Urdaibaiko Guggenheim

Debate politikoa berotu du Urdaibaiko Guggenheim hozteari buruzko erabakiak

Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko erabakia hauteskundeekin lotuta dagoela, eta, Itxaso Atutxa BBBko lehendakariaren hitzetan, egin beharreko tramiteak egin ahal izateko adostu dute bi urteko etenaldia.

Urdaibaiko irudi bat, Guggenheim museoak hartuko lukeen inguruan. EFE
Inigo Astiz
2024ko urtarrilaren 23a
14:52
Entzun

Biharamun politikoa izan du kultur albisteak. Gaur presazko adierazpen andana piztu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo arratsaldean Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuari buruz iragarritako bi urteko hausnarketa aldiak. EH Bilduk gonbita egin du eskualderako proiektua «demokratikoki» aztertzeko erabil dadin gogoetarako baliatu asmo duten denbora hori, eta Elkarrekin Podemos koalizioak, berriz, beranduenez ere ekainean egin beharko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin lotu du erabakia. Baina ukatu egin dute azken hori hala Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak, nola Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak ere. Atutxak ukatu egin du, are, etenaldia egongo dela ere. «Ez da geldiarazi, ezta hoztu ere». Eta Bizkaiko ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan Bizkaia Elkarrekin koalizioak.

Museoa egiteak Busturialdean izan dezakeen «eragin handia» kontuan harturik, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak hura garatzeko izan duten modua kritikatu du nagusiki Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak. «Ezin dugu egin halako proiektu bat kontsentsurik gabe, orain arte egin den bezala». Horregatik, eskualdearen berezitasun ekologiko, ekonomiko eta sozialak eta bertako eragileen eta herritarren iritzia kontuan hartuko dituen «planteamendu integral» bat eskatu die erakundeei; «inposiziorik gabe».

Hain zuzen, Casanovaren ustez, hainbat herritar proiektuaren kontra egoteak eraman ditu erakundeetako arduradunak jarrera aldatzera. «Erakundeetako arduradunek proiektu honen kontrako mugimendu sakon bat detektatu dute». Horregatik, orain arteko joera «hierarkikoak» zuzentzeko «gonbidapena» egin dio Casanovak EAJ alderdiari. Edonola ere, Casanovak ez du esan proiektuaren aurka dagoenik. «Beti esan dugu definizio handia falta zuela», adierazi du, eta horregatik jokatu dutela «zuhur». Edonola ere, ez du uste «turistifikazioa» denik Busturialderako konponbide bat topatzeko bidea.

EAJren «gainbehera»

Elkarrekin Bizkaia alderdiak eskatu du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak agerraldi bat egin dezala Bizkaiko Batzar Nagusietan, Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruzko «jarrera aldaketa» azaldu dezan. Izan ere, «kontraste handia» ikusten du koalizioak proiektua «estrategikoa» zela esanez egindako iraganeko adierazpenen eta orain hartutako erabakiaren artean. Eneritz Madariaga eledunak zehaztu duenez, jadanik proiektu horretara bideratzekoak ziren diru sailekin zer gertatuko den ere galdetuko diote ahaldun nagusiari. Madariaga kritiko azaldu da, gainera, proiektua atzeratzeko azaldutako motiboekin. Haren hitzetan, etenaldia ez baita etorri motibo ekologikoek eta garapen ekonomiko jasangarriak bultzatuta; «hauteskundeei eta EAJ erakusten ari den gainbehera zantzu argiei lotutako erabakia izan da».

Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin-Podemos-EB taldeko bozeramaileak ere proiektua «antiekologikoa», «jasanezina» eta «absurdoa» zela salatu du sareetan. Albiste ontzat jo du etenaldia, horregatik. «Orain, proiektua behin betiko baztertzea da hartu daitekeen erabaki zuzen bakarra».

Atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak egin bezala, gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere baieztatu egin du proiektua etenaldian sartuko dela hurrengo bi urteetan. Zehaztu duenez, abenduan hartu zuten erabakia, Bilboko Guggenheim museoaren patronatuaren azken batzarrean, eta gezurtatu egin du, horregatik, erabakiak hauteskundeekin inolako loturarik duela.

Tramiteekin jarraitzeko eten bat

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakariak, ordea, proiektuak bere martxan jarraitzen duela adierazi du Radio Euskadiirratian eskainitako elkarrizketa batean. Izan ere, haren hitzetan, museoa eraiki ahal izateko egin behar diren tramitazioak egiteko hartu dute erakundeek bi urteko epea. Azkenean, aitortu du hor dagoela proiektua bertan behera geratzeko aukera, baina baikor azaldu da, halere, ez baitu uste horretarako «traba gaindiezinik» egongo denik. Erabat ukatu du, bestalde, erabaki horrek zerikusirik duela hala hauteskundeekin, nola azken aldian Busturialdean proiektuaren aurka izan diren mobilizazioekin ere.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak antolatu ditu manifestazio horietako batzuk, eta «deigarri» egin zaio Atutxak esandakoa, haien hitzetan ez baitator bat Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek adierazitakoarekin. Edonola ere, plataformak ez du onargarritzat jo bi urteko etenaldia. «Hori ez da nahikoa». Haien hitzetan, egun indarrean dauden legeekin, «legez kanpokoa» da museoa eraikitzeko proiektua, eta, gogorarazi duenez, hainbat helegite ditu martxan, Bizkaiko Aldundiak hura martxan jarri ahal izateko egindako lege aldaketen aurka. Alegazioa aurkeztua dute, esaterako, Mutuetako ontziolarena izandakoan museoa eraikitzeko aukera zabaldu lezakeen lurren kalifikazio aldaketaren aurka.

ELA sindikatuaren hitzetan, mobilizazioen ondorioz atzeratu dute proiektua. «Eusko Jaurlaritzak arrazoia eman die, eta argi geratu da proiektua ez dela eskualdeak behar duena». Bi urteko hausnarketa prozesuan herritarrek parte har dezaten eskatu dute, bestalde, eta «akats larria» iruditzen zaie Urdaibairentzako etorkizuneko proiektua «turistifikazioan» eta «azpiegitura handietan» oinarritzea. Trantsizio ekosozialerako proiektu bat bultzatzeko prest azaldu da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.