendetza
Gabonen inguruan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egin ohi diren mobilizazioek gorabehera ugari jasan dituzte, egoera politikoak baldintzatuta. Azken urteetan indartu egin dira berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu