Debako ehiztariak baimendutako eremutik kanpo eta herritarren segurtasun eremuaren barruan aritu ziren

Gipuzkoako Foru Aldundiak 22 zehapen espediente zabaldu dizkie emakume baten heriotza eragin zuten uxaldian parte hartu zuten ehiztariei.

Eraikin horretan bizi zen ehiztari baten tiroak jota hil zen emakumea. JUAN HERRERO / EFE
Eraikin horretan bizi zen ehiztari baten tiroak jota hil zen emakumea. JUAN HERRERO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko ekainaren 6a
17:00
Entzun

Iazko abenduaren 17an Deban (Gipuzkoa) 75 urteko emakume baten heriotza eragin zuen basurde uxaldian oinarrizko arauak urratu zituzten. Hala ondorioztatu daiteke Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatuak emandako zehaztasunak ikusita. Ertzaintzaren txostena jaso eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak 22 zehapen espediente zabaldu dizkie parte hartu zuten ehiztariei, ustez arauak hausteagatik: ehiztari guztiei, baimendu gabeko eremu batean uxaldia egiteagatik eta segurtasun eremuaren barruan ehizatzeagatik; uxaldiaren arduradunari eta tiro egin zuten sei ehiztariei, pertsonen osotasuna arriskuan jarriz tiro egiteagatik; arduradunari, uxaldiaren eskaeraren informazioa eta gertatua bat ez etortzeagatik ere; eta ehiztari bati, ehiza kuadrillako kidea izan gabe, gonbidatu gisa parte hartzeko izapidea bete gabe parte hartzeagatik.

Espediente horietako hiru eten egin dituzte, zigor bidetik izapidetzen jarraitu baitute. Ertzaintzak identifikatu zuen zein ehiztarik egin zuen emakumearen heriotza eragin zuen tiroa. Espedienteak alegazioak aurkeztu ahal izateko fasean daude gaur egun. Arau haustea arina bada, 50 eta 500 euro arteko isuna jaso dezakete; larria bada, 501 eta 2.000 euro artekoa, eta ehizan aritzeko debekua, urtebete eta hiru urte artekoa; eta oso larria bada, 2.001 eta 6.000 euro artekoa, eta hiru eta bost urte arteko debekua.

Beraz, ehiztariek uxaldia egiteko baimena leku baterako eskatu zuten, eta, gero, beste batean ere ehizatzen aritu ziren. Gainera, berez herritarrak babesteko behar den segurtasun eremuan ere ehizan aritu ziren. Ehiztari batek egindako tiroa inguruko eraikin bateko leihotik sartu zen, eta etxean zegoen emakumea hil zuen. Miren Etxebestek, Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, auzitan jarri du ea Deban gertatutakoa «istriputzat» har daitekeen. «Beste kalifikazio bat beharko luke». Etxebestek ez du zehaztu zein.

Arrutik azalpenak eman ditu gaur, Batzar Nagusietan. Zehaztu du egun horretan basurde uxaldia egin zuten ehiztarien kuadrillak, 42.ak, Istiña ehiza lekuan egiteko baimena eskatu zuela, eta hala baimendu ziotela: «Baina Maxpe 27ren [emakumea bizi zen eraikinaren kalea eta zenbakia] gainean dagoen Errekalde mendiaren magalean aritu ziren». Ertzaintzarekin eta Gipuzkoako Ehiza Federazioarekin elkarlanean aritu dira egun hartan gertatu zena argitzeko.

49 kuadrilla, 1.771 ehiztari

Gipuzkoan 49 kuadrilla aritzen dira ehiza larrian, basurdeak eta orkatzak ehizatzen, baimenarekin: 33 kuadrilla eta 1.468 ehiztari basurdetan eta hamasei kuadrilla eta 303 ehiztari orkatzetan. Kuadrilla bakoitzak ehiza leku batzuk ditu ehizarako. Hor bakarrik aritu daitezke ehizan. Leku horiek zehaztuta eta kartografiatuta daude. «Segurtasuna izaten da irizpide nagusietako bat horiek egiteko», Arrutiren esanetan. Gipuzkoan hamabi ehiza eremu daude, eta eremu horietako bakoitzean zenbait ehiza leku daude. Eremuak 2004an izendatu zituzten, eta 2015ean eguneratu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat du Gipuzkoako Ehiza Federazioarekin, eta 2019an federazioaren esku utzi zuen hamabi eremu horien kudeaketa. «Kudeaketa uzten zaio, ez antolamendua edo planifikazioa; hori aldundiari dagokio», zehaztu nahi izan du Arrutik.

Ehizarako kuadrillek bi urrats bete behar izaten dituzte. Alde batetik, federazioak denboraldi osorako baimena ematen die. Zehaztu behar izaten dituzte arduradunaren izena, ehizarako lekuak, baimendutako ehiztarien zerrenda, betebeharrak... Bestetik, uxaldi bat egin aurretik, izena eman behar izaten dute foru aldundiaren erregistro batean, eta zehaztu kuadrilla, ehiza lekua, eguna eta ordua, arduradunaren izena... Bigarren urratsa egunean bertan egiten dute. Debako uxaldirako, esaterako, abenduaren 17ko 12:23an eman zuten izena.

Goizean bertan

Arrutik onartu du ez dela aditua, ezta ehiztaria ere, baina azaldu du basurdea batetik bestera ibiltzen dela, eta uxaldi egunaren goizean bertan jakiten dela zer lekutan dauden. «Goiz horretan bertan ikusten dute basurdeak non dabiltzan, eta orduan eskatzen dute baimena leku horretan uxaldia egiteko. Hala behar du, zehaztasuna horrek ematen du».

Hurrengo ehiza denboraldiari begira, Gipuzkoako Foru Aldundiak hobetu egingo du ehiza eta arrantza aplikazioa. Erakundearen webgunean eskura daiteke, eta haren bidez egunero egiten diren uxaldiak ikus daitezke. Baita uxalekuen mugak ere. «Edozein herritarrek, edozein irregulartasunen edo zalantzaren aurrean, salaketa jarri edo abisua eman dezake, aplikazio horretan jarritako telefonora deituz», esan du Arrutik. Erakundeak informazio saioak egingo ditu Gipuzkoako ehiza kuadrilla guztiekin, ehiza protokoloa gogorarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.