Tabakoa

Debekua heldu da txoko eta futbol zelaietara

Oraingo araudi lausoa argitu egingo da: erabat galarazia egongo da elkarte gastronomikoetan erretzea. Lokal pribatuetan ere ezingo da erre.

Futbolzale batzuk, zigarreta ahoan dutela. Lege aldaketa onartuz gero, ezingo da erre kirol tokietan. JON URBE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zehaztasunik eza amaitu nahi du Eusko Jaurlaritzak tabakoari dagokionez. Tabernetan erretzea galarazi zutenean, elkarte gastronomikoen egoera airean utzi zuen Jaurlaritzak; araua ez da argia orain, eta, finean, lehen bezala erretzen da elkarte gehienetan. Adikzioen lege berriarekin, guztietan galarazita geratuko da.

ZEIN DIRA DEBEKU BERRIAK?

Tabernetan erretzeko galarazpena izan zen lehen urratsa, orain ia lau urte. Lokal itxiak aipatu zituzten legean. Horrek elkarte gastronomikoei eragiten ote zien, zalantza handia sortu zen, eta Jaurlaritza bera kontraesanetan aritu zen —Rafael Bengoa zen Osasun sailburua—. Jaurlaritzak osatu zuen lege hura, baina txokoen gaian ez zuen ezer zehaztu. Ondorioa: elkarte gehienetan erre egiten dute.

Hori bukatuko da orain. «Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan». Elkarteetan ez debekatzeko argudioa zen lokal pribatuak direla. Orain ez du balioko horrek. Beste leku batzuei eragingo die galarazpenak; gazteen lokalei, esate baterako. Zezen-plazei ere bai, erdi itxitzat hartzen baitituzte.

Kirol eremu guztietara ere iritsi da debekua. Toki itxietan ezin da erre orain —frontoietan—, eta irekietako esparruetan ere debekatuko dute: futbol zelaiak, atletismoko pistak... Eremu guztiak. Ikuskizun publikoetan ere ezingo da erre, nahiz eta aire librean izan, adingabeentzako jarduera bada. Parkeei ere eragingo die horrek.

BADAGO SALBUESPENIK?

Arau orokorra da lokal itxietan ez erretzea, baina salbuespen batzuk aipatu ditu Jaurlaritzak; erretzeko eremu batzuk zehaztu ahalko dituzte, esaterako, kartzeletan, adinekoen egoitzetan, ezinduen zentroetan, buruko gaixotasunak tratatzeko lekuetan eta toxikomanoentzako lekuetan. Arazoren batengatik toki itxi batean egon behar dutenak dira salbuespena.

Mugak: eremuek aireztatuta egon beharko dute, lokalaren %10 baino gehiago ezingo dute hartu, eta adingabeak ezingo dira sartu.

ETA TABAKO ELEKTRONIKOA?

Ohiko zigarretaren parean jarriko dute tabako elektronikoa. Azken urteetan asko zabaldu da, eta ezin du arau zehatzik izan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko arazotzat jo du tabako elektronikoa, esanez gai toxikoak dituela eta minbizia eragin dezakeela. Badaezpadako neurri gisa, Jaurlaritzak debekatu egin zuen zigarreta horiek erabiltzea ikastetxeetan, osasun egoitzetan eta zerbitzu publikoetan. Adikzioen legearekin eman nahi du hurrengo pausoa: ohiko tabakoaren mugak ezarri nahi dizkio.

KALAMU ELKARTEEKIN, ZER?

Eusko Legebiltzarrak urrian eskatu zuen kalamu taldeak arautzeko, ia bi urtez gaia lantalde batean aztertzen aritu eta gero. Klubei «berme eta segurtasun juridikoa» emateko eskatu zion parlamentuak Jaurlaritzari. Esparru orokorra zehaztu du gobernuak lege proiektuan: adingabeek ezin izango dutela sartu, irabazi asmorik ez dutela izan beharko, lankidetzan aritu beharko dutela administrazioarekin... Legea onartu ondoren egingo du erregelamendu zehatzagoa gobernuak. Aldea: txokoetan tabakoa erretzeko galarazpena ekarriko du legeak; kalamu taldeetan, erretzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.