2023ko abenduaren 17an Deban (Gipuzkoa) egondako ehiza uxaldi bati buruzko «ikerketa ia bukaturik dauka Ertzaintzak», Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez. Etxean zegoen emakume bat hil zuen kanpotik heldu zen tiro batek. Ertzaintzak identifikatu du zer armarekin eta nork egin zuen tiro, eta, itxura guztien arabera, «ez zen nahita egin, emakumea hiltzeko borondatearekin». 23 ehiztarik parte hartu zuten ehiza uxaldi horretan.
Gainera, El Diario Vasco hedabideak jakinarazi duenez, emakumea hil zuen tiroa ehiza eremutik kanpo egin zuten.
Biktimaren senideek lurrean topatu zuten emakumea, buruan zauri bat zuela; 15:00ak baino lehen deitu zieten larrialdi zerbitzuei, eta haiek Donostia ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk geroago zendu zen, 18:45 aldera. Ertzaintzak zulo bat topatu zuen etxeko leiho batean, kanpotik egindako tiro batek eragindakoa. Ehiztariei istripuaren berri eman zieten ingurura heldu bezain laster, eta deklarazioa hartu, Eibarko polizia etxean. Armak konfiskatu zizkieten, eta alkoholemia probak egin; denek eman zuten negatibo, eta ez zuten inor atxilotu.
Ehiztariak Debako kanpoko aldeko baso batean ari ziren basurde uxaldia egiten, Iztiña aldean. «Uxaldi arrunt bat» zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena zuten, federazioaren bidez eskatua: federazioak eta foru aldundiak hitzarmen bat dute basurdeak eta orkatzak ehizatu ahal izateko, «gainpopulazioa» duten espezieen artean sartzen baitituzte.